Tolosako Sanjoanak 2020

San Joan festak, bertan behera

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko eka. 12a, 16:24

Jairik ez ospatzeko erabakia hartu du Tolosako Udalak. Hala ere, elizkizunak eta bezperako sua egingo dira; azken hau, modu sinbolikoan egingo da, baina ez zaio inori bertaratzen utziko eta streaming bidez eskainiko dute.

Gaur eguerdian eman dute jakitera erabaki ofiziala udaleko eta zenbait eragileetako ordezkariek, Tolosako Udaletxeko pleno aretoan egin den prentsaurrekoan. “Apirilean hasi zen udala San Joan jaietan parte hartzen duten herriko eragileekin biltzen, aukera ezberdinak landu eta zer egin adosteko. Azken hilabeteetan, egoera eta baita baldintzak ere asko aldatu dira eta une oro, planteamendu desberdinak eskuartean izanik lan egin da”.

Hasieratik guztiek zuten argi San Joan jaiak urtero ospatzen diren moduan egitea ezinezkoa izango zela aurten, jende pilaketak ekiditea funtsezkoa delako. “Larrialdi egoera honek San Joan jaiak normaltasunez gauzatzea galaraziko du, oraindik ere ardura osoz jokatzea beharrezkoa delako. Hala ere, herritarrei keinu txiki bat egitea ere garrantzitsua, oinarrizkoa eta ezinbestekoa iruditu zaigu; herria, distantziatik bada ere, elkartuta mantentzea. Jakitun gara San Joan jaiak oso bereziak eta sentituak direla tolosar askorentzat”.

Jaiak bertan bertan behera geratuko badira ere, San Joan bezperan sua piztuko da, Udal Txistulari bandak zortzikoa jo ondoren, “errituen sokan, suak, gaitzak eta larriak eraman ditzan”, azaldu du Peonek. Saioa, gainera, streaming bidez eskainiko da. “Zerbait laburra izango da, sinbolikoa, eta plaza itxita egongo da”. Horrez gain, hilaren 23an eta 24an elizkizunak mantenduko dira. “San Juan santua ez da plazara aterako, eta eliza barruan egingo du bere ibilbidea”.

Ekainaren 20rako kezka

Egun horietan erantzukizunez eta zuhurtziaz jokatzeko mezua zabaldu nahi izan dute udalak nahiz eragileek. "Une zailak izan dira guztiontzat. Orain, inoiz baino gehiago sentitu dugu zenbaterainokoa den komunitatearen garrantzia. Herritarren segurtasuna bermatzeko, arduraz jokatzen jarraitzea ezinbestekoa da. Ez-jakintasunetik, ziurgabetasunez betetako garai bat kudeatzea egokitu zaigu, aste batetik bestera aldatzen baita egoera, eta beraz, zaila da", adierazi du Peonek. “Izan arduratsuak, errespetatu eta zaindu ingurukoak, zugatik eta guztiongatik”, gaineratu du Iglesiasek.

San Joan festen barruan, ekitaldi jendetsuenetarikoa izaten da Kuadrillen Eguna. Aurten, ekainaren 20an zen ospatzekoa, baina jaietako ia ekintza guztiak bezala, bertan behera geratu da. Hala ere, herriko nahiz inguruko taberna eta jatetxe askotan agortu dira egun horretarako bazkarietarako erreserbak. "Egoera horrek asko kezkatzen gaitu", adierazi du Peonek. "Ezinezkoa da kuadrillen topaketak ekiditea; hala ere, sor daitekeen festarako gogo eta grinak, beste herri batzuetan ikusi ditugun egoerak bizitzera eraman gaitzake, eta ez dugu horrelakorik nahi".

Segurtasun neurri bereziak hartuko dira, batez ere, plazak zainduz. "Herritarrak ohartarazteaz gain, ezin dugu beste ezer ere egin, errespetuz jokatzea eskatu, besterik ez. Isunak egon daitezke, baina horrek ez du ekiditen, berez sor daitekeen egoera berezi hori. Erantzukizuna erakundeena da, noski, baina herriarekin partekatua izan behar da".

Festak bertan behera geratu direnez, ostalariek ez dute ordutegi ezberdin bat izango, hau da, ez dute tabernak ordu gehiagoz irekitzeko aukerarik izango; ohiko ordutegia mantenduko dute. Gainera, egun horretarako terrazen eremua handitzeko egindako eskaerei ezezkoa eman zaie. "Tamalez ezin ditugu jaiak ospatu, eta beraz, ezin gara elkartu pandemia honen aurretik elkartzen ginen bezala".

Eskerrak, eragileei

Amaia Mancisidor tolosarrak, Lizardi eskopetarien konpainiako kapitainak, mezu bat helarazi nahi izan du eragile guztien izenean: "Arduraz jokatzea tokatzen zaigu. Horregatik, eta gure herrian kutsadura gehiago nahi ez dugulako, aurtengo San Joanetan ezingo dugu ohiko moduan parte hartu. Honen bitartez, deia egin nahi diogu Tolosako herriari ere, zuhurtziaz eta arduraz jokatzeko, festak ezingo ditugulako gozatu orain arte ezagutu ditugun moduan".

"Horrelako erabakiak hartzea ez da batere erraza izaten", adierazi du alkateak. "Gainera, eragile bakoitzak ideia, iritzi eta pentsamendu desberdinak izango ditu bere taldean. Guztiek jokatu dute erantzukizun handiarekin, eta hori eskertu nahi diegu. Egoerak mahai gainean jarri behar dira, eta Tolosan argi geratu da ardura handia dagoela. Eragileek egiten dituzte San Juan festak".

Hirugarren adinekoen festarik ez

Adineko herritarren Iturriza, Harizpe eta Beti Gazteak elkarteek, hirugarren adinekoen festa egunik ez egitea erabaki dute. "Arrisku-taldeko herritarrak gara, eta beraz, oso arriskutsua izan daiteke gu elkartzeko festa bat egitea. Birusa edozein tokitan dago, eta beraz, ezin dugu ezertarako ere erlaxatu".

Udarari begira, lehen kultur eskaintzak

Suspertu Tolosa planean jaso bezala, kale dinamizaziorako programa lantzen hasia da udaleko kultura saila, herria biziberritzeko asmoz. “Jakitun gara aurtengo udara berezia izango dela guztiontzat”, adierazi du Izarne Iglesias Kultura eta Festa zinegotziak. Bi helburu azpimarratu nahi izan ditu Iglesiasek: “herritarrei aurtengo udaran kultur eskaintza zabala eskaintzeko helburuarekin eta kultur taldeen jarduna babesteko asmoz, adin guztietako herritarrei zuzendutako ekitaldiak bilduko dituen programa lantzen ari da”.

Lehen kultur ekitaldiak ekainean izango dira, egoerak eskatzen dituen prebentzio eta segurtasun neurri guztiak hartuta. Besteak beste, solstizio kontzertua izango da Urkizun, bertso saioa eta zenbait musika talderen kontzertuak zezen plazan, eta pailazoak Zerkausiko terrazan.

Zezen plazan egingo diren jarduera guztietan ezinbestekoa izango da zehaztutako eserlekuetan bakarrik esertzea, gainerako ikusleengandik 2 metroko distantzia mantenduz. Horrez gain, maskara jarrita eduki beharko da eta sartu aurretik eskuak garbitu beharko dira. Ekainaren 23ko eta 24ko kontzertuetarako aldez aurretik eskuratu beharko dira sarrerak, internetez edota kultur etxean. Zezen plazara sartu ahal izateko beharrezkoa izango da sarrera erakustea, paperean edota mugikorrean.

Emanaldiak doakoak izango dira, eta guztira 360 sarrera jarriko dira herritarren eskura, 200 internetez eta 160 kultur etxean, aurrez aurreko zerbitzuan. Pertsona bakoitzak gehienez ere 4 sarrera hartu ahal izango ditu. Internet bidezko sarrerak astelehenean (ekainak 15), 10:00etatik aurrera, jarriko dira salgai, ondorengo loturetan:

Sarrerak aurrez aurre eskuratzeko, berriz, asteartetik (ekainak 16) aurrera izango da aukera, goizez, 10:00etatik 14:00ak bitarte. Kultur etxera sartu ahal izateko derrigorrezkoa izango da, maskara jarrita eramatea. Egunean bertan ez da sarrerarik eskuratu ahal izango eta aurretik sarrera dutenek baino ezingo dute zezen plazara sartu.

San Juan garaiko egunetarako egitaraua

Ekainak 23, asteartea

19:30. Andre Mari elizan bezperak egingo dira, edukiera mugatuarekin eta beharrezkoak diren neurriak hartuta.

22:00. San Joan sua piztuko da Andre Mari plazan, Udal Txistulari Bandak San Joan zortzikoa jo ondoren. Plaza itxita egongo da eta herritarrek streaming bidez ikusi ahal izango dute sua.

Ekainak 24, asteazkena

11:00. San Joan eguneko meza nagusia, Andre Mari elizan “Santa Maria” musika kaperaren parte hartzearekin. Elizkizuna amaitu ondoren, Udal Txistulari Bandak San Joan zortzikoa joko du. Streaming bidez eskainiko da meza nagusia.

16:45. Andre Mari elizan bigarren bezperak.

19:30. Kalean txarangak zuzenean joko du, streaming bidez.

Udako eskaintzako lehen saioak:

Ekainak 21, igandea

12:00. Bertso jaialdia zezen plazan, Sebastian Lizaso, Alaia Martin, Ane Labaka eta Unai Mendizabal bertsolariekin. Gehienez ere 400 pertsona. Edukiera sarreran kontrolatuko da. Iluntzean 28 kanalean ikusi ahal izango da jaialdia.

18:00. Patxin eta Potxin pailazoen Ingurumena zaindu emanaldia haurrentzat, Zerkausiko terrazan. Edukiera mugatuta.

Ekainak 22, astelehena

19:30. Solstizio kontzertua, Urkizun. Sarrera mugatua.

Ekainak 23, asteartea

20:00. Puro Relajo taldearen kontzertua, zezen plazan.

Ekainak 24, asteazkena

18:00. Ganso&Cia taldearen Babo Royal ikuskizuna haurrentzat, Zumardi Handian.

20:00. Kontzertuak zezen plazan: Adi, Irati Etxeberria, Postal Kolekzionista eta Xabi Bandini. Zuzenean streaming bidez eskainiko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!