Tolosako Sanjoanak 2020

Astelehenean Urkizun, Solstizio kontzertua

Ataria 2020ko eka. 17a, 19:58

21.en aldiz antolatu du Et Incarnatus orkestrak; ikusle kopuru mugatua izango du aurten, eta aurrez eman beharko da izena ondorengo loturan: https://docs.google.com/forms/d/1_T8YjaTwh_hlUCUAZ5a6slJAmlsvhBo0-JLYgmI3Rkw/viewform?edit_requested=true

Gure eskualdean gozatu dezakegun kontzertu berezienetakoa da Et Incarnatus orkestrak udako solstizioa dela eta eskaintzen duena. Musikarien musikarekin batera kontzertua hartzen duen eszenatokiak egiten du berezi, ez baita ohikoa Urkizuko Iraolako zuloa bezalako ingurune batean zuzeneko musikaz gozatu ahal izatea.

Emanaldia astelehenean, ekainaren 22an izango da, 19:30ean hasita. 21. aldiz egingo dute aurten, eta egoerak behartuta, osasun neurriak mantenduz egingo dute, hau da, maskarak jantzi beharko dituzte ikusleek, eta distantziak gorde beharko dituzte. Halaber, ikusle kopuru mugatua ere izango duela iragarri dute antolatzaileek. Horregatik, beharrezkoa izango da aurrez erreserba egitea.

Bestalde, aurreko urteetan bezala, «borondatezko diru laguntza (10€)» ordainduko da kontzertua hasi baino lehen. 16 urtez azpikoentzat doan izango dela jakinarazi dute antolatzaileek.

Zuzeneko musikaz naturaz inguratuta gozatu ostean, mokadutxo batek borobilduko du saioa, izan ere, saioaren amaieran, ohikoa den moduan jatekoa eta edatekoa eskainiko dute Urkizura gerturatzen den ororentzat.

Antolatzaileek kontzertua eskainiko duten Urkizuko gunera joateko argibideak ere eman dituzte. Tolosatik oinez joanez gero, Urkizura doazen bideak, Soldadu Kale eta San Esteban auzotik dute irteera. Behin Urkizun, Erniora doan bidea jarraitu beharko da, telekomunikazio antenaren oinarrira iritsi arte.

Autoz joanez gero, berriz, Donostiatik autobidetik, Tolosako hirugarren sarreratik sartu eta Azpeitira doan errepidea hartu behar da. Hori hasi bezain pronto, eskubira hartu behar da, Urkizu jartzen duen bidegurutzean. Ermita eta tabernak osatzen duten kaskoraino jarraitu behar da bide horretatik, eta hori igaro ostean, eskuinera irteten den bigarren pista, hormigoizkoa, hartu behar da. Telekomunikazio antenaren oinarrira eramaten du bide horrek. Hori bai, Nahiz eta han goian aparkatzeko lekua egon, Urkizutik oinez joatea gomendatzen dute antolatzaileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!