Ezohiko moduan, baina,  kalitatea mantenduz

Tolosaldeko Ataria 2020ko eka. 9a, 19:58

Uztailaren 2tik 4ra izango da Tolosandblues jaialdia; egoerak behartuta, Euskal Herriko taldeak izango dira protagonista.

Antolatzaileak dagoeneko hurrengo urteko jaialdian pentsatzen ari baziren ere, azkenean posible izango da Tolosako kaleak blues doinuekin alaitzea. Izan ere, neurriak malgutuz doazen heinean, kaleko ekitaldiak ari dira pixkana egiten, eta Tolosako Udalak aurtengoari eustea erabaki du. Hori bai, aurreratu dutenez, neurri bereziekin egingo da, alegia, distantziak mantenduz, eta ikus-entzuleen kopuru mugatuarekin. Uztailaren 2tik 4ra hartuko du Tolosak Tolosandblues jaialdia. 16. urtea izango du aurten, eta Iñigo Martin antolatzaileak esan duenez, «ezohiko moduan egingo bada ere, aurreko urteetako kalitatea bermatzea lortu da». 


Egitarauari dagokionez, oraindik zehaztu gabe duten arren, estatuaz haragoko artistarik ez dela izango adierazi du Martinek: «Aurreko urteetan Estatu Batuetako eta beste hainbat lurraldetako artista handiak izan ditugu, baina aurten ez da posible hori, eta hitzartuta genituen kontzertuak bertan behera utzi beharra izan ditugu». Hala, Euskal Herriko musikariak izango dira protagonista. «Bertako taldeak bultzatu eta babestea ere izan da gure helburua». Eta horiekin batera Madril eta Bartzelonatik ere etorriko dira euren musika erakustera beste bi talde. Guztiek ere «pozez» jaso dute Tolosan jotzeko gonbidapena. «Jaialdi guztiak bertan behera geratu direla ikusita, gogotsu hartu dute musikariek aurtengo jaialdian parte hartzeko proposamena». Martinek berak ere «ilusioz» hartu zuen erabakia, izan ere, egoera ikusita irailera-edo atzeratuko zuela uste zuen.


Lau egun izatetik hiru egunera pasako da jaialdia, eta beste urteetan bezala, herriko gune desberdinetan gozatu ahalko da kontzertuez: «Euskal Herria plazan, Zerkausian, Lopez Mendizabalen, Plaza Berrian edota Leidor zinemaren atzealdean izango dira, herritarrek eserita egon beharko dute, distantzia mantenduz eta kopuru mugatuarekin eta hesituta egongo da». 


Jaialdiak izango dituen ezaugarriak zehazten ari dira oraindik, baina, Martinek argi du, beste urte batez kalitatezko blues musika entzuteko aukera izango dela: «Talde onak eta ezagunak izango ditugu gure artean, eta oso egitarau polita osatu ahal izan dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!