Baliteke ezjakintasunak eragin izana gastua

Erabiltzailearen aurpegia Nekane Izagirre. Bedaio 2020ko eka. 11a, 19:57

Beste behin ere, Bedaioko biztanleoi txundituta utzi gaitu prentsako informazioak, eta argitu nahi ditugu, bide batez, Tolosako Udalak izan ditzakeen zalantzak.

Bertan irakur zitekeen Covid-19ko gastu batzuk Bedaioko wifirako izan zirela. Bedaioko bizilagunek ez dakigu zein izan den Covid-19ak wifian eragindako gastua. Dakigunez, Covid birusak ez die eragiten telekomunikazioei, eta are gutxiago Bedaioko erabiltzaileen %60ak ez duen wifi sare bati. Uste dugu udalak ez dakiela telekomunikazioko antena bat zegoela, 2010ean kokaleku estrategiko batean jarria, auzo osoari wimax bidez Internet emateko.

Wimax bidezko teknologia deuseztatu egin zen 2019an, Europako lege baten ondorioz, baina Itelazpiren (erakunde publikoa) antenak funtzionatzen jarraitzen du instalatu nahi den beste edozein teknologia motarentzat. Baliteke udalak antena horren berri ez jakiteagatik dorre txiki bat jarri izana. Horren bidez, konektatu nahi duten erabiltzaileen %40a estaltzen da. Lehen aipatutako antena horrek duen garrantzia azpimarratu nahi dugu, bere kokapen estrategikoa dela eta. Izan ere, Bedaio auzoak Tolosako azaleraren herena hartzen duen eremuan sakabanatutako etxeak ditu. Beraz, ez da oso zaila ulertzea dorre txikiaren kokapenak estaldurarik gabe uzten dituela Interneten eguneroko estalduraren beharra dugun erabiltzaileen %60a.

Baliteke oraindik ere gastu hori Interneteko instalazioa etxebizitzetan egokitzeko izatea, baina oraindik ez da gasturik sortu. Aste honetan seinalea emititzen duen antena egokitzen ari dira. Gainera, instalazio hau ezin da egin seinalea emititzen duen antenarik gabe, hau da, auzoko bizilagunei jakinarazi zaie etxebizitzarako laguntza jaso dezakegula, baina benetan une honetan ez da gauzatu.

Atsegin dugu Abaetxe jatetxeko lorategietara eguna pasatzera eta paisaia ederra ikustera etortzen direnek wifia eskuragarri izatea, baina tolosar guztiek eta udalak ulertuko duten bezala, auzoko bizilagunok oinarrizko komunikazio beharrak ditugu.

Aipatu den bezala, litekeena da Covid gastuak arlo horretan ezjakintasunak eragin izana. Gastu horren jatorria oraindik ez dakigu.

Udala bizilagunekin harremanetan jartzera gonbidatzen dugu, beharrezkoak ez diren gastuak saihesteko eta edozein zalantza argitzeko. Bide batez, Tolosako herritarrei jakinarazi nahi diegu bi urte daramatzagula zuntza eskatzen, daukagun azpiegitura txarra dela eta. Telefono finkoari zein Interneti eragiten dio. Askotan komunikaziorik gabe geratzen gara, bai telefono finkoan eta baita Internetean. Ondorioz, telelaguntza duten pertsonak, adineko pertsonak, komunikazio gabe geratzen dira (komunikatzeko bide bakarra), eta baita eskola-adinean dauden gazteak, klaseak jarraitzeko zailtasunak dituztelarik, selektibitatea ate joka... Askotan ezinezkoa den telelana egin behar dugu, Tolosako Udalarekin eta beste administrazio batzuekin tramitazioak egin... Egun egoera errepikatzen da. Ezin dugu azalpen hau amaitu, Babes Zibileko boluntarioei beste behin ere eskerrak eman gabe. Boluntarioak egunez egun joan dira Bedaioko biztanleen ongizateaz interesatzeko eta beren laguntza eskaintzeko, konfinamendu eta inkomunikazio egoeraren ondorioz bizi izan diren egoera konplexuetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!