Juanma Lillo Pep Guardiolaren laguntzailea izango da Manchester City taldean

Ataria 2020ko ekainaren 5a

Qingdao Huanghai taldeak Juanma Lillok taldea utzi duenaren albistea eman du.

Entrenatzaile tolosarrak Qingdao Huanghai talde txinatarra utzi du. Txinako lehen mailara igotzea lortu zuen talde horrekin. Orain, Ingalaterrako taldeko bigarren entrenatzailea izango da.

Lillok gutun bat idatzi du orain arte bere taldea izan dena uzteko arrazoiak emanez. Marca egunkariak argitaratu duenez, bere talde berria Manchester City izango da, Pep Guardiolaren bigarrena izateko. Aurreko bigarren entrenatzailea Mikel Arteta zen, baina hau orain Arsenal taldeko entrenatzailea da. Pep Guardiolaren bigarrena izateko Xabi Alonsoren izena ere agertu izan da hautagaien artean.

Entrenatzaile tolosarrak bere agur gutunean azaldu duenez, "COVID-19aren mundu mailako krisiak sortutako egoera dela eta, Qingdao Huanghai  FC eta ni gure bideak banatzera behartuta ikusi gara". Gutunaren bitartez eskerrak eman dizkie taldearen jabeari, jokalariei eta zaleei, eta taldearekin harremana ez dela bukatu gaineratu du, eta beti egongo dela bere laguntza emateko prest.

Lillok badu aurretik harremana Guardiolarekin, eta futbolaren antzeko ikuspegia dutela azaldu izan dute. Tolosarra Mexikoko Dorados de Sinaloa taldeko entrenatzailea zenean, 2006an, Guardiola bertara joan zen jokalari moduan, sei hilabetez aritzeko. Entrenatzaile tolosarra hainbat taldetan aritu da, Manchester City-ra joan aurretik: Tolosa CF, Mirandes, Cultural, UD Salamanca, Real Oviedo, Tenerife, Zaragoza, Ciudad de Murcia, Terrassa, Dorados de Sinaloa, Reala, Almeria, Millonarios, Atletico Nacional, Vissel Kobe eta Qingdao Huanghai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!