Herriko ur saneamendu sarea hobetzeko lanetan ari dira

Tolosaldeko Ataria 2020ko eka. 18a, 09:21

12 asteko iraupena izango dute San Frantzisko pasealekuko eta Gernikako Arbolako obrek; udazkenean ekingo diote azken horren urbanizazio proiektuaren bigarren faseari.

Farolak kenduta, zulo nabarmenak lurzoruan eta makinak aurrera eta atzera. Hori da azken asteetan Tolosako erdigunean ikusten den irudia. Izan ere Ur Kontsortzioak saneamendu sarea berritzeko lanak abiatu zituen, pasa den ekainaren 1ean, Gernikako arbolan San Joan eta Batxiller Zaldibia kaleen artean eta San Frantzisko pasealekuan San Frantzisko eliza eta Fronton kafetegia bitarteko zuhaitzen arteko eremuan. Azken horretan, bidegorria eta oinezkoen pasealekuko artxibo aurreko eremua mantendu dituzte.


Ur zikinak eta euri urak bereizteko lanak egiten ari dira. Bi eremuetan ere, lantalde desberdina ari da. Obrak 12 asteko iraupena izatea aurreikusten zenez beti ere, eguraldiak lagunduz gero, ia irailera bitarte iraungo dute. Fase ezberdinak izango dituzte lanek, eta horietako bakoitzean sor daitezkeen trafiko desbideraketak edota bestelako aldaketak aldez aurretik jakinaraziko zaizkie herritarrei.

GELTOKIA, LEKUZ ALDATUTA

Saneamendu lanak direla eta, pasa den asteaz geroztik eta lanek irauten duten bitartean, zerbitzutik kanpo dago San Frantzisko eliza pareko autobus geltokia. Aurrerantzean, Rondilla kalean hartu ahalko da autobusa, Eduardo Mokoroa Musika Eskolaren aurrean.

GERNIKAKO ARBOLAREN URBANIZAZIO PROIEKTUA

Behin lan horiek amaituta ekin ahal izango dio udalak Tolosako txoko gehiago itxuraldatu eta herria irisgarriago bilakatzeari. Udazkenean, Gernikako Arbolaren urbanizazio proiektuari buruzko bigarren fasea aurkeztuko die bertako bizilagun, merkatari zein herritar orori. Horretarako, bilera bat deituko da. Aukera ezberdinak herritarrekin partekatu ziren partaidetza prozesu batean eta landutako hiru proposamenetatik, bigarrena da gauzatuko dena, beti ere lehentasuna oinezkoei emanda. Aurkezpen horretan, gainera, obrei hasiera noiz emango zaien, zein iraupena izango duten eta lanak zein fasetan gauzatuko diren azalduko da.

Bertako irisgarritasun arazoei konponbidea ematea da proiektuaren helburua, mugikortasuna eta genero ikuspegiari lotutako segurtasuna ere hobetuz. Oinezkoari lehentasuna emango zaio eta herritarrek paseatzeko espazio gehiago eta irisgarriagoa izango dute. Espaloiak zabaldu eta bidearen maila berean jarriko dira, abiadura moteltzeko aglomeratu inprimatua erabiliko da, noranzko bakarra izango du zirkulazioak eta 14 aparkaleku mantenduko dira.



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!