Future is female

Erabiltzailearen aurpegia Rocio Fraga Vazquez 2020ko eka. 13a, 08:00

Goiz hartan ohi baino lehenago esnatu nintzen. Eguneroko erritualari jarraituz, komunean sartu nintzen beste ezer egin aurretik, baina ez nintzen segituan atera, ohikoa zen bezala. Egunsenti hartan urduritasunez bi minutu itxaron behar izan nituen, tira txuri bati begirada kendu ezinik. Eta, hara! Bi marra arrosa azaldu ziren bat-batean.

Orduan hasi zen amatasun eta aitatasun prozesu berria gure familian; algarak, besarkadak, gainontzeko senideei berria eman, ilusioa, bizi berri batek dakarren urduritasun goxo berezi hori…

Aste batzuk pasata, berriro gure bizitza aldatu zezakeen aparatu baten aurrean topatu nuen neure burua. Oraingoan ekografo bat. Sexu-organo femenino normalak omen dauzka tripan daramadan txikiak. Poz handiz jaso genuen berria, aurretik bi mutil baitauzkagu eta esperientzia desberdina izango zelakoan, ilusio eta gogo berpiztuekin atera nintzen medikuaren kontsultatik.

Nire pausoak etxera zuzentzen ziren bitartean, nire pentsamenduak eta sentsazioak beldurra eta segurtasun gabeziara jo zuten. Eta nire alabak mundu honetan zer topatuko du? Mikromatxismoak, kristalezko sabaiak edota genero rolak egoerarik onenean. Jasan beharko al ditu ustezko piropoak? Norbaitek berak desio ez badu ere ukituko al du? Bere aurretik etorri diren beste milioika emakumeekin gertatu den bezala bere etorkizuna eta bizitza proiektua bere generoa dela eta aurrez erabakiko al du sistemak?

Eta nire alabak mundu honetan zer topatuko du? Mikromatxismoak, kristalezko sabaiak edota genero rolak egoerarik onenean


Nire azalean bizitako esperientziak dira guzti hauek, eta gertatu zaizkidanean, edo haietaz ohartutakoan, amorrua sentitu badut ere, une hartan sentitu nuenarekin ez dago alderatzerik. Amatasunak hor baitauka letra txikia, zure kumea babesteko sen horrek beldurra darama eskutik.

Etxerako bidea luzea zenez, hausnartzeko astia soberan neukan eta, nire alabak topatuko dituen errealitate guztiak beltzak ez direla izango pentsatu nuen. Biziko ditu ere emakume izateak emango dizkion sentipen zoragarriak, mugimendu feministak eskainiko dion babesa eta ahizpatasuna, baina batez ere, ez du biziko bere amak eta beste askok pasa dugun beldurra. Bera neska dela jakin nuen une hartan sentitu nuen beldurra indar bilakatuko dut, eta berak ere hori egin dezan heziko dut. Etxera iritsi nintzenerako ideia bat argi neukan neure buruan eta sabelean, alabari aldaketarako esperantzaren hazia helaraziko diot, eta gure bi semeak ere feminismoa oinarri hartuz hezteko habia sortuko dugu etxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!