Elkarlanean aritzeko aukerarik eman ez izana salatu dute

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ekainaren 22a

Tolosako EH Bilduk udal gobernuari adierazi dio elkarlanerako trabak izan dituztela azken boladan; «proposamen landuak egin dizkiogu, baina beste behin ere, aldebakartasunez aritu da».

Itxialdia hasi zela hiru hilabete bete direnean, eta egoera apur bat lasaitu denean, epe horretan udalean egin duten lanaren laburpena egin dute Tolosako Udaleko oposizioko zinegotziek. «Sentsazio gazi-gozoa dugu. Proposamen eraginkorrak egin ditugu, baina asko erantzunik gabe geratu dira. Udal talde bezala, zuhurtziaz jokatzen saiatu gara, jarrera eraikitzailearekin, askotan ados egon ez arren. Udal gobernuak, ordea, ez digu elkarlanerako aukerarik eman».

Kontuak kontu, barrura begirako lanetan zentratu direla aitortu du Andu Martinez de Rituertok. «Beti egon gara proposamenak egiteko, entzuteko nahiz lantzeko prest, horrelako egoera batean ezinbestekoa baita hori».

Proposamenak egiten zizkieten bakoitzean, «horretan ari gara lanean» erantzuten zietela adierazi dute. «Ez dugu proposamen horien inguruan bilerarik egiteko aukerarik izan. Behintzat, aukerak eman zitzatela horiek azaldu eta entzuteko». Gainera, udal gobernuak hartutako zenbait neurri eta erabakien berri herritarrek izan duten une eta modu berean izan dutela ere aitortu dute. «Webgunean zintzilikatu diren une berean bidali dizkigute. Horrelakoetan, baina, udaleko alderdi guztien artean eztabaidarako tarte bat egon beharko litzateke».

COVID-19ren pandemiak osasun egoeran ondorio latzak sortzeaz gain, alor sozial zein ekonomikoan ere kalte handiak eragin ditu. Hori dela eta, Tolosako EH Bilduk, osasun krisiaren ondorioei aurre egiteko proposamenak dokumentu batean aurkeztu zizkion udal gobernuari, maiatzeko lehen astean. «Egoera zaurgarrienean gelditu diren herritarrei oinarrizko laguntzak bermatzea, tokiko ekonomiaren sektore ezberdinei babesa eta laguntza ematea eta krisiaren beste alderdiak kontuan hartzea ziren proposamenaren helburu nagusiak. Hala ere, ez genuen erantzunik jaso. Publiko ere egin genuen, krisi honetatik ahalik eta ondoen irteteko denon elkarlana ezinbestekoa dela sinetsita».

KOORDINAZIO SAREA

Itxialdiko lehen asteburuan, herri askotan sare solidarioak martxan zeudela ikusita, adinekoei erosketak egiteko protokolo proposamena landu zutela ere adierazi dute EH Bilduko zinegotziek. «Premia handia zegoela ikusirik, herriko boluntarioekin partekatu genuen. Jarraipen batzordearen lehen bileran, protokoloa aurkeztu eta koordinazio sare bat eratzearen beharra azpimarratu genuen, metodologia bat ere proposatuz, antolaketa, beharrak, lanak eta neurriak jasotzen zituena», azaldu zuen Xabier Martinez zinegotziak.

AZOKA

Martxoaren 21ean azoka egitekotan zen udala. «Egun batzuk lehenago, bertan behera uztea erabaki zuen. Azokak bere horretan egitea posible ez zela ikusita, bertako produktuak modu seguruan saldu ahal izateko hainbat proposamen aurkeztu genituen, besteak beste, Zerkausian salmenta puntu berezia jartzea, pilotalekuan banatze eta jasotze puntuak finkatzea, etxez etxeko zerbitzua antolatzea nahiz herriko dendetan saltzeko aukera ezartzea. Horiek aurrera eramateko, boluntario taldearen laguntza zuen udal gobernuak, baina ez zuen aukera baliatu nahi izan», nabarmendu zuen Martinezek.

Proposamen horiei «muzin» egin ziela gaineratu zuen: «Izan duen jarrera ezkorraren adibide garbia da. Itxialdia hasi eta 33 egun behar izan zituen azoka egiteko. Azokak ez egiteko, Madrildik ezarritako debeku batean oinarritu ziren, baina debeku hori hiru egunez soilik egon zen indarrean».

IURREAMENDI

Zaintzari dagokionez, ez dute Iurreamendi albo batera utzi, eta gogorarazi dute, COVID-19ak egoitzan sortutako kalteei irtenbidea emateko proposamena erregistratu zutela udalean, apirilaren 10ean. «Egoiliar eta langile guztiei testak egitea edota kasu negatiboak beste eraikinetara lekualdatzea bezalako neurriak jasotzen ziren».

EROSKETA-BONUAK

Merkataritzari eta zerbitzuei laguntzeko, apirilaren 16an, udaletik bultzatu eta herritarren parte hartzearekin aurrera eramateko erosketa-bonuak ateratzeko proposamena ere egin zuten. «Hau izan da udalak aurrera eraman duen proposamen bakarrenetarikoa», esan zuen Martinezek. «Gure ideiak, baina, aldaketa sakonak jasan ditu», gaineratu du. «Guretzat garrantzi berezia zuen saltokiek ateak itxita zituzten bitartean, bonuak martxan jartzea, herritarron elkartasuna eta babesa nabarmenago islatuko zelako. Hala ere, maiatzera arte ez ziren martxan jarri».

MUGIKORTASUNA

Maiatzaren 12an, pertsonen arteko distantziak hobeto zaintzeko eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko proposamena egin zutela adierazi zuen Martinez de Rituertok. «Irteera mugatua ezarri zenean, jende pilaketengatik, errepidera ateratzea behartzen zuten zenbait puntu arriskutsu antzeman genituen herrian: Olarraingo zubia, Ibaiondo kalea (biala) eta Belateko pasealekuko espaloi eta bide gorriaren estugunea. Gutxienez, asteburuetan gune horiek zaintzea eskatzen genuen. Mugikortasun sailean landuko zutela esan ziguten, eta oraindik ez dugu erantzunik jaso».

Bitartean, oinezkoek kaleak hartu eta mugikortasuna gizatiarragoa izan dadin, gaineratu zuen bozeramaile bileretan hainbat proposamen egin dituztela. «Hala nola, hainbat egunez Zumardi Txikia herritarron gozamenerako berreskuratzea, Zerkausi gaineko terraza irekitzea, erdigune osoan autoen gehienezko abiadura 20 kilometro orduko abiadurara jaistea edota Rondilla kalea asteburuetan garraio publikoa eta bertakoentzat bakarrik erabilgarri uzteko proba egitea».

SANJOANAK

Hilaren 12an San Joan jaiak bertan behera gelditzen zirela adierazi zuen udalak. «Erabaki hori hartzeko bidea ere maldan gorakoa izan da», aitortu zuen Aitzol Gartziak. «Esan digutenez, azken unera arte festak egiteko asmoarekin egon da udala. Guk festetako eragileek egindako lana nabarmendu nahi dugu, alternatiba bat bilatu nahian ibili direlako. Beraz, atzera pausoa eman du udalak».

Jaien inguruko lanketa ere «errena» izan dela uste du EH Bilduk. «Bi bilera besterik ez ditugu egin, eta bezperan, udal teknikari baten eskutik prentsaurrekora joateko gonbita jaso bagenuen ere, oraindik ez genuen behin betiko egitaraurik eskuartean; ez genekien zer plazaratuko zen ere. Beraz, beste behin ere, aldebakartasunez aritu da udal gobernua».

AURREKONTUA BIRMOLDATZEA

Krisi egoerak udalaren aurrekontuak birmoldatzea behartu du, bereziki, Udalak Finantzazeko Foru Funtsetik ia 3 milioi euro gutxiago jasoko direlako, baina baita udal tasa eta zerga bilketa jaitsiko delako ere. Ia 3.500.000 euroko murrizketa jasango du, hasierako aurrekontuaren ia %12,7. «Udal gobernuak aurkeztutako birmoldaketak, ordea, ez du norabide zehatzik erakusten. Ez dute murrizketa hauen inguruko hausnarketarik egin», adierazi zuen Aitana Amondarainek.

Amondarainen hitzetan, «aurrekontuak tresna teknikoak izateaz gain, tresna politikoak ere badira eta proposatzen diren proiektuak bildu beharko lituzkete, herriarekiko hartutako konpromisoak. Modu berean, birmoldaketa honek ere udalak krisi honen ondorioei aurre egiteko estrategia erakutsi beharko luke. Gaurkoz, halabeharrez bertan behera gelditu diren partidak izozteko asmoa besterik ez du adierazi. Egungo errealitateak erakutsi digu kudeaketa eredu on batek etorkizuneko balizko erronkei aurre hartzea eskatzen duela, eta oraingoz, udalaren aldetik, aurreikuspen gutxi ikusten dugu».

ELKARLANERAKO PREST

Bukatzeko, elkarlanerako borondate osoa azaldu zuten oposizioko zinegotziek. Besteak beste, horregatik hartu dute parte Tolosako Udalak martxan jarri duen Tolosatzen parte hartze prozesuan. «Udala osatzen dugunon elkarlanean ez ezik, herritarrokin etengabeko elkarrizketan dagoen udalgintza babesten dugulako, herrigintzan sinesten dugulako; eta irmoki sinisten dugu gobernantza partehartzailean» argudiatu zuen Martinez de Rituertok. "Krisi honek agerian jarri du elkarlana eta komunitatearen garrantzia. Hortaz, gobernuak, beti, kontuan hartu beharko luke herritarron iritzia, teknikariena, zein oposizioan gauden alderdiona».

Parte hartzea egiazkoa izan dadin, esparru guztietan eman beharko litzatekeela gaineratu zuen. «Erronka oso potoloak ditugu aurrean, eta hauei aurre egiteko, eta inor atzean utziko ez duen jendarte justuagoa eta jasangarriagoa lortzeko bidea, denok elkarrekin egin behar dugu. Elkartasun baloreak lehenestuz eta komunitate izaera indartuz egin behar dugu aurrera».

Hori dela eta, azkenik, esker mezuak eman nahi izan zizkieten zenbait talde eta eragileei. Batetik, Auzolanean Tolosa taldeari eta Tolosaldeko Asanblada Feministari, «zaintzaren esparruan egindako lanagatik». Bestetik, osasun zentroetako, etxez etxeko zerbitzuko eta Asuncion Klinikako langileei, Babes Zibilari, DYA-ri, Gurutze Gorriari, eta Peñaskal, Adinkide eta Zutani erakundeei nahiz beraiekin lanean aritu diren udaleko Gizarte Zerbitzuko eta Berdintasun Saileko langileak ere eskertu zituzten. «Gainerako udal langileei ere, eskerrik beroenak, baita era batera edo bestera, krisi hau leunagoa egiten lagundu duzuen herritar anonimo guztiei».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!