Tolosala kirol elkarteak areto futboleko eskola jarri du abian

Imanol Garcia Landa 2020ko eka. 9a, 19:59

Benjamin eta alebin mailako neska eta mutilei zuzendua izango da; Tolosako Usabal kiroldegian egingo dituzte entrenamendu saioak, igandetan eta ordubeteko iraupenez.

Tolosala areto futbol eskola jarriko da martxan Tolosako Usabal kiroldegian. Proiektua denboraldi honetan sortu dute Tolosala kirol elkartetik. Kluba handitzen doa, hain justu, aurtengo denboraldian gizonezkoen bigarren taldea eta emakumezkoen taldea martxan jarri baitituzte. Horrez gain, haurrentzako 4x4 txapelketa antolatu zuten irailean, eta hori izan da orain eskolaren proiektua abiarazteko pizgarria.

Txapelketa hori benjaminentzat eta alebinentzat antolatu zuten. «Arrakasta izan zuen, umeengan eta gurasoengan, eta beraiengandik etorri zitzaigun eskola sortzeko ideia», esan du Tolosala lehen taldeko jokalari eta begirale moduan eskolan arituko den Imanol Antak. «Ideia horri denboraldi honetan forma ematen aritu gara, azken hilabeteetan udalarekin-eta hizketan aritu gara, eta orain aldundiarekin azken pausoak ematea falta zaigu». Eskolaren helburua da «Tolosaldean areto futbola gehiago zabaltzea haurrengan, bai alebinetan eta benjaminetan, eta bai neska eta mutilengan ere».

Haurrentzako txapelketa antolatu zuenean, Tolosala kirol elkartearen helburuetako bat bere izena zabaltzearena izan zen, eta Tolosa mailan areto futbolak indarra hartzea. «Kontziente gara hemen inguruan, senior mailan, areto futbolak izugarrizko indarra duela. Hor daude Laskorain eta Lauburu Ibarra, eta orain gure lehen taldea Hirugarren Mailara igo dena. Baina ikusten dugu haurren kategorietan ez duela arrakasta berdina, eta nahi izan genuen txapelketa horren bitartez zabaltze prozesu bat abiarazi», esan du du Antak.

Tolosala kirol elkartearentzat areto eskola martxan jartzea «sekulako pausoa» dela esan du Antak. «Tolosaldean haurrei areto futbolean aukera hori ematea guretzako oso pozgarria eta aberasgarria da. Aukera ematen ari gara haur guztiei kirol honetan murgildu, ikasi eta hezteko, eta izugarrizko aukera da beraientzat zein guretzat».

Udalaren eta Tolosako ikastetxeen oniritzia jaso du proiektuak. «Ideia oso positiboa iruditu zaie, eta orain aldundiaren prozesua bakarrik falta zaigu», zehaztu du Antak. Eskola benjaminentzat, LH3 eta 4 mailetan daudenentzat, eta alebinentzat, LH5 eta 6 mailetan daudenentzat, zuzenduta dago. Oraindik ez dute hasiera data zehaztuta, besteak beste gaur egun bizi den pandemia dela eta, baina bai saioak igandetan eta Usabal kiroldegian egingo direla. Astean behin izango dira, beraz, entrenamenduak, eta ordubete iraungo dute. Informazio gehiago nahi duenak zein eskolan izena emateko tolosalaeskola@gmail.com helbidera idatzi dezake.

Eskolaren arduradunak Julen Lizaso eta Naroa Zubiria izango dira. Lizasok Heziketa Fisikoko gradua ikasi du eta proiektuarentzat oso profil egokia duela zehaztu du Antak, «areto futbol eskola honetarako ariketak prestatzeko eta aurrera eramateko». Zubiria azken urteetan senior mailan ibili da areto futbolean, eta Tolosala kirol elkartearen lan taldean sartu da azken hilabeteetan. «Izugarrizko lana egiten ari da, eta pentsatu genuen emakumezko bat izatea arduradun moduan oso garrantzitsua zela, eskola neska zein mutilentzat pentsatuta baitago, eta eskolan emakumezko bat erreferente moduan egon zedin nahi genuen», esan du Antak. Tolosala kirol elkarteko lan taldeko kideak ere prest izango dira proiektuan parte hartzeko, eta horietako hainbatek begirale titulua dutenez, tartean Antak berak, eskolan zuzenean laguntzen aritu ahalko dira.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!