Berriro igerilari sentituz

Ataria 2020ko eka. 17a, 19:59

Tolosaldea IKT eta Igarondo Urpekoak taldeetako igerilariak aste honetan hasi dira Usabal kiroldegiko barruko igerilekua erabiltzen entrenamenduak egiteko

Denbora luzez egon dira igerilekua ukitu gabe eta aste honetan Tolosaldea IKT eta Igarondo Urpekoak taldeetako kideek posible izan dute berriro igerilari sentitzea. Bi taldeek Tolosako Udalarekin eta Kirolzer enpresarekin adostu dituzte baldintzak, eta astelehenean hasi ziren entrenamenduekin Usabal kiroldegiko barruko igerilekuan.

Tolosaldea IKTkoak goizez hasi dira, 06:15etik 08:00ak arte. Igerilariak federatu taldekoak dira, 14 urtetik gorakoak; 50 inguru daude, baina denek ezin dute ordutegi horretan aritu. Aldiro 20 igerilari sartu ahal dira eta txandaka ari dira, egun batean bai eta bestean ez arituz. Taldeko teknikaria den Nerea Pagolak azaldu duenez, «ordutegi horretan ezin dutenak, arratsaldez ari dira, beste edozein erabiltzaile moduan».

Udalarekin zein Kirolzerrekin adostasun batera iristeko prozesu bat eraman dute. «Guk ikusten genuen kirol kaltetuenetako bat garela, egokitzapen guztiak galduko ditugulako beste medio batean egiten dugulako kirola», esan du Pagolak. Igerilariak uretara lehenbailehen eta ahal den gehienak joateko beharra ikusten zutela gaineratu du. «Gero erabiltzaile asko izaten dira igerilekuan, eta egun ordutegi eta kopuru murriztuak daude. Hori dena ikusita, hiru-lau aste egon gara hartu-emanetan adostasun batera iristeko».

Tolosaldea IKTren asmoa beraien entrenamendu tartea 09:00ak arte luzatzea zen eta agian egun bakoitzean bi talderekin lan egin ahal izatea. «Hori ez da posible izan, baina gu gustura gaude entrenamenduekin hasi ahal izan garelako. Martxan gaude, kiroldegia ere bai, eta aurrera begira ikusiko dugu beste aukerarik sortzen den», zehaztu du Pagolak. Era berean, nerabeek elkartzeko eta kirola egiteko duten beharra nabarmendu du: «Nerabe batentzat elkargune bat da kirola egitea. Goizeko seietan etortzen dira eta oso pozik joaten dira. Behar dute sozializatzea eta bere kirola egitea». Horrez gain, gogora ekarri du Gipuzkoan lehenengotarikoak izan direla talde moduan igerileku bat erabiltzen, eta zentzu horretan nabarmendu du alde guztiek egin duten esfortzua hori gauzatzeko.

Uretara sartzerakoan lehen sentsazioak «oso arraroak» izan direla dio Pagolak. «Indarra galtzen da eta gorputzaren posizioa ere galtzen da». Lan tekniko handia egitea tokatuko zaiela gaineratu du: «Lesioak-eta ez etortzeko poliki joan behar gara, oso lan txukuna eginez, eta sorbalda eta besoak asko zainduz». Irribarreak eta poza ere izan dira lehen aldiz igerilekura sartzerakoan: «Kanpoan aritu gara ariketak-eta egiten, baina gure taldekoak uretan daude gustura. 06:00etan joaten gara pozik eta 08:00etan oso pozik ateratzen gara».

Txapelketei dagokionez, aurtengo denboraldia bertan behera geratu da, eta urrian berriz hastea espero dute. Itsas zeharkaldien ligan parte hartzeko asmoa zuten zenbait taldekidek, baina bertan behera utzi ditu probak Gipuzkoako Federazioak. Ekainean eta uztailean igeri egiten ariko dira Usabalen. Beste urtetan abuztua entrenamendurik gabeko hilabetea izatea da, baina aurtengoa geldirik egoteko hilabetea ez izatea planteatuko dute.

Bestalde, Tri Kanpusa antolatu dute aurtengorako ere Tolosaldea IKT taldetik. Ludoteka formatua izaten du, eta talde txikitan ariko dira, osasun neurriak kontuan hartuz. Bost aste iraungo ditu, ekainaren 29tik uztailaren 30era bitartean, baina azken bi asteetarako dute lekua. 7 eta 13 urte bitartekoentzat dago zuzenduta, eta izena eman edota informazioa jasotzeko 688 80 74 05 zenbakian edo teknikariak@tolosaldeaikt.eus helbidean egin daiteke.

POZTASUN «IZUGARRIA»

Hegats igeriketan aritzen diren Igarondo Urpekoak taldekoek arratsalde-iluntzean dute aukera entrenatzeko. 20:30etik 21:50ak arte egon daitezke, eta igerilekuaren zati bat hartzen dute. Ordu horretan erabiltzailerik ez badago, igerileku osoa hartzeko aukera dute. «Taldeak printzipioz gaztetxoei eman die aukera, hau da, kadete eta junior mailakoei», esan du Irati Lakunza igerilariak. «Toki gehiago badago, senior mailakoak sartuko ginateke».

Besteek bezala, udalarekin eta Kirolzer enpresarekin adostu dituzte neurriak entrenatzeko. «Aukera gehiago izatea nahiko genuke, baina ulertzen dugu egoera zail batean gaudela, eta ez gara kexatuko», esan du Lakunzak.

Lehen sentsazioak «nahiko kaskarrak» izan direla azaldu du Lakunzak: «Hiru hilabete egon gara igerilekura sartu gabe, eta izan gara itsasoan igeri egiten, baina sentsazioak ezberdinak dira itsasoan eta igerilekuan». Lehen eguna «pixka bat desastre» izan zela gaineratu du, baina poztasuna «izugarria» izan dela: «Berriro ere taldearekin egotea, eta hainbeste ordu pasatzen ditugun leku batera bueltatzea beti da polita». Konfinamenduan arlo fisikoa lantzen aritu arren, urarekin izaten duten kontaktua erabat galdu dutela dio: «Asko nabaritu dugu hori. Kostatuko zaigu berriro ere martxan jartzea».

Denboraldi honetako txapelketa guztiak bertan behera geratu dira: martxoan zuten Espainiako Txapelketa, eta udakoa ere; eta Errusian izan behar zuen Munduko Txapelketa ere. «Irailean berriro hasteko komeni da dagoeneko uretan sartzea. Suabe hasiko gara, eta printzipioz iraila bitarte jarraituko dugu, hurrengo denboraldiarekin lotzeko», esan du Lakunzak. Datorren denboraldira begira, abenduan izan ohi duten txapelketa garrantzitsu bat, Espainiako Open proba, egitea posible izango dela espero dute.

Lakunzak berak Munduko Txapelketa zuen helburu nagusia denboraldi honetan: «Denboraldia oso serio hartu dut, eta egoera honek guztioi aldrebes harrapatu digu. Positiboki bezala hartzen dut, pentsatuz beste urtebete gehiago dudala entrenatzeko txapelketarako. Azkenean, gauza positiboak atera behar ditugu horrelako egoeretatik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!