"Komunitatea sendotzeko" asmoa azaldu du udalak

Tolosaldeko Ataria 2020ko eka. 12a, 07:00

Prozesuaren berri emateko eginiko agerraldian hartutako irudia.

Tolosako Udalak partaidetza prozesu bat abiaraziko du ekainean zehar Suspertu Tolosa kanpainaren barruan eta "gobernantza eredu berrietan sakontzeko asmoz". Orain inoiz baino gehiago, guztion artean Tolosatzen  jarri diote izena.

Tolosako Udalak Orain inoiz baino gehiago, guztion artean Tolosatzen partaidetza prozesua abiaraziko du ekainean zehar. Prozesuak lau fase izango ditu eta lehen ekintzak ekainaren 17 eta 18an izango dira. Zehazki Nola sentitzen zara? topaketak egingo dituzte 18:00etatik 20:00etara, online. Helburua da "herritarrei entzutea eta haien zalantzak eta kezkak ezagutzea errealitate berri honetatik" abiatuta. 

Uztailean beste lau saio egingo dituzte. Udalak esan du elkarrekin sortzeko tailerrak izango direla, "hitzetatik ekintzetara pasatzeko". Tailer horiek online izango dira ere; uztailaren 7, 9,  14 eta 16an izango dira, 18:00etatik 20:00etara. "Elkarrekin sortzeko saioen helburua izango da pertsona bakoitzak, bere ekintzen bitartez, Tolosa nola suspertu, eraldatu, sustatu, hobetu dezakeen hausnartzea". Horrela eta "komunitate ikuspegi batetik" ekintzetara pasatzeko pausoak ematen lagundu nahi du udalak. 

Hirugarren fasean "ekintza txikien dekalogoa" osatu nahi dute. Eta azkenik, iraila eta urria bitartean, saioetan zehaztutako banakako ekintza txiki horiek gizarteratuko dituzte, "eta gogoeta eta azterketa gehiago beharko dituzten beste ekintzak, hala nola, aurrekontua behar duten proiektu eta ekimenak, identifikatuko dira".  Ekintza horien bideragarritasuna aztertuko dutela esan du udalak, 2021. urteko aurrekontuan sartu daitezkeen ekimenak zeintzuk diren jakiteko.

Era berean, 2020-2021eko Tolosatzen Eskola Irekiaren programa osatuko duten jardueren beharra identifikatu nahi dute eta urrian partaidetza prozesuaren azken topaketa egingo dute herritarrekin, prozesu osoan zehar landutakoa azaldu eta aurkezteko.

Parte-hartzea

Saioetan parte hartzeko aurrez izena eman behar da, eta horretarako galdetegi bat bete behar da eta topaketa telematikoan parte hartzeko pasahitza jasoko du herritar bakoitzak. Tolosar guztiek parte hartu ahal dute eta udalak jada, parte hartzeko gonbita luzatu die Tolosatzen Eskola Irekiko prozesuan parte hartu duten guztiei. Zalantzak argitzeko 010 telefono zenbakira deitu daiteke, gobernantza@tolosa.eus helbidera idatzi, edo 688 768 458 telefono zenbakira whatsapp mezua bidali.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!