"Osasun berme guztiekin" irekitzea dute helburutzat

Imanol Garcia Landa 2020ko eka. 4a, 18:00

Usabalgo barruko igerilekua hustuta dago gaur egun.

Usabal eta Berazubi kirol instalazioetan ekainaren 15ean irekiko dituzte ateak erabiltzaileentzat. Kirolzer enpresak prebentzio plan zehatza garatu du kirol espazioak segurtasun eta prebentzio neurri guztiak hartuta herritarrei zabaltzeko.

Joxe Mari Villanueva Kirol zinegotziak azaldu duenez, kirol azpiegiturak irekitzeko plangintza osatzerakoan "udalaren borondatea izan da tolosar guztien osasuna bermatzea, hori izan da lehentasuna". Horrelako instalazioak martxan jartzea ez dela erraza esan du, eta gogora ekarri du 11.000 bazkide daudela. "Legeak dioen arabera, osasun prebentzio mailan hartu behar diren neurriak oso zehatzak dira". Villanuevak herritarrei eskatu die "zuhurtziaz" jokatzeko, "birus hau ez dago gaindituta, eta inork ez daki zein momentutan berriz atera daitekeen. Beraz, norberak kolaboratu behar du erabileran, eta pazientzia eskatzen diegu ere herritarrei".

Usabal eta Berazubi instalazioetako kudeatzailea da Asier Martin, eta gogora ekarri du Kirolzer, udalarekin batera, Gipuzkoan lehenetarikoa izan zela instalazioak ixten: "Argi genuen gure langileak eta gure bezeroak zaindu nahi genituela". Irekitzerako orduan beraien helburu bakarra instalazioak "seguruak" izatea dela nabarmendu du. "Badakit jendeak kasu askotan presa duela, baina guk ezin dugu ireki segurtasun guztiak bermatu arte. Zorrotzak izaten ari gara gure buruarekin eta horrela planteatuko dugu instalazio guztien erabilera, bezeroentzat zein langileentzat".

Asier Bakaikoa (Tolosa Lantzen), Joxe Mari Villanueva eta Asier Martin, prentsa agerraldian.

Egun ezarrita dauden "oinarrizko lau arauak" kirol instalazioetan ere bete egin beharko direla zehaztu du Martinek: "Bi metroko distantzia mantendu behar da kiroldegia erabiltzen dugun une oro. Bestalde, eskuen garbiketa maiz egiteko elementuak jarriko ditugu. Horrez gain, desinfekzioa egin beharko da zerbait erabili aurretik eta ondoren. Eta azkenik, jarduera fisikoa egitea modu seguruan".

Instalazioen garbiketa eta desinfekzio lanak egingo dira, eta horiek gauzatzeko instalazioak 14:30etik 15:30era itxita egongo dira. Bai sarrerak eta bai irteerak seinaleen bidez jakinaraziko dira. Erabiltzaile kopurua gaur egun %30ean dagoela dio Martinek, eta espero dutela laster %50ean egotea. Hori horrela, aurretik hitzordua eskatu beharko da, eta txartela tornutik pasatzea derrigorrezkoa izango da, pilaketak saihesteko eta edukiera kontrolatzeko. Instalazioetara maskararekin sartu beharko da, eta kirol-jarduera egiteko kendu ahal izango da, baina ariketa fisikoa amaitu ondoren berriro jarri beharko da.

Eskainiko diren zerbitzuak

Oraingoz, bakarkako kirola baino ez dago baimenduta, beraz, bakarka edo binaka kirola egiteko zerbitzuak eskainiko dira. Hori dela eta, honako zerbitzu hauek itxita egongo dira, momentuz: erabilera anitzeko kantxak, tatamia, rokodromoa, saunak, lurrun-bainua, terma eta ur hotzeko pileta. Ez da egoteko, itxaroteko edo jolas librerako lekurik egongo.

Sarreran eskuak hidrogelarekin garbitzea ere nahitaezkoa da, eta arrisku taldekoa izanez gero (adinagatik, haurdunaldiagatik edota besteak beste, biriketako gaixotasunagatik) kirol-instalazioetara ez joatea gomendatzen da. Instalazioetara ate nagusitik sartu beharko da eta, ahal den guztietan, larrialdietako atetik irten.

Instalazioetara kirol-arroparekin joan beharko da; izan ere, aldageletan elementu komunak zigilatuta egongo dira: dutxak, lehorgailuak... eta takilak erabiliz gero, erabiltzaileek, aurretik eta ondoren, desinfektatu egin beharko dituzte.

Usabal eta Berazubiko fitnes-aretoei dagokienez, erabiltzaile bakoitzak bi eskuoihal eraman beharko ditu, bata handia, makinen edota esterilaren gainean jartzeko, eta bestea txikia, izerdia lehortzeko. Erabiltzaileek sarritan garbitu beharko dituzte eskuak entrenamenduan zehar, eta ukitzen den elementu bakoitza desinfektatu beharko da entrenamenduaren aurretik eta ondoren.

Barruko igerilekuei dagokienez, sarrera igerilekuko aldageletatik egingo da, ezarritako seinaleei jarraituz, eta irteera kanpoko igerilekura sartzeko atetik. Ez da igeri egiteko inolako materialik utziko; beraz, erabiltzaile bakoitzak beharrezkoa duen materiala eraman beharko du.

Igerileku txikia eta plisti-plasta eremuak adineko pertsonentzat eta familientzat izango dira. Igeri egitea ez den beste jarduerarik ezin izango da egin, igerileku handian nahiz txikian, pasabideak libre uzteko eta pilaketak saihesteko.

Kanpoko igerilekuen erabilera udarari begira

Kirolzerrek udarako kanpoko guneei lotutako protokolo bat ere prestatu du. Erabilera-denbora mugatua izango da, eta hiru ordutegitan banatuko da; ordu-tarte bakoitzean pertsona guztiak ebakuatuko dira, eremu guztien desinfekziorako. Ordu-tarteak ondorengoak izango dira: 10:00etatik 13:00etara, 13:30etik 16:30era eta 17:00etatik 21:00etara; izan ere, kanpoko igerilekuak 13:00etatik 13:30era eta 16:30etik 17: 00etara itxi egingo dira, desinfektatze-lanetarako.

Edukiera kontrolatzeko eta itxaronaldiak ordenatzeko, sorosleak bainatzeko denbora kontrolatuko du, 15 minutukoa izango dena. Erabiltzaileek ilaran itxaron beharko dute, horretarako egokituko den eremuan bi metroko distantzia errespetatuz. Ez da egongo erabilera partekatuko elementurik, hala nola txirristak, haur-parkea, aulkiak, mahaiak edo etzaulkiak. Eguzkitakoak jartzeko euskarriak baino ez dira egongo. Familia-unitate berekoak ez diren pertsonek 2 metroko distantzia gorde beharko dute gainerako pertsonekiko. Eta espazioak adin-tarteen edo taldeen arabera banatuko dira, erabilera eta kontrola errazteko.

Kanpoko espazioaren antolaketari dagokionez, belar artifizialeko eremua bitan banatuko da eta pasabide bat zehaztuko da sartu ahal izateko; gune bat gazteentzat izango da, 12-20 bitartekoentzat, eta bestea familientzat, splash txorrotik gertuen dagoen eremua, hain zuzen ere. Egurrezko eremuak 18 urtetik gorako pertsonentzat izango dira eta belar naturala, aldiz, familientzako, igerileku txikiko eremuan eta helduentzako, igerilekuetako bi alboak, izango dira.

Kanpoko espazioen banaketa eta antolaketa (irudian):

Aurretiazko zita, nola eskatu

Kirol instalazioak aurretiazko zitarekin bakarrik erabili ahal izango dira eta ordutegia errespetatu beharko da pilaketak saihesteko. Erreserbak 2 modutara egin daitezke: webguneko erreserba-plataformaren bitartez, www.usabalkiroldegia.com helbidean, aurretik posta elektronikoa aktibatuta, edota telefonoz. "Ezarritako sistemaren bitartez, erabiltzaile guztiei aukera berdintasuna bermatzea da helburua", azaldu du Martinek.

Kuotak

Instalazioak ireki bitartean, kuotak izoztuta mantenduko dira. Erabiltzaileek martxoko kuota osoa ordaindu zutenez eta instalazioak hilabete erdialdean itxi zirenez, ekaineko 15 egunak ez dira kobratuko eta, hortaz, kuotak uztailetik aurrera kobratuko dira.

Azkenik, Martinek azaldu duenez, "Kirolzerretik eratutako Prebentzio Plana dokumentu ireki eta aldagarria da, momentuko testuingurura eta irizpideetara egokituko dena. Aldaketen berri emango da une oro, eta erabiltzaileei hartzen diren neurriak jakinaraziko zaizkie".

Era berean, Villanuevak zein Martinek "zuhurtzia, lasaitasuna eta pazientzia" eskatu diete herritarrei kirol guneen irekieran: "Lankidetza ezinbestekoa izango da erabiltzaile guztien segurtasuna bermatzeko eta ezarritako neurriak errespetatzea eta arduraz, zuhurtziaz eta elkartasunez jokatzea ezinbestekoa izango da erabiltzaile guztiek kirol-instalazioak modu orekatu eta seguruan erabiltzeko aukera izan dezaten".

Kirol taldeen egoera

Usabal erabiltzen duten kirol talde eta elkarteei dagokionez, Martinek azaldu du "segurtasuna bermatu" behar dela. "Beraiek ere bere protokoloak aurkeztu behar dituzte, eta ikusi behar dugu gaitasuna dutela segurtasun hori ere beraien esku hartzeko. Behin hori mahai gainean jarrita, ikusiko ditugu azpiegiturak erabiltzeko aukerak".

Bere aldetik, Villanuevak azaldu du kirol taldeak abuztuaren 1etik aurrera sartzeko aukera aztertzen ari direla. "Normalean gehienak abuztuaren erdialdetik aurrera hasten dira entrenamenduekin. Orain oro har denboraldiak bukatuta daude eta ez dute erabiltzeko beharrik. Lehenengo pausoa da instalakuntza guztiak irekitzea, prebentzio neurri guztiak beteta, eta gero etorriko da bigarren pausoa, kirol taldeen jarduerarena". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!