Ane Insausti izango da Mubil zentroko zuzendaria

Tolosaldeko Ataria 2020ko eka. 18a, 09:12
Insausti, ezkerrean

Mubil Fundazioaren patronatuak onespena eman dio Ane Insausti ingeniari donostiarrari, Gipuzkoako Elektromugikortasun Zentroko zuzendari izendatzeko; bera arduratuko da, beraz, datozen hilabeteetan Tolosako Usabal industrialdeko behin-behineko egoitza abian jartzeaz.

Guztira 2.370 metro karratu ditu espazio horrek eta, beheko solairuaz gain, bi solairu ditu. «Esperientzia handia du ingeniaritzan eta proiektuen kudeaketaren alorrean nazioartean. Erantzukizun oso garrantzitsua hartuko du bere gain, bere ardura izango baita Tolosako behin-behineko egoitza martxan jartzea, zentroaren hasierako proiektuak aktibatzea eta Donostiako Eskuzaitzeta industrialdean behin betiko kokapena gauzatzeko urrats berriak ematea», adierazten dute Gipuzkoako Foru Aldunditik.


Ainhoa Aizpuru Proiektu Estrategikoetako foru diputatu eta Mubil Fundazioko lehendakariak adierazi zuenez, «hilabete gutxi batzuk barru, enpresek Europa mailan punta-puntako laborategia izango dute Tolosan, ekipamendu oso aurreratuak izango dituena, eta gure enpresei abantaila lehiakorra emateko eta nazioarteko beste bezero batzuk erakartzeko beharrezko potentziala izango duena».

IKERKETARAKO LABORATEGIA

Halaber, Mubil Fundazioaren patronatuak Cidetec Fundazioarekiko lankidetza hitzarmena onartu du. Horren bidez, goi mailako zentro teknologiko horrek biltegiratzeko eta trakzio elektrikoko laborategi bat jarriko du Tolosako egoitzan, biltegiratzearekin lotutako ekipoak ikertu eta probatzeko.

Cidetec-ek berak kudeatuko du laborategia. «Horrela, Europan punta-puntakoa izango den azpiegitura teknologiko bat sortuko da, bai instalazioen tipologiagatik, bai izango duen ekipamenduagatik. Bateriak eta, oro har, biltegiratze sistemak garatu eta karakterizatu ahal izango dira, mugikortasun aplikazioetarako nahiz biltegiratze egonkorrerako, eta baterien portaera benetako erabilera baldintzetan aztertzeko aukera ere emango dute», diote Aldunditik. Mubilen behin betiko egoitza eraikitzeaz bukatzen dutenean, Donostiako Eskuzaitzetara aldatuko dira instalazioak eta ekipoak.



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!