Xabier Balerdi eta Osakidetzako lau goi kargu ohiri "elkartze ez zilegia" inputatzea eskatu du LAB sindikatuak

Asier Imaz 2020ko eka. 9a, 20:00

Balerdi Tolosako zinegotzia da, EAJ alderdiarekin. 2019ko irailaren 2an Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendariorde kargua utzi zuen. Tolosako EAJk azaldu zuen (2019ko irailaren 6an) kargu uzteak ez zuela "Osakidetzako EPEaren gaiarekin zerikusirik" izan: "Izan ere, legez, bi postuak ez dira bateragarriak eta beraz, udalean bere lana gauzatu ahal izateko utzi dio Osakidetzan lan egiteari".

Osakidetzako EPEaren irregulartasunen inguruko prozesu judizialaren barruan, Osakidetzako bi arduradun deitu dituzte gaur deklarazioa hartzeko, inputatu gisa.

LAB sindikatua herri akusazioa da prozesu honetan, ESK sindikatuarekin batera. Gasteizko epaitegien atarian, LABeko Zerbitzu Publikoetako Federazioko idazkari Gorka Berasategik sindikatuak aurrera eramango duen ekimen judizialen berri eman du. Hain zuzen ere, "orain arte ikertuak izan diren pertsonen kontra modu preliminarrean egiten ari den sekretuen errebelazioko inputazioaz gain", LABek inputazio gehigarri bat zuzenduko du "bost goi-kargu ohiren" kontra: elkartze ez-zilegia.

Bost pertsona horiek eta euren orduko karguak hauek dira:

  • Jon Darpon Sierra (Osasun sailburua).
  • Mª Jesus Mugica Anduaga (Osakidetzako zuzendaritza nagusia).
  • Juan Carlos Soto Pérez (Osakidetzako giza-baliabideetako zuzendaria).
  • Xabier Balerdi Tolosa (Giza baliabideetako zuzendariordea).
  • Andoni Arcelay Salazar (Osasun arretako zuzendaria).

ESK sindikatuak azaldu duenez, bat egingo du LAB-en eskariarekin. ESK-ko hiru kidek azaleratu zuten oposakete irregulartasunen gaia, hain zuzen ere, Mondragon Ospitaleko Manuel Martinez, Marta Macho eta Roberto Sanchez anestesistek.

LAB-en salaketa:

"Osakidetzako azterketen filtrazioak etengabeak izan dira administrazio honen historian. 1990eko EPEak zenbait froga bertan behera uztea ekarri zuen, eta kartzela zigorrak jaso zituzten PSOEri lotutako pertsonek. Agian, euskal administrazioaren eremuan egondako eskandalurik handiena izan zen".

"Dimentsio honetara iritsi gabe, 2016-2017ko LEParen aurreko hilabeteetan LABek prozesu horretan parte hartzen ari ziren zenbait pertsonaren lekukotzak jaso zituen. Hauek, medikuen plazetara sartzeko zegoen aitapontekotza prozedura biziatu eta normalizatuaren berri eman zuten. Informatzaileek, lehen momentutik ulertu zuten formula horrek injustizia handia zekarrela, enplegu publikorako sarbidean berdintasun printzipioa urratzea gehiegikeria delako espezialitate horietara aurkezten diren hautagai guztientzat, plaza lortzeko aukera ia bakarra Zerbitzuburu baten babes edo bultzada delako, eta zeharka, kalte handia sortzen dio jendarteari ere".

"Horrela, duela bi urte, 2018ko ekainaren 18an, EPEak zuen diligentzia falta ikusita, espezialitate batzutan 'eskuliburu operatiboan' zehaztutakoaren kontrara jokatu zuelako, gure lehen susmoak bidali genizkion Osakidetzaren zuzendaritza nagusiari. Deigarria izan zen beranduago ezagutzea jarduteko bide irregular hori, goiko mailetan zeudenek ezagutu eta babestu egiten zutela".

"Aste horretan izan zen LABek, anestesisten salaketa publikoaren ondoren, bere lehen azterketa estatistikoa argitaratu zuenean, 11 kategoritako emaitzak anomalotzat jotzen zituena. Bigarren azterketa batean, 19 izan ziren ohi ez bezalako eta azaldu ezinezko emaitzak zituzten kategoriak".

"Sindikatuak egindako salaketen aurrean, gertatutakoa azaltzeko lankidetzan aritzeaz urrun, harriduraz egiaztatu genuen Osakidetzaren Zuzendaritzak baliabide publikoak erabili zituela salatutako gertakarien argitzea oztopatu edo denboran luzatzeko".

"Jose Muñiz Oviedoko Unibertsitateko Katedradunak idatzitako txosten psikometrikoak agerian utzi zituen emaitzen banaketan zeuden bat ez etortze azaltezinak, eta honek baieztatu besterik ez zituen egin hamarnaka kategorietan zeuden filtrazio susmoak".

"Osakidetzaren zuzendaritza eta Osasun Sailaren jarrera oztopatzailearekin, bere kudeaketaren defentsa ulergarria baino askoz urrunago dagoena, ebidentziak ugaritu, pilatu eta sendotzen ari zirela ikusita, jarrera alde batetik oztopatzaile eta beste aldetik erasokorra hartu zuten, sindikatu eta legez kanpoko praktikak salatu zituzten anestesistei eraso eginez. Jarrera honek eraman gintuen pentsatzera Osakidetzaren zuzendaritza berak eta baita Darpon sailburuak ere jarduera hauek ezagutzen zituztela, eta hauek ezagututa, babestu nahi izan zituztela, eta ahal zen neurrian ezkutatu".

"Ebidentziak ukaezinak dira. Osakidetzak, sindikatuok presionatuta, EHAAk azterketa teorikoak prestatzea onartu behar izan zuen (notaren %65 balio zutenak) eta baita EPEa bera kudeatzea ere, baina Osakidetzako zuzendaritzak beretzat gorde zuen epaimahaien izendatzea, eta baita ere bigarren azterketa idatziko zutenen aukeraketa ere. Baina deigarriena da EHAAko zuzendari Maria Teresa Iruretagoienaren deklarazioan, batetik eta Darpon Sailburuak parlamentuan emandako galdera idatzi bati emandako erantzunean bestetik, jakin zen moduan, Osakidetzaren zuzendaritzak EHAAri zerrenda helarazi ziola lehen azterketa idatzi beharko luketen pertsonak aukeratzeko. Zerrenda honetan espezialitateko pertsona bakarraren izena agertzen zen eta horrela zuzendaritzari bermatu egiten zitzaion, zeharka, lehen azterketa (teorikoa) prestatuko zutenak aukeratzea, eta gainera, Osakidetzaren zuzendaritzak EPEaren gaineko kontrol osoa izatea, baina dena gardentasun, legaltasun eta inpartzialitate irudiarekin, eta dena EHAAren parte-hartzeagatik. Ikusi dugun moduan, parte-hartze hau instrumentala baino izan ez denean".

"Honen ondorioz, LABek, herri akusazio moduan, gertatutakoa argitzeko prozeduran aurre egiteko, eta egintza horiek epaituak izan daitezen, gaur bertan, epaitegiari 30 diligentzia egitea eskatu dio (ofizioak eta lekukoen dekarazioak) eta baita neurri egokiak (indartzeko neurriak) ezartzea ere, beharrezko diligentziak legeak zehaztutako epeetan egin ahal izan daitezen".

"Osasungintza publikoa estatu sozialaren funtsezko oinarrietakoa da, eta arrazoi honengatik, zuzendaritzatik bertatik sarbidea bermatu behar da prozesu gardenen bidez, garbitasuna eta pertsona guztientzako aukera berdintasunarekin. Honekin lotuta, LABek lanean jarraituko du Osakidetza demokratizatzeko, helburu bikoitzarekin, euskal herritarrok merezi dugun osasun zerbitzu onena lortzea eta langile guztientzako lan-eskubide guztiak bermatzea".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!