Kultur etxea eta Udal Liburutegia, zabalik

Tolosaldeko Ataria 2020ko eka. 17a, 10:47

Goizez nahiz arratsaldez egongo da erabilgarri kultur etxea. Bestalde, liburutegira banaka joan behar da, eta ezingo da bertan libururik irakurri.

Atzo ireki zuten berriro Tolosako Kultur Etxea, eta goizez eta arratsaldez egongo da zabalik (10:00-13:00 eta 16:00-21:30). Bilera gelak erabiltzeko aukera egongo da, eta arreta zuzena eskainiko da, baina teknikariekin biltzeko aurrez eskatu beharko da hitzordua, bertara deituz (943 67 03 83). Topagunea, berriz, ostegunean irekiko dute.

Kultur etxeaz gain, Udal Liburutegia ere ireki zen atzo. Hori bai, 10:00etatik 13:30etara egongo da zabalik. Liburuak maileguan hartzeko, informazioa eskatzeko, liburutegiko txartela egiteko nahiz katalogoa edo eLiburutegia zerbitzuak nola erabili ikasteko soilik izango da erabilgarri.

Haur eta helduen mailegu zerbitzua batera emango dira, Aranburu jauregiko sarrerako bulegoan. Liburuak maileguan hartu ahal izateko aurrez egin beharko da eskaera, katalogoaren bidez edo liburutegira deituz (943 69 74 62). Bestela, bulegoko bildumatik aukeratu beharko da.

6 urtetik gorakoek derrigorrez musukoa jantzita sartu beharko dute liburutegira. Gainera, gel hidroalkoholikoarekin garbitu beharko dira eskuak, eta markatutako ibilbidea errespetatu beharko da. Erabiltzaile bakoitzak bere poltsa eraman beharko du mailegatutako liburuak gordetzeko, eta liburutegiko txartela egin nahi duenak etxetik eraman beharko du axota. Liburutegira joaten diren pertsonak banaka sartuko dira, menpekotasun bat dutenak edo 14 urtetik beherakoak izan ezik. Liburutegira itzulitako liburu guztiak astebeteko berrogeialdian gordeko dira, berriz ere eskuragarri jarri aurretik.

AIRE LIBREKO ZINEMA SAIOAK

Orain egun batzuk iragarri zen moduan, zinema emanaldiak irailean berreskuratuko dira Leidorren, baina udaran ez da zinerik faltako Tolosan, aire libreko hainbat saio ari baita antolatzen udala udararako prestatzen ari den kultur eskaintzaren barruan. Datozen egunetan emango dute zerbitzu horri buruzko informazio gehiago.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!