Berazubi estadioari lotuta

Imanol Garcia Landa 2020ko eka. 10a, 13:00

Atletismoa maite du Jose Luis Gonzalezek, eta 73 urte betetzear denean, gazte baten ilusioarekin hitz egiten du kirol horretaz; pandemia baino lehen bi domina lortu zituen Espainiako Txapelketan.

Hamalau urterekin hasi zen atletismoan lehiatzen Jose Luis Gonzalez San Sebastian Txilis (Tolosa, 1947) Tolosa CF-ko atleta. Berazubi estadiorekin lehen lotura, Eskolapioetan ikasten zuenean izan zuen. «Korrika egitera eramaten gintuzten. Gero xabalinarekin ere hasi ginen zer edo zer egiten. Nire anaiak ere egiten zuen zerbait, nagusiagoa zen eta berarekin etortzen nintzen», esan du Gonzalezek. «Garai horretan Espainiako selekzioa Berazubira etortzen zen, kontzentrazioak egitera, eta gu beraiek ikustera etortzen ginen, ilusio handiz». Horrela sartu zitzaion atletismoaren harra, eta gaur egun ere jarraitzen du, ilusioz, 73 urte betetzeko bidean.

Luzera jauziarekin ekin zion lehiatzeari, eta gero xabalinarekin eta ondoren diskoarekin ere hasi zen. Geldialdiak izan ditu, lanagatik besteak beste, baina beti garbi izan du atletismoa egitera itzuliko zela. «Pasio» hitza atera zaio hainbeste urtetan atletismoan aritzearen arrazoiaz galdetzean. «Espainiako selekzioarekin etortzen zirenek piztu zidaten hori, hemen nola entrenatzen ziren ikusita. Gure Armando Roca handiari horrela esaten diot, gogoan dudala nola etortzen ziren, eta besteak beste, Miguel De la Cuadra Salcedorekin-eta nola egoten ziren».

Gonzalezek atletismoa praktikatzea du gogoko, eta, batez ere, lehiatzea. «Nik gero lehiatzeko entrenatzen dut, bestela ez. Lehiatzeko, eta baita irabazteko ere. Halere, garbi izanik irabazten ez badugu ez dela ezer gertatzen». Atleta izan den urte guzti hauetan asko aldatu da atletismoa, batez ere instalazioak: «Ogerleko bat sartu behar izaten genuen, gaueko zortzi eta erdietan, dutxatzeko. Denak presaka dutxatzen ginen, batak besteari ogerlekoa bukatzen zela esanez...». Aldagelak «benetan txarrak» zirela dio, eta gimnasioa ez zela berez gimnasioa: «Lau pisu zeuden, beste lau trasterekin». Pista bere garaian errautsezkoa zen, eta euria egiten zuenean, belauneraino lokatzez jartzen zirela dio. «Eta zapatilak? Iltzezko zapatilak izatea mirari bat zen, eta egun dauden ohiko zapatilarik ere ez zegoen orduan. Alpargatekin hasi ginen, gero olanazko oinetakoekin...».

Egun espezializazio gehiago dago atletismoan, Gonzalezen arabera. Lehen hainbat probetan parte hartzen zuten, mota guztietakoak. «Ahal zen gehienetan parte hartu nahi izaten genuen. Lehiatzeko gogo hori izaten genuen». Dekatloia egiten ere aritu zen, baina atleta beterano bihurtu zenetik, 40 urte bete ondoren, batez ere xabalinan eta diskoan zentratu da.

OZTOPOEN GAINETIK

Ebakuntzek ere ez dute geratu atletismoan aritzeko duen grina. Belaunetan eginak ditu ebakuntzak, eta orain bi urte bihotzean. «Garaiz harrapatu zidaten, oso itxita bainituen koroa arteriak. Hiru by-pass egin zizkidaten, eta libratu ederra izan nuen». Bost hilabeteko berreskuratzearen ondoren, esfortzu proba bat egin zuen. «Proba ona egin nuela esan zidan medikuak. Ea atletismoan jarraitzeko aukerarik izango nuen galdetu nion, eta baiezkoa erantzun zidan, eta ni pozik eta aurrera, berriro atleta sentitzeko ilusioarekin». Gonzalezek opari moduan hartzen du ebakuntzaren ondorengo bizitza.

Aurtengo otsailean, Espainiako Txapelketan M-70 kategorian urrea lortu zuen disko jaurtiketan eta zilarra xabalinan. Beterano mailan lehiatzerakoan, Espainiako Txapelketetan dominak eskuratzen hasi zen. Guztira 18 domina lortu ditu Espainiako Txapelketetan, xabalina eta disko probetan. Markei dagokienez, oso pozik dago diskoarekin egin zuen 38,35 metrokoarekin, 68 urte betetzeko zela. Berazubin egin zuen gainera. Xabalinari dagokionez, aurten 32,84 metroraino jaurti du, Gipuzkoako marka berria ezarriz. Iaz ia 10 metro hobetu zuen, 30,38raino, eta aurten bi metro eta erdiz handitu du marka hori.

Lehen xabalinarekin hobeto moldatzen zen, bere alturarekin bi kiloko diskoarekin okerrago aritzen baitzen. «Orain, kilo batekoa erabiltzen dugunez, hobeto moldatzen naiz, eta besteak baino hobeto egokitu naiz pisu horretara», dio. Hain justu, orain xabalinarekin moldatzea gehiago kostatzen zaio. «Adinean gora egitean, pisu gutxiagoko xabalina erabiltzen da. Teknika zailagoa da, asko kostatzen da trukua harrapatzea. Gutxi pisatzen duenez, gaizki ematen diozu, eta ez da ondo ateratzen. Xabalinan teknika aplikatu behar da, bestela edozein lekura joaten da».

Gehienbat bakarrik entrenatzen du Gonzalezek, eta tarteka aholku teknikoak ematen dizkio taldeko kideren batek. «Aurretik dudan oinarrizko entrenamendu bat jarraitzen dut, unean ditudan belaunetako ajeen arabera aldatzen dudana. Ariketa batzuk egokitu behar izaten dira», zehaztu du. Hesiak ezin ditu erabili, belaunengatik. Korrika belarrean egin behar izaten du, baina ez du askorik egiten, «bihotzak funtzionatu dezan». Hori bai, abiadura ariketak egiten ditu, lehiaketa iritsi ahala orduan eta motzagoak. «Abiadura behar izaten da diskoa jaurtitzerakoan bira egiteko, eta baita xabalina jaurtitzerakoan ere. Pisuekin ere ibiltzen naiz, indarra lantzeko. Eta gero, teknika asko, hau da, jaurti behin eta berriro».

ILUSIOZ GAINEZKA

Koronabirusaren pandemia dela-eta bi hilabetez ia etxetik atera gabe egon da, bere osasun egoerarengatik arrisku handikotzat jotzen baitute. «Gaur egun ere ez zait asko gustatzen ateratzea. Ez naiz guztiz fio. Ez naiz paseatzera ateratzen, tarteka bizikletan paseoren bat ematen dut, eta ez naiz inorekin hitz egitera geratzen». Berazubira noiz joan ahalko den esperoan dago, pixkana berriro entrenatzen hasteko. Halere, ez du garbi ikusten beteranoen txapelketak noiz hasiko diren berriro antolatzen: «Birus eta gaixotasun honekin zerbait gertatzeko arrisku gehiago dago, eta ea zein animatzen den horrelako txapelketa bat antolatzera».

Atletismoak asko eman diola dio Gonzalezek. «Orain, Berazubira ezin naizela etorri, nire auzoan aritzen naiz, besteak beste, nik egindako xabalina batekin jaurtiketak egiten». Berazubi bere bigarren etxea dela dio, eta ordu asko sartu dituela bertan, bai atletismoa ikusten eta baita praktikatzen ere. Tolosa CF-n ilusio handia sortzen dion harrobia dagoela dio: «Atleta gazte onak daude, eta haur asko ere etortzen dira. Begirale eta entrenatzaile onak daude».

Berak ere ilusio handia zuen aurtengo denboraldiarekin jarraitzeko, udako Espainiako Txapelketan lehiatu eta domina kopurua handitzeko. Ez daki noiz izango duen hurrengo txapelketa, baina argi du ez duela atletismotik erretiratzeko asmorik: «Nire ilusioak bete-betean jarraitzen du».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!