Ofizio zaharra, etengabe berri

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko eka. 14a, 05:59

Agindurik ematen ez duten arren, ezinbesteko langileak dira udal idazkariak. Begoña Garmendiak Tolosako Udalean egiten du lan. «Ez da erraza, eta ikastea besterik ez dago», aitortzen du. Administrazio elektronikoaren ondorioz, jada formula batzuk anakronikoak direla dio.

Hartzen diren erabakien edo sinatzen diren kontratuen fede-emaileak izatea da udal idazkarien egitekoa. Hala ere, aholkulari modura ere jarduten dute, erabakiak legediarekin bat datozela begiratu eta adierazteko. Gainera, alkatearen ebazpenak eta tokiko gobernu batzarretan hartzen diren erabakiak ere sinatzen dituzte. Hori da, azken finean, beraien lana arautzen duen 128/2018 dekretuak ematen dien ahalmena.

Begoña Garmendia Tolosako Udaleko idazkariak, ordea, beste modu batera sentitzen du bere ofizioa. «Udalaren antolakuntzan, zerbitzuen eskaintzan nahiz herritarrek egindako tramiteetan laguntzak ematea ezinbestekoa da, prozesuak errazteko. Askotan psikologo lanak egitea ere egokitzen zaigu».

Legeak etengabe aldatzen eta berritzen doazenez, eta kontrola handitu denez, idazkariek orain «ardura handia» dutela dio Garmendiak. «Legez kontrako erabakiren bat hartuz gero, tendentzia handia dago idazkariaren figura jomugan jartzeko». Idazkarien lanaren zailtasunaz galdetuta, beste faktore batzuk aipatzen ditu berak. «Ez bazara udaleko dinamikan edo herritarrekin inplikatzen, eta soilik legeak formalki ematen dizkizun ahalmenak betetzen badituzu, erraza da. Baina, arazoei irtenbideak ematen ere lagundu behar dugu, ikuspuntu desberdinen arteko oreka aurkituz, egon daitezkeen arriskuak ekiditeko».

Azken urteetan, administrazioaren barneko nahiz kanpoko harremanetan, aldaketa asko eman direla dio Garmendiak. «Gero eta protokolo gehiago jartzen dira martxan, eta eskaera maila handiagoa da. Lehen urteetan, ordenagailurik gabe aritzen ginen, eta zuzeneko kontaktu eta harreman gehiago izaten ziren. Ulerkorra zait puntu bateraino gauzak estandarizatu beharra, bestela ezinezkoa litzakeelako eskaera eta espediente guztiak bideratzea. Hala ere, zerbait galdu dugu bidean; gure ofizioaren diseinua nahiko zaharkitua da, eta gauzak beste era batera antolatu daitezke. Formula batzuk anakronikoak dira jada».

«Guztiok lankideak gara udaletxean»

Abokatu modura lan egin ondoren, Errezilgo udalean eman zituen lehen urratsak. «Baserri guztien izenak ikasi nituen; herri txikia izanik, denetik egitea egokitu zitzaidalako. Orduan, lan honen alde onenaz jabetu nintzen, jendearekin izandako harremanagatik; esperientzia ederra izan zen, eta zaila izango da beste inon errepikatzea». Ondoren, Usurbilgo eta Azpeitiko udaletan ere aritu zen, 2017ko azaroan Tolosan kargua hartu zuen arte.

Herritarrekin dituzten harremanez gain, idazkariek udal langileekin dituztenak ere zaindu behar izaten dituzte. Horiek nolakoak izan behar duten galdetuta, Garmendiak argi du idazkarien jarrerak eta horiek lantzeko ematen diren pausoek baldintzatzen dituztela. «Izango da erakunde batera joan eta langile guztien gainetik jartzea gustuko izango duenik. Nik, ordea, ez dut gustuko hori, guztiok lankideak garelako. Ezinbestekoa eta aberasgarria iruditzen zait gainerakoekin ahalik eta gehien kontrastatzea, galderak egitea eta iritziak jasotzea».

Legeekin etengabeko elkarbizitzan daudela dio Garmendiak. «Edozein aldaketa edota erabaki berriei adi egotea egokitzen zaigu. Orain, adibidez, asteburuetan argitaratzen dira dekretu berriak, eta beraz, aste osorako lana izaten dugu».

Idazkariak partekatzea, aukera egokia

Gipuzkoako Foru Aldundiak bere Aldizkari Ofizialean argitaratu berri du Anoetan, Iruran eta Zizurkilen idazkari lanpostu bana hornitzeko eskaintza. Hautaketa-prozesu batean elkartu dira, bitarteko izaeraz. Bestalde, gerta daiteke herri batek baino gehiagok idazkaria partekatzea. «Herri txikientzako formula egokia iruditzen zait udalen artean lanpostuak partekatzea, eta gehiago zabaldu behar da, bestela ekonomikoki ez da jasangarria. Horrek, baina, herrien arteko lankidetza eskatzen du».

Eskualdearen kasuan, gainerako herrietako idazkari batzuk ezagutzen dituela dio. «Tolosaldea Garatzenek antolatutako foroetan elkartzen gara, noizean behin. Hala ere, interesgarria eta beharrezkoa litzake gehiagotan elkartzea, bestela bakoitza bere herriaz bakarrik kezkatzen baita. Ez genuke beldurrik izan behar elkarri deitu eta adibideak ezagutarazteko, arazoak nola konpontzen ditugun galdetu eta esateko».

Udaletxe askotan izan dira erretiroa hartu duten idazkariak; ondoren, ordea, arazoak izan dituzte postu horiek betetzeko, arrazoi ezberdinengatik. «Faktore desberdinen emaitza da. Ezin dugu ahaztu oposizioak Madrilen egiten direla orain, eta hori jada buruhauste handia da. Gainera, plaza kopurua mugatua izaten da, eta ez da nahikoa. Prozesua gogorra da, eta ikasi egin beharra dago, ez dago besterik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!