«Osasun berme guztiekin» irekitzea dute helburutzat

Imanol Garcia Landa 2020ko eka. 9a, 14:59

Ekainaren 15a izango da Usabalgo eta Berazubiko instalazioak erabiltzeko lehen eguna; hitzordua hartu beharko da eta ostegunerako sistema martxan egotea espero dute.

Usabal eta Berazubi kirol instalazioetan ekainaren 15ean irekiko dituzte ateak erabiltzaileentzat. Kirolzer enpresak prebentzio plan zehatza garatu du kirol espazioak segurtasun eta prebentzio neurri guztiak hartuta herritarrei zabaltzeko.

Joxe Mari Villanueva Kirol zinegotziak azaldu duenez, kirol azpiegiturak irekitzeko plangintza osatzerakoan «udalaren borondatea izan da tolosar guztien osasuna bermatzea, hori izan da lehentasuna». Horrelako instalazioak martxan jartzea ez dela erraza esan du, eta gogora ekarri du 11.000 bazkide daudela. Villanuevak herritarrei eskatu die «zuhurtziaz» jokatzeko: «Birus hau ez dago gaindituta, eta inork ez daki zein momentutan berriz agertu daitekeen. Beraz, norberak lagundu behar du erabileran, eta pazientzia ere eskatzen diegu herritarrei».

Usabal eta Berazubi instalazioetako kudeatzailea da Asier Martin, eta gogora ekarri du Kirolzer, udalarekin batera, Gipuzkoan lehenetarikoa izan zela instalazioak ixten: «Argi genuen gure langileak eta gure bezeroak zaindu nahi genituela». Irekitzerako orduan beraien helburu bakarra instalazioak «seguruak» izatea dela nabarmendu du. «Badakit jendeak kasu askotan presa duela, baina guk ezin dugu ireki segurtasun guztia bermatu arte. Zorrotzak izaten ari gara gure buruarekin eta horrela planteatuko dugu instalazio guztien erabilera, bezeroentzat zein langileentzat».

Egun ezarrita dauden «oinarrizko lau arauak» kirol instalazioetan ere bete egin beharko direla zehaztu du Martinek: «Bi metroko distantzia mantendu behar da kiroldegia erabiltzen dugun une oro. Bestalde, eskuen garbiketa maiz egiteko elementuak jarriko ditugu. Horrez gain, desinfekzioa egin beharko da zerbait erabili aurretik eta ondoren. Eta azkenik, jarduera fisikoa egitea modu seguruan».

Instalazioen garbiketa eta desinfekzio lanak egingo dira, eta horiek gauzatzeko instalazioak 14:30etik 15:30era itxita egongo dira. Bai sarrerak eta bai irteerak seinaleen bidez jakinaraziko dira. Erabiltzaile kopurua %60 artekoa izango da. Hori horrela, aurretik hitzordua eskatu beharko da, eta txartela tornutik pasatzea derrigorrezkoa izango da, pilaketak saihesteko eta edukiera kontrolatzeko. Instalazioetara maskararekin sartu beharko da, eta kirol-jarduera egiteko kendu ahal izango da, baina ariketa fisikoa amaitu ondoren berriro jarri beharko da.

AURRETIAZKO ZITA

Kirol instalazioak aurretiazko zitarekin bakarrik erabili ahal izango dira eta ordutegia errespetatu beharko da pilaketak saihesteko. Erreserbak bi modutara egin daitezke: webguneko erreserba-plataformaren bitartez, www.usabalkiroldegia.com helbidean, aurretik posta elektronikoa aktibatuta, edota telefonoz. «Ezarritako sistemaren bitartez, erabiltzaile guztiei aukera berdintasuna bermatzea da helburua», azaldu du Martinek. Aurretiko zitaren sistema ezartzeko erlojuaren kontra ari direla lanean azaldu dute, eta espero dutela ostegunerako prest izatea.

Instalazioak ireki bitartean, kuotak izoztuta mantenduko dira. Erabiltzaileek martxoko kuota osoa ordaindu zutenez eta instalazioak hilabete erdialdean itxi zirenez, ekaineko 15 egunak ez dira kobratuko eta, hortaz, kuotak uztailetik aurrera kobratuko dira.

Azkenik, Martinek azaldu duenez, «Kirolzerretik eratutako Prebentzio Plana dokumentu ireki eta aldagarria da, momentuko testuingurura eta irizpideetara egokituko dena. Aldaketen berri emango da une oro, eta erabiltzaileei hartzen diren neurriak jakinaraziko zaizkie». Era berean, Villanuevak zein Martinek «zuhurtzia, lasaitasuna eta pazientzia» eskatu diete herritarrei kirol guneen irekieran.

KIROL TALDEEN EGOERA

Usabal erabiltzen duten kirol talde eta elkarteei dagokionez, Martinek azaldu du «segurtasuna bermatu» behar dela: «Kirol taldeek ere beren protokoloak aurkeztu behar dituzte, eta ikusi behar dugu gaitasuna dutela segurtasun hori ere beraien esku hartzeko. Behin hori mahai gainean jarrita, ikusiko ditugu azpiegiturak erabiltzeko aukerak zein diren». 

ZERBITZUAK ETA NEURRIAK

Irizpide orokorrak

Kirola bakarka. Oraingoz, bakarkako kirola baino ez dago baimenduta, beraz, bakarka edo binaka kirola egiteko zerbitzuak eskainiko dira. Hori dela eta, honako zerbitzu hauek itxita egongo dira, momentuz: erabilera anitzeko kantxak, tatamia, rokodromoa, saunak, lurrun-bainua, terma eta ur hotzeko pileta. Ez da egoteko, itxaroteko edo jolas librerako lekurik egongo.

Prebentzio neurriak. Sarreran eskuak hidrogelarekin garbitzea ere nahitaezkoa da, eta arrisku taldekoa izanez gero (adinagatik, haurdunaldiagatik edota besteak beste, biriketako gaixotasunagatik) kirol-instalazioetara ez joatea gomendatzen da. Instalazioetara ate nagusitik sartu beharko da eta, ahal den guztietan, larrialdietako atetik irten. Dutxak erabili ahal izango dira. Takilak erabiliz gero, erabiltzaileek, aurretik eta ondoren, desinfektatu egin beharko dituzte.

Fitnes aretoak. Usabal eta Berazubiko fitnes aretoetara erabiltzaile bakoitzak bi eskuoihal eraman beharko ditu, bata handia, makinen edota esterilaren gainean jartzeko, eta bestea txikia, izerdia lehortzeko. Erabiltzaileek sarritan garbitu beharko dituzte eskuak entrenamenduan zehar, eta ukitzen den elementu bakoitza desinfektatu beharko da entrenamenduaren aurretik eta ondoren.

Barruko igerilekuak. Sarrera igerilekuko aldageletatik egingo da, ezarritako seinaleei jarraituz, eta irteera kanpoko igerilekura sartzeko atetik. Ez da igeri egiteko inolako materialik utziko; beraz, erabiltzaile bakoitzak beharrezkoa duen materiala eraman beharko du.

Igerileku txikia eta plisti-plasta eremuak adineko pertsonentzat eta familientzat izango dira. Igeri egitea ez den beste jarduerarik ezin izango da egin, igerileku handian nahiz txikian, pasabideak libre uzteko eta pilaketak saihesteko.

Kanpoko igerilekuen erabilera

Erabilera denbora mugatua. Hiru ordutegitan banatuko da: 10:00etatik 13:00etara, 13:30etik 16:30era eta 17:00etatik 21:00etara. Ordu-tarte bakoitzean pertsona guztiak aterako dira, eremu guztien desinfekziorako; izan ere, kanpoko igerilekuak 13:00etatik 13:30era eta 16:30etik 17: 00etara itxi egingo dira, desinfektatze lanetarako.

Edukieraren kontrola eta itxaronaldiak. Sorosleak bainatzeko denbora kontrolatuko du, 15 minutukoa izango dena. Erabiltzaileek ilaran itxaron beharko dute, horretarako egokituko den eremuan bi metroko distantzia errespetatuz. Ez da egongo erabilera partekatuko elementurik, hala nola txirristak, haur-parkea, aulkiak, mahaiak edo etzaulkiak. Eguzkitakoak jartzeko euskarriak baino ez dira egongo. Familia-unitate berekoak ez diren pertsonek 2 metroko distantzia gorde beharko dute gainerako pertsonekiko. Eta espazioak adin-tarteen edo taldeen arabera banatuko dira, erabilera eta kontrola errazteko.

Kanpoko espazioaren antolaketa. Belar artifizialeko eremua bitan banatuko da eta pasabide bat zehaztuko da sartu ahal izateko; gune bat gazteentzat izango da, 12-20 bitartekoentzat, eta bestea familientzat, splash txorrotik gertuen dagoen eremua, hain zuzen ere. Egurrezko eremuak 18 urtetik gorako pertsonentzat izango dira eta belar naturala, aldiz, familientzako, igerileku txikiko eremuan eta helduentzako, igerilekuetako bi alboak, izango dira.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!