Desfasea

Erabiltzailearen aurpegia Jon Irastorza Garces 2020ko eka. 9a, 11:59

Iritsi da desfasea eta bete ditugu terrazak gure beldur eta amorruekin, normaltasunera itzuli eta aipatuak ezkutatu nahian. Erronka handia baitugu parean, bidegurutzean. Zalantzarik gabe kontzientzia hazi eta ezingo gara lehenagokora bueltatu, nahiz eta gura izan. Kritika egiteko leku paregabea, dugun herriaren balantzea egiteko unea. Ez al da ahulgune eta indarguneak identifikatzea, etorkizunerako hobeki prestatuak egoteko modua?

Kanpora begira pasa ditzakegu orduak, egin ditzakegu mila galdera, eta zuzendu kritika eta ardurak. Baina herriak badu infantilismo arazo larri bat. Gure ardurei heldu ez eta gobernatzen gaituztenei zaindu gaitzaten utziz eta are larriagoa dena oraindik, eskatuz. Zentzugabeak izan diren salbuespenak onartuz arlo produktiboan, ume eta nerabeen eskubide eza gure ondorengoei transmitituz, osasun arloan etengabeko murrizketak txalotuz, komunikabideetan ziurgabetasuna irentsiz, lan prekarizazioa zaintza ordaindu gabeekin kontziliatuz, arbitrarioak izan diren isun eta jipoiak asumituz, gure artean salatuz...

Cabacas ez da beltza, ezta Altsasu ere. Ndiaye ez da estatubatuarra eta aldiz, Kobe Bryant mediterraneora pateran iritsi izan balitz, droga fardo moduan joango ginen harrera egitera. Sor ditzakegu hamaika erresistentzia kutxa hamaika herrietan eta hurrengo hamaika urtez, eta ez gara ailegatuko bankuek lapurtzen diguten adina biltzera. Bizi ez, iraun ahal izateko besterik ez du balioko, errege, politikari eta multinazionalei ere gure lana eta natura usurpatzen jarraitzen uzten diegun artean.

Bitartean hor dihardu Jaurlaritzak, egoeraren errelatoa idatziz. Gure elikadura burujabetza Eroski eta aipatu ere nahi ez ditudan antzeko «eragileen» esku utziz, krisialdia prezioak igotzeko baliatu dutenean. Gure ikerlariei ez eta enpresa lagunen artean diru laguntzak eta ERTEak banatzen nahieran. Joaquin eta Alberto atera ez eta Azkoitian ere ari dira denborarik galdu gabe, edozein kostura baina «Omm», lanpostuak sortzen dituen industria genozidaren esanetara beste zabortegi bat sortzen. Hauteskundeak datoz eta gelditu dute, noski, oraingoz.

Agian Donostiako sator zulo berrietan sar ditzakegu euren zikinkeriak. Agian, norbere zilborrari begira ireki zaizkigun amildegietan aurki ditzakegu ahaztuak ditugun ardura politikoak, eta ekinez, «okupatzen» dituzten karguak berak funtsik gabe utzi. Ez litzake hasiera txarra izango, normaltasun berrirako, nehori men egin gabe eta auzolanetik, irrika dugun herria amestu eta eraikitzen hastea.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!