Gipuzkoako 27 sagardogile lehiatu dira XIX. edizio honetan eta iaz bezala, aurten ere, lortutako puntuazioaren arabera hiru kategoriatan banatu dira sagardoak: urrea eman zaie 72 puntutik gora lortu duten sagardoei, zilarra 65 eta 72 puntu artean lortu dutenei, eta brontzea 60 eta 65 puntu artekoei. Urrea eman zaien sagardotegien artean daude Tolosako Isastegi eta Adunako Aburuza. 72 puntutik gora lortu dituzte, baita Itxasburu, Gartziategi, Akarregi, Urdaira, Zapiain, Izeta, Altzueta, Lizeaga eta Zelaia ere.
Urre kategoria lortu duten sagardoen artean bigarren dastatze-fase bat egin eta txapelduna aukeratu da: Astigarragako Zapiain. Epaimahaiak sagardoetxe honek egiten duen sagardoaren kalitate analitiko eta organoleptikoa azpimarratu ditu. Bide batez, saritu guztiek euren botiletan, datorren urte osoan, zigilu bat eramateko aukera izango dute, urrezko, zilarrezko eta brontzezko sailkapena erakutsiko duena.
Urtero bezala, Zizurkilgo Fraisoro Laborategiko dastatzaileek osatutako epaimahaiak egin du sagardoen lehen aukeraketa, eta haiek izan dira lehen sailkapenean urrea, zilarra eta brontzea banatzeko arduradunak. Aurrez, aurkeztutako sagardo guztiei egin zaie analisi fisiko-kimikoa, dastatze organoleptiko fasera pasatzeko proba hau gainditzea ezinbesteko baldintza baita. Urreen artean txapelduna aukeratzeko azken fasean, aldiz, sagardotegiek proposatutako hiru pertsonek osatu dute epaimahaia: Mikel Rodriguez, Andoni Eizmendik eta Mikel Garaizabalek, Fraisoroko dasta-paneleko hiru dastatzaileekin batera.
3,2 milioi litro Euskal Sagardo
Sari banaketan 2019ko kanpainako datuak ezagutarazi ditu Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri-deiturako koordinatzaileak. Jakinarazi duenez, uzta handia izan da kopuruan, guztira 3,2 milioi litro Euskal Sagardo ekoiztu dira bertako 5,5 milioi kilo sagarrekin. “Sagardo lurrintsu eta orekatuak lortu dira, aurreko uztakoekin alderatuta arinagoak ahoan eta alkohol graduazio baxuagokoak orokorrean”.
Agirrek gaineratu du jatorri deitura urte askotako lanaren emaitza eta etorkizuneko apustua dela, sagarraren eta sagardoaren sektoreak eta erakunde publikoek elkarlanean egina. Aurten, berrikuntza gisa, Euskal Sagardoaren lehen katalogoa argitaratu da eta xehetasunez, sagardotegiek aurkezten dituzten Euskal Sagardo guztiak biltzen dira bertan, gainerako oinarrizko informazioarekin batera. Katalogo bizia da, beraz, urtez urte eta uztaz uzta aldatzen joango dena.
Ekitaldia: