Koronabirusa

Kezkak

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Irurzun 2020ko ekainaren 20a

Ez dakit nondik hasi. Iritzi artikulua idaztea ez da lan erraza egunero iritziz bizpahiru aldiz aldatzen ari naizen honetan. Atzoko kafe makinako eztabaidan ados egon nintekeen zurekin eta gaur, guztiz kontrakoa esango dizut: gorabehera eta kezkak leku eta momentu oro.

Amaitu da kurtsoa milaka ikaslerentzat eta hasi da irakasleen buruko min garaia. Pandemia hasi zenetik, Hezkuntza sailak ez dit inolako segurtasunik eman. Horrelako egoera batean gidaritza eskertuko luketen zentroen esku utzi dituzte milaka erabaki. Gainera, kezkatzeko modukoa da oraindik irailera begira segurtasun planik ez dagoela jakitea. Argi dago ez zaiela behar beste arduratzen Hezkuntza, oraindik ez badute plangintzarik osatu ikasle eta irakasleen ongizatea bermatzeko.

Pandemia hasi zenetik,  Hezkuntza  sailak ez dit inolako  segurtasunik eman

Kezkak alboratze aldera telebista piztea erabaki eta hara, ardoa sustatzeko marka berri bat sortu omen dute. Horraino ondo. Izena: Basque Wine. «Nazioartean Euskadirekin identifikatuta egoteko moduko aterki bat» izango omen da. Euskara kolpatzen duen izurriterako beste brote berri bat. Nik ez dakit horrelako ile hartzeak noiz arte pairatu beharko ditugun. Zaindu dezagun euskara, please. 

Luze aritu ninteke horrela, nire zalantza eta beldurrak azalduz, baina beno, hemen gaurkoz azkena. Tolosan jartzen badugu kezka fokua, bada arduratzen nauen gai bat. Harrigarria iruditzen zait herriko kultur eragile eta kirol taldeek euren jarduna ekiteko planik ez izatea. Laguntzarik jaso ez, protokolo eta segurtasun estrategia posibleak proposatzen ari direnak taldeak eurak dira. Badirudi batzuk eskuak garbitzeko ohiturari etekina atera nahi diotela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!