Tolosako Sanjoanak 2020

Zuhurtzia eskatu dute, kuadrillen topaketak direla eta

Ataria 2020ko ekainaren 18a

Aurten ez da Tolosako San Joan jaietako Kuadrilla Egunik ospatuko, baina herriko kuadrilla asko elkartuko direla aurreikusten da, eta hori dela eta Tolosako Udalak eta hainbat ostalarik zuhurtzia eskatu dute. «Argia ikusten hasiak bagara ere, arduraz eta zuhurtziaz jokatzen jarraitzea ezinbestekoa da gu guztion segurtasuna eta osasuna bermatzeko».

«Kuadrilla Eguna ez da egingo, antolatzaileek, udalaren babes osoarekin, hala erabakita, herritar guztion osasuna bermatzeko. Hortaz, larunbatean ez da festarik izango, arduragabekeria izango litzatekeelako milaka eta milaka tolosar kalean elkartzea». Kuadrillen topaketak ekiditea ezinezkoa dela esan dute eta kezka azaldu dute eta herritarrei erantzunkidetasunez jokatzeko eskatu. «Larunbatean hainbatek bazkariak egingo dituztela jakinda, udalak neurri bereziak hartuko ditu eta plazak bereziki zaindu. Ostalariek ere jarduera aurrera eramateko orain arteko segurtasun eta prebentzio neurriak bete beharko dituzte eta ohiko ordutegia izango dute larunbatean ez delako festarik izango».

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!