Tolosako Sanjoanak 2020

Suak hartu zuen plaza

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ekainaren 24a

Urtero bezala, San Joan sua piztu zuten, atzo, Tolosako Andre Mari plazan. Aurten, ordea, ez da ez jauzirik, ez dantza emanaldirik, ez musika bandarik, ezta abesbatzarik izan.

Ezohikoa, bitxia eta motza. Horrelakoa izan zen, atzo, Andre Maria plazan egindako ekitaldia. Inoiz ez zen halakorik ikusi. Kazetari eta udal langileez gain, plazan ez zegoen inor gehiago. Hutsik zegoen, eta erdian, sua. Herritar gutxi batzuk, berriz, balkoietatik su hari begira. Eta minutu gutxiren buruan, akabo. Sua itzali zen, datorren urtera arte.

22:00etan puntuan hasi ziren Garikanotarrak kanpaiak jotzen, eta une berean piztu zuten Tolosako Brigadakoek sua. Gero, Udal Txistulari Bandaren txanda izan zen, beraiek jo baitzuten San Joan zortzikoa, eta ez musika bandak. Azkenik, Olatz Peon alkateak, lore sorta bota zuen sutara, “errituen sokan, suak, gaitzak eta larriak eraman zitzan”. Alkatearekin batera, plazan izan zen ere Andu Martinez de Rituerto oposizioko kidea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!