Aurrez aurreko lehen bisitak egin dituzte egoitzetan

Jon Miranda Labaien 2020ko eka. 9a, 12:00

Konfinamendua arintzeko fase berrian, hainbat arau malgutzearekin batera, bisitak baimendu dituzte adinekoen egoitzetan, adibidez, Iurreamendin.

Hego Euskal Herria konfinamendua arintzeko hirugarren fasera pasatu zen atzo. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak herrialde batetik bestera ibili ahal izango dira, inolako mugarik gabe; oraingoz, ezingo dira Nafarroara joan, ezta alderantziz ere. Araba, Bizkai eta Gipuzkoa barruan egiten den pertsonen garraioak %100 edukiera eta maiztasuna izango ditu, eta maskarak jantzita joan beharko da. Gainera, aurrerantzean, hogei pertsona elkartzeko aukera egongo da eta adinekoen egoitzetan egoiliarren senitartekoek bisitak egin ahal izango dituzte.

«Pauso txiki bat» bezala definitu du Mertxe Lakuntza Iurreamendiko egoitza buruak senitartekoen bisitak baimentzea: «Oraindik ere tristura badugu, oso gogorra izan baita pasa duguna, baina pixkana egoera normalizatzen joan behar da. Egoiliarrak ongi daude, langileok ere bai eta gaurkoa egun pozgarria da hainbeste hilabeteren ostean, aurrez aurreko bisitak egin ahal izango direlako».

Protokolo zorrotza bete behar dute bisitariek egoiliarren segurtasuna bermatzeko. Oinetako azpiak desinfektatzeko alfonbra jarri dute egoitza sarreran eta senitarteko bakoitzari eskuak garbiarazten zaizkio, tenperatu hartzearekin batera. Osasunez ongi daudela egiaztatzen duen agiria ere sinatu behar dute sarrerakoan. Seinaka deitzen dituzte bisitariak pilaketak ekiditeko eta Lakuntzaren esanetan, iristerako egoiliarrak zain izan dituzte areto nagusian. «Saiatu gara aretoa egokitzen, alde batetik segurtasun distantziak mantendu daitezen, eta bestetik tokiak goxotasun pixka bat izan dezan; ahalik eta atseginena izan dadila bisita». Lore eta landarez beteta eta egoiliarrek egindako marrazkiez apainduta ageri da egunotan Iurreamendiko areto nagusia.

95 urteko ama aurrez aurre ikusi ahal izan du Maitek lehenengo aldiz, azken hiru hilabeteetan. Kezka dakar: «Ezagutuko al nau hainbeste denbora pasata eta maskara jantzita daramadala azaltzen naizenean?». Segituan ezagutu du amak, ordea. «Oso ondo ikusi dut eta denak ongi daudela esan ahal izan diot, etxekoen izen guztiak banan-bana aipatuta». Komunikatzeko zailtasun batzuk izan dituztela ere aipatu du Maitek: «Gure amak gorreria pixka bat du eta areto berean sei egoiliar eta haiekin senitarteko bana bildu garenean, guztiak aldi berean hizketan, buila sortu da azkenerako. Baina seguru nago konponbidea topatuko diotela horri».

ESKERRAK LANGILEEI

Ama ikusteko irrikaz egon arren, Maitek atzoko bisita egoitzako langileei eskerrak emateko ere baliatu nahi izan zuen: «Banuen gogoa horretarako, aurrez aurre eskerrak emateko. Asko sufritu dute, gogor astindu die gaitzak baina azkenerako eutsi egin diote». Ados dago Ramoni. 89 urteko izeba bisitatzen izan da Iurreamendi egoitzan. «Langileak zoragarri portatu dira gurekin eta ni oso eskertuta nago».

Izeba COVID-19arekin kutsatuta izan du Ramonik eta etxekoek une oro lehen eskuko informazioa izan dutela aipatu du: «Egunero hots egiten ziguten izebaren berri emanez. Positibo eman zuen unean isolatu egin zuten eta nahiz eta bigarren proban negatibo eman, badaezpada, beste astebetez eduki zuten bakartuta. Zorionez osatu da eta oso ondo ikusi dut nik».

Hilabete hauetan familiartekoek argazki eta bideo-deien bitartez ikusi ahal izan dituzte egoiliarrak baina aurrez aurreko kontaktuak parekorik ez duela ziurtatu dute, «nahiz eta ezin izan dugun elkar ukitu edo ezin izan diogun elkarri musu bat bera ere eman». Maitek barrez kontatu du nola amak aldamenera gerturatzeko keinua egin dion eta Ramonik, berriz, izebak esan diona gogoratu du: «Ahopeka, disimuluan bezala esan dit, 'orain itxaron ezan pixka bat eta hor kanpoan paseoan ibiliko gaitun'».

Bolada batean egoiliarren bisitak modu horretara egin beharko direla azpimarratu du Lakuntzak: «Aurretiaz txanda hartu beharko da, eta gehienez, 20 bat minutukoa izango da bisita, hurrengo txanda sartzerako eserleku eta mahai guztiak desinfektatu egin behar baititugu. Gainera, bakarkako bisitak izango dira, eta oraingoz, beti pertsona bera izango da bisita egiten duena». Senitartekoen beharretara egokitzeko ahalegina egingo dutela aipatu du egoitza buruak.

Orain arte izan duten eta aurrera begira izan beharko duten «pazientzia» aholkatu diote elkarri irteerakoan. Maitek gogoeta egin du: «Gure ama bezalako emakumeak zaildutako emakumeak dira, bizitzan inongo abusurik ez eta lana besterik egin ez dutenak. Badute patxada eta egoten badakite. Pazientzia handia dute eta horrek horrelako egoeretan lagundu egiten du».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!