Turistak hartzeko prest

Ataria 2020ko ekainaren 16a

Santa Maria plazako turismo bulegoa zabaldu dute eta jendaurreko arreta eskainiko du goizez, astelehenetik larunbatera; eskualdeari buruzko informazioa era telematikoan ere eskuratu ahalko da.

Osasun krisiaren eraginez, ia hiru hilabetez itxita egon ostean, Tolosaldeko turismo bulegoak ateak zabaldu ditu berriro. Goizez emango du jendaurreko arreta, 10:00etatik 14:00etara bitarte. Hala ere, eta orain arte moduan, zerbitzu telematikoa ere eskainiko du: WhatsApp bidez idatzi ahal izango da 943 69 74 13 zenbakira, ordutegi beraren barruan. Egoerak hobera egin ahala ordutegia zabalduz joango direla adierazi dute Tolosaldea Garatzeneko turismo sailetik.

Bisitari eta langileen segurtasuna bermatzearren, beharrezko neurriak hartu dituzte: pertsona bakarra sartu ahal izango da bulegora, gehienez ere laguntzaile batekin. Musukoa eramatea derrigorrezkoa izango da, eta bi metroko distantzia errespetatu beharko da. Gel desinfektatzailea ere eskura izango da sarreran.

Hala ere, gida eta eskuorriak ezingo ditu norberak hartu, bertako langileari eskatu beharko zaizkio. Dena den, tolosaldea.eus webgunean gida eguneratuak eskuratu daitezkeela gogoratu dute, lau hizkuntzatan (euskara, gaztelera, ingelesa eta frantsesa) bisitariak uneoro informazioa eskura izan dezan. Era berean, bulegoaren sarreran jarri dituzten informazio orrietako QR Kodeak eskaneatuz ere gidak deskargatu aukera izango da.

TURISMO SEKTOREA ERE, PREST

Jatetxe, erretegi eta tabernak, hotelak, landetxeak, museoak, dendak... Tolosaldeko turismo sektoreko eragileak ere hasiak dira ateak zabaltzen, segurtasun eta osasun neurriak biltzen dituzten protokoloak martxan jarrita. tolosaldea.eus orrialdeko blogean eskualdean zabalik diren establezimenduen zerrenda eguneratua dago eskura.

 

Erlazionatuak

Nolako aurreikuspenak daude udarako?

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2020 eka 15 Tolosaldea

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!