Uraren presentzia, Tolosako egutegia osatzeko irudietarako

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko eka. 11a, 15:43

Uztailaren 12a arte bidali daitezke 2021. urteko bilduma osatuko duten argazkiak; irailaren 25ean jakinaraziko dira irabazleen izenak.

Une oso zehatz batean, toki zehatz batean eta egileak hautatuko ikuspuntu batetik egindako irudiak dira argazkiak; istant baten isla zehatza, segundo batean gertatu zen zerbaiten betikotzea. Argazkiek askotariko helburuak eta intentzioak bildu ditzakete; asmo estetiko-artistikoa izan dezakete kasu batzuetan. Hala, 15 urte bete dira aurten, Tolosako Udala, herritarrek ateratako argazkiekin egutegi bat osatzen hasi zela. Urtetik urtera, gaiak aldatzen joan diren moduan, herritarren argazkigintzarako zaletasuna eta profesionaltasuna ere handitzen joan dira.

Dagoeneko martxan jarri dute 2021eko Tolosako Egutegia osatuko duten argazkiak hautatzeko lehiaketa. Orain arte, 2006ko egutegiaz geroztik, erretratuak, jaiak, euskara, parekidetasuna, argiak, ateak, eraikinak edota auzoak izan dira hautatutako gaiak. Tolosako ura; ibaiak, errekak izango da aurtengoa.

Lehiaketa tolosarrei zuzenduta egongo da aurten, eta Tolosan erroldatutako edonork parte hartu ahalko du. Herritarrek uztailaren 12ra arte izango dute argazkiak bidaltzeko aukera, www.tolosa.eus webguneko Tolosanklisk atalaren bidez. Parte-hartzaileek galdetegi bat bete beharko dute proposamenak aurkezterakoan, eta bertan, datu pertsonalez gain, argazkiaren izenburua eta argazkia non egin den zehaztu beharko dute. Galdetegi horretan jasoko da parte-hartzaileek erroldatze-datuak kontsultatzeko Tolosako Udalari ematen dioten baimena.

KONTUAN IZAN BEHARREKOAK

Argazkiak Tolosan egindakoak eta argitaratu gabeak izan behar dute. JPG formatuan aurkeztu behar dira, formatu horizontalean (3:2). Gutxienez 2 Mb eta gehienez 10 Mb-eko pisua izango dute. Ezarritako artxibo formatua, euskarria edo tamaina errespetatzen ez duten argazkiak zuzenean baztertuko dira.

Partaide bakoitzak gehienez 5 argazki aurkeztu ahal izango ditu lehiaketara. Argazkietan, lehenengo edo erdiko planoan, norbait azalduko balitz, pertsona horren baimena aurkeztu beharko da, eta erreklamazio baten aurrean, egilearena izango da erantzukizuna.

Aurkeztutako argazki guztiak web orriko aplikazioan azalduko dira. Iraingarritzat edo desegokitzat jotzen diren proposamenak ez onartzeko eskubidea ere izango du Tolosako Udalak. Halakorik gertatuz gero, Tolosako Udalak berak erabakiko du egileari proposamenak ez onartzeko arrazoiak zeintzuk diren jakinaraztea edo ez.

SARIA, BOZKATZEN DUTENENTZAT ERE

Behin irudi guztiak aurkeztuta, horietatik 40 aukeratuko ditu epaimahaiak irailaren 4an; beti bezala, argazkigintzako, arte munduko edo komunikazioko aditu eta profesionalek osatuta egongo da. Ondoren, irailaren 7tik 20ra bitarte, herritarrek irudirik gustukoenak bozkatzeko aukera izango dute, soilik webgunearen bidez eta izena eman ondoren, erabiltzaile bakoitzak boto bakarra eman ahal izango duelako. Udalak iruzurra egin duen susmoa eragiten dion edozein erabiltzaile kanporatu ahalko du; era berean, haren kontua itxi eta eman zituen botoak baliogabetuko ditu.

Boto gehien jasotakoa izango da egutegiko azaleko argazki nagusia, eta irailaren 25ean jakinaraziko dira irabazleen izenak. Izan ere, hilabete bakoitzerako argazkiak, hau da, egutegia osatuko duten gainerako 12 irudiak ere aukeratuko dira, baina kasu honetan, epaimahaiaren ardura izango da.

Azkenik, egutegiaren aleen banaketa azaroaren 11n, 12an eta 13an egingo da, Zerkausian. Azaroaren 16tik aurrera, berriz, Trianguloa plazako Antonio Maria Labaien Kultur Etxean izango dira eskuragarri.

Egutegiko azala atonduko duen argazki irabazlearen egileak, 600 euroko saria jasoko du; gainerako finalista bakoitzak, berriz, 200 euro. Horrez gain, argazkiei botoa ematen dietenen artean tablet bat zozkatuko da.

Irabazle suertatzen diren irudien kasuan, Tolosako Udalak nahi dituen helburu guztietarako erabili ahal izango ditu, horretarako egileari inolako baimenik eskatu behar izan gabe. Aurkeztutako gainerako argazki guztiak udalaren argazki funtsean gordeko dira, eta helburu publikoa duten ekitaldietan erabili ahal izango dira, beti ere egilearen aipamen zehatzarekin.

Udalaren webguneko Tolosanklisk atalean daude lehiaketari buruzko xehetasun guztiak. Informazio gehigarria behar duenak, kultur etxera joan, kultura@tolosa.eus helbidera idatzi edota 943 670 383 telefono zenbakira deitu behar du.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!