Udako ikastaroen eskaintza egin dute Usabal kiroldegian

Ataria 2020ko ekainaren 18a

Uztaila hasieratik abuztua amaiera bitartean lau hamabostaldi antolatu dituzte; dagoeneko izena eman daiteke kiroldegian.

Adin guztietako kirolzaleentzat antolatu dituzte ikastaroak Tolosako Usabal kiroldegian eta COVID-19ari buruzko segurtasun neurriak bete beharko dituzte parte hartzaileek. Saiora joan aurretik etxean sukarra hartzea derrigorrezkoa izango da, ikasleak ikastarora maskara jarrita iritsi beharko dira eta saioa hasi aurretik hidrogelez eskuak garbitu beharko dituzte. Saioaren azken bost minutuak materiala desinfektatzeko erabiliko dituzte.

Lau hamabostaldi antolatu dituzte ikastaroetarako: uztailaren 1etik 14ra; uztailaren 15etik 29ra; abuztuaren 3tik 14ra; eta abuztuaren 17tik 28ra. Izen emateak Usabal kiroldegian bertan egin beharko dira eta bazkideek, www.usabalkiroldegia.com helbidean, Facebooken edota 943 53 64 00 telefonoan egin ahal izango dituzte matrikulak. Dagoeneko zabaldu dute epea.

6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat kirol ludoteka, dantza eskola, eskalatzea, padel eskola eta tenisa eskainiko dituzte; 13 eta 17 urte arteko nerabe eta gazteek, multi ekintzak izango dituzte aukeran, baita cardio-fit, kfit, eskalatzea eta shuffle dance saioa ere. 18 urtetik gorako helduentzat, berriz, eskaintza zabala prestatu dute: zumba, pilates, aquafitnes eta cycling-a, besteak beste.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!