Tolosako Sanjoanak 2020

Iraolaneko sustraietatik eguzkiaren hegaletara

Felix Aiestaran Arozena 2020ko ekainaren 23a

Eguzkiaren berotasunak basoa besarkatzen duenean, orbela azpian zuhaitz bakoitzaren sustraiak lur azpiko elikagaia, kimatu berria izan den azken hosto berde xamurren ertzetaraino banatzean, Urkizu gaineko Iraola basoan Migel Zeberioren eskutik, Et Incarnatus orkestraren musikak agurtzen du eguzkiaren urteroko etorrera.

Iluntzerako leuntzear den eguzkiaren berotasunaz Iraolaeneko Basoa udako bizitza leherketa bizia, musikaren festa basoko zuhaitz bakoitzaren sustraietatik, adarrez-adar ilunabar epeleko eguzkiaren hegaletaraino zabaltzen da, harizko musika tresnen dardaraz, haize tresnen bulkadaz edo ahots doinu abegikorren besarkadaz.


Basoaren babesean euskal sustraietan abiatutako doinuetatik mundu osoko musikaren haritik bidaiatzeko gonbitea luzatzen digute, urtero Iraolaenean elkartzen diren lagunoi. Garai goibel eta arre hauetan, kultura basoa sustrai eta eguzkiaren berotasunetik elikatzen den heinean euskal kultura ere garatu ahal izan dadin, sormena, musika, eguneroko lana eta lagunartekotasunaren babesleku bihurtzen da Iraolaenea.


Et Incarnatus Orkestrak eguzki doinuaren epeltasunaz ferekatzen du  Iraolaeneko Basoko zuhaitzen hosto arteko argi zipriztinen dantza. Naturaren sustraietako suaren doinu, ortziko eguzkiak besarkatzen duenean, Solstizio garaiko ur eta suak gaitzak uxatu eta gure barne izaera indarberritzeko baliatzen dugun modura, basoan gertatzen den urteroko musika leherketaren mirariaz gure arimak doinu kimuez bizteko aukera eskuzabala izatea eskertzen dugu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!