Gimnastak entrenamendu berrietara egokitzen ari dira

Imanol Garcia Landa 2020ko eka. 11a, 19:59

Usabalgo pabiloian eta Herrikideren Eskolapioetako ikastetxean ari dira entrenatzen Tolosa CF-ko gimnastak; Espainiako Txapelketak prestatzen ari zirela iritsi zen etenaldia.

Dagoeneko hasi dira lanean ahalik eta modu hoberenean Tolosa CF-ko gimnastak. Konfinamendu garaian Internet eta bideoen bitartez jardun dute lanean asteroko plangintza bat jarraituz. Aurrez aurreko entrenamenduak konfinamenduaren arintzearen lehen fasean hasi zituzten. Lehen bi asteetan 14 urtetik gorako gimnasta eskolarrak eta federatu mailan daudenekin aritu ziren. Klubak azaldu duenez, «entrenamendu horiek eremu zabaletan egin ziren beti, Eskolapioetan, Amarotz aldean… Kirola egiteko eta kalera irteteko ordutegiak errespetatuz beti. Baita beraien arteko distantziak eta osasun neurriak kontuan izanik ere».

Aurreko astean Usabalen duten pabiloian hastea erabaki zuten, talde bakoitza astean egun batez arituz. 4-5 gimnastako taldeak egin zituzten eta saioak ordubetekoak bakarrik egin dituzte. «Hau guztia martxan jarri baino lehen pabiloia eta tapiza desinfektatu da, eta segurtasun neurriak hartzen dira sartzeko: zuzenean entrenamenduko arropa jantzita, norberak bere gauzak poltsa batean sartuta, norberak botila batean desinfektantearekin ukitutakoa amaitzean garbitzeko…». Babesleei eskertu diete klubeko arduradunek aukera hori izatea: «Valvulas CMO, Pulidos Leunlan eta Mecanizados Garmendiola laguntzeko gogoz daude eta horiei esker instalakuntza mantentzeko aukera izan dugu».

Klubak 200 gimnasta inguru ditu eta espazio horrek ez du guztien itzulera bermatzeko aukera eskaintzen. Hori dela eta, Herrikide eskolako zuzendaritza taldeak Eskolapiotako ikastetxeko ateak zabaldu dizkie aire librean entrenamenduei hasiera emateko. Eremua handiagoa denez, ariketa fisikoa egiteko erabiltzen da eta hamar gimnasta inguruko taldeak egin dira. Hor ere osasun neurriak hartzen ari direla jakinarazi dute.

Usabalgo pabiloiaz aparte, Tolosa CF-k erabiltzen duen ohiko entrenamendu lekua Ferialekua da, baina bertan ez dute oraindik hasteko aukerarik izan: «Udalaren ardura da eta beraien esanetara izango gara. Bitartean ahal moduan, segurtasun neurri guztiak errespetatuz ariko gara lanean», zehaztu dute klubetik. Asko dira gogoz itzuli direnak eta pixkanaka egoera berriari egokitzeko gogoz daudenak, eta horretarako «instalakuntza duin bat» eskatzen dute.

DENBORALDIA GUZTIZ ITXI GABE

Eskola mailan jarduten duten gimnastak, egungo egoera dela eta, denboraldia bertan behera geratu zaie, eta gogoz daude hurrengoa nolakoa izango den eta noiz hasiko den jakiteko.

Bestalde, federatutako gimnastak, guztira hamasei direnak eta oinarrizko eta gorengo mailako taldeetan sartuta daudenak, ez dute beraien denboraldiaren berririk jaso. Pil-pilean zeuden Espainiako Txapelketa prestatzen etenaldia iritsi zenean, eta orain ez dakite horiek egingo diren eta eginez gero, noiz izango diren.

Gimnasta hauen denboraldia bi zatitan banatzen da. Alde batetik, taldekako denboraldia, irailetik abendura izaten dena, eta bestetik bakarkako edo kopako denboraldia. Orain azken hori prestatzen ari ziren, zehazki, bi talde eta bakarkako gimnasta bat ari ziren horretan.

Klubetik, urtero bezala, uztailean ere entrenamenduak eskaintzen dira. «Posible izanez gero, aurrera jarraituko da proposamenarekin, baina, horretarako leku aproposa izan beharko genuke», zehaztu dute Tolosa CF-tik. «Gimnasta federatuek oraindik ez dakite falta diren txapelketak egingo diren ala ez, ez da erantzunik jaso, eta bitartean sasoia berreskuratzen jardungo dute». Entrenatzaileek informazio falta sumatzen dutela diote: «Zer egin jakin gabe egoteak frustratu egiten du. Bitartean ahalik eta hobekien entrenamenduekin jarraituko dugu bai eskola mailakoekin eta baita goi mailako gimnastekin ere».

Bestalde, udako ikastaroak airean geratu direla diote klubetik, eta familiak erantzun bat jasotzeko zain daudela gaineratu dute. Horrez gain, urtero legez, gimnastek uztailean Salouko campus-era joateko aukera dute, eta aurten klubeko asko animatu dira parte hartzera. Salouko campus-a Costa Dorada klubak antolatzen du, eta astebete irauten du. Gimnasiaz gain beste zenbait ekintza egiten dira, eta aurten egokituak izan dira. Norbait interesatuta balego, harremanetan jarri daiteke Tolosa CF-koekin cgrtolosa@gmail.com helbidera idatziz.

Hain justu, jadanik ikasturte berrirako izena emateko epea zabalik dute Tolosa CF-koek eta aurretik aipatutako helbide elektronikora idatzi daiteke informazio gehiago jasotzeko.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!