Atxiloketa bat droga trafikoa leporatuta, Tolosan

Ataria 2020ko ekainaren 10a

Ertzainek 27 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, eta autoan berarekin zihoan beste gizonezkoari delitu bera leporatu zioten, nahiz eta hau ez zuten atxilo eraman.

Ertzaintzaren kontaketaren arabera, atzo 19:40 inguruan, auto batek Tolosako biribilgune batean seinalizatu gabeko maniobra bat egin zuen, beste auto gidariengan "konfusioa" sortuz. GI-2135 errepidea hartu zuen ondoren, N-1eko noranzkoan. Ertzaintza auto batek argiekin eta sirenarekin gelditzeko eskatu zioten, baina autoak aurrera jarraitzen zuen. "Azkenean autoaren aurrean gurutzatu beharra izan zuten ertzainek autoa geratzeko". 

Bi gizonezko identifikatu zituzten autoaren barruan. Eurekin hitz egiten ari zirela kalamu usaina nabaritu omen zuten eta erregistroari ekin zioten. Maletategian zakar poltsa handi bat aurkitu zuten, eta barruan beste lau poltsa, kalamuarekin. Ertzaintzaren esanetan, guztira, 2 kilo kalamu kukulu atzeman zituzten.

Kotxeko gidariak ardura guztia bere gain hartu zuen, eta droga trafiko delituagatik atxilotu egin zuten. Autoan zihoan beste gizonezkoa ez zuten atxilo eraman, baina delitu bera leporatu zioten ertzainek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!