Ostalaritzari bultzada

Tolosaldeko Ataria 2020ko eka. 24a, 11:57

Komertzioari bultzada ematea izan du helburu Suspertu Tolosa kanpainaren lehen faseak; balantze baikorra egin dute udaletik, eta bigarren fasean ostalaritzari laguntzeko bonuak jarriko dituzte. 

Suspertu Tolosa kanpainaren lehen fasea amaitutzat eman du Tolosako Udalak. Tolosako komertzioari bultzada ematea izan da helburua, eta udala gustura dago izan duen erantzunarekin. Bada, bigarren fasea ere martxan jarri du, eta oraingo honetan ostalaritza sustatzea izango da xedea.


Hilabete baino gehiago iraun du komertziora bideratutako  bonuen kanpainak, eta Tolosako Udaletik balantze baikorra egin dute. Orotara, 151 saltokik parte hartu dute. Hiru asteko epean 4.600 bonu baino gehiago saldu ziren internet bidez. Saldu ez zirenak dendetan eskaintzeko aukera ere ahalbidetu zen, eta beste bi asteren ondoren, 6.634-ra igo da saldutako bonuen kopurua, 75.535 euroko laguntza emanez. Gauzak horrela, 226.605 euroko inpaktu ekonomikoa eragin duela herriko komertzioen bueltan kanpainaren lehen fase honek adierazi du udalak.


Udalaren esanetan, erantzuna «paregabea» izan da. «Parte hartze datuak bikainak izan dira, komertziante zein herritarrei dagokienez». Hala, udalak herritarrek azaldu duten «konpromisoa» eskertu du. «Eskertzekoa da, izan ere, kanpainan parte hartuz saltokiak laguntzeaz gain, herria bera biziberritzen lagundu duelako ekimenak», azpimarratu dute udaletik.


Bigarrenean, ostalaritza


Suspertu Tolosa proiektua bigarren fasean murgilduta dago, eta kasu honetan, ostalaritza sektorea laguntzea izango du helburu. Hala, jatetxe, taberna eta kafetegietarako 30 euroko salneurria, baina guztira 45 euroko balioa duten bonu-orriak jarriko dira salgai, uztailaren 11tik aurrera. Bonu-orri bakoitzak bost euroko bosna bonu, eta hamar euroko bina izango ditu. Bonu-orriak establezimenduan bertan erosi eta soilik bertan erabili ahal izango direla azaldu dute.


Kanpainan parte hartu nahi duten ostalariek izena eman behar dute, eta etzi, ekainaren 26a izango da azken eguna. Horretarako, udalean elektronikoki erregistratu beharko dute dokumentazioa. Informazio gehiagorako www.suspertutolosa.eus webgunea bisita daiteke, eta zalantzak argitzeko, merkataritza@tolosa.eus helbidera idatzi edo 
943 69 74 54 zenbakira ere deitu ahal izango dela (10:00etatik 13:00etara) esan dute udaletik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!