Auzolandegiak proiektua, Amarozko basoan

Tolosaldeko Ataria 2020ko eka. 17a, 10:44

Udan, herriko eremu ezezagunetako bat berreskuratzeko lanetan ariko dira zenbait gazte. Parte hartzeko, ostirala baino lehen eman behar da izena.

Datozen egunetan jakinaraziko du Tolosako Udalak haur eta gazteentzako aurtengo udararako prestatutako aisirako eskaintza. Hala ere, dagoeneko aurreratu du aurten ere Auzolandegiak proiektua egingo dela. Azken urteetan bezala, Uzturre azpiko Miserikordia zaharreko lursaila berreskuratzen jarraitzeko aukera eskainiko zaie eskualdeko gazteei. Baina ez da lanerako eremu bakarra izango. Izan ere, aurten Amarotz auzoan, bertako basoa berreskuratzen ere aritu ahalko dute.

Bi txandatan egingo dute lan. Lehenik, ekainaren 29tik uztailaren 10era, Amarozko basoaren berreskuratze lanak egiten ariko dira. Uztailaren 13tik 24ra, berriz, Uzturre azpian ariko dira, azken urteetan bezala. Bi kasuetan ere, goizez gauzatuko dituzte lanak, 09:30ean hasi, eta 13:30eak arte, gutxi gorabehera.

Auzolandegietan parte hartzeko udalaren webgunean egin behar da aurrematrikula, ostirala (ekainak 19) baino lehen. Plaza mugatuak egongo dira bi auzolandegietarako; aurrematrikula betetzeak, beraz, ez du parte hartzea baieztatzen. Hori dela eta, auzolandegietako arduradun bat harremanetan jarriko da izena ematen duten guztiekin.

Informazio gehiago eskuratzeko interesa izanez gero, gazteria@tolosa.eus helbide elektronikora mezu bat idatzi behar da. Bestela, Tolosako Gazte Topaguneko telefono zenbakira (605 706 937) ere deitu ahal da, baina asteazken eta ostiral goizetan soilik.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!