Berazubi estadioko bulegoen egoitza egokitu du udalak

Tolosaldeko Ataria 2020ko eka. 4a, 11:06

Zazpi urtetako lanekin amaitu ondoren, kirol eremuak bestelako itxura du orain. Egoitza eraberritua, Tolosa CF-ko ordezkarientzako erreferentziazko gunea izatea nahi da.

2011n sinatu zuen, Tolosako Udalak, Tolosa CF klubarekin eta Muñoa Fundazioarekin, Berazubi estadioko eraberritze lanei ekiteko hitzarmena. Orduan, udalaren esku geratu zen eremuaren kudeaketa. 2013az geroztik, hainbat lan gauzatu dira, herriko kirol eskaintza areagotu eta instalazioak herritarren eskura jarri asmoz. Besteak beste, harmailak berritu, padel pistak egin, frontoia atondu eta aldagelak eraberritu dira. Orain, azken fasean, estadioko bulegoak egokitu dira, klubak bere jardunerako espazio egokiak izan ditzan.

Izan ere, futbolaz haratago, gaur egun hainbat kirol barnebiltzen ditu Tolosa CF-k: atletismoa, eskubaloia, txirrindularitza, mendia, gimnastika erritmikoa, pilota eta tenisa. Ondorioz, haur, gazte eta guraso asko biltzen ditu. «Herrian oso errotuta eta bertako izaerari oso lotua dagoen kluba da, gazteen artean kirol praktika sustatu eta bermatzen duen erreferentziazko kirol taldea», diote udaletik.

IA 418.000 EURO

Amaitu berri diren obrak, arestian aipatutako hitzarmenaren baitan kokatzen dira, hartutako konpromisoaren eta aurretik egindako lanen ildotik. Duela hilabete batzuk, baina, atzeratu egin ziren bulegoak egokitzeko lanak, udaletik azaltzen dutenez, «gaur egun bizitzen ari garen testuinguruagatik eta osasun larrialdi egoeragatik».

Kontuak kontu, dagoeneko amaitu dituzte. Urkaz Eraikuntza S.L. enpresak gauzatu ditu, 417.986,42 euroko aurrekontuarekin (BEZ-a barne). Goiko pisuan bulegoak berritu dira, egungo araudira egokitu eta irisgarriak izan daitezen. Beheko solairuan, berriz, egungo biltegia berritu da. Elkartearen egoitza izango den espazioa hutsik utzi da, etorkizunean klubak bere beharren arabera egokitu dezan.

ERABILERA ANITZEKO EREMUA

Udaletik adierazi dutenez, «bulegoak egokitzeko egindako lanei esker, klubak eta bertako kirolariek, «erreferentziazko egoitza eta gunea» izateaz gain, euren jardunerako «espazio eta eremu egokiagoa» izango dute aurrerantzean. «Obrei esker, klubeko kideak elkartzeko, kanpotik datozen taldeak jasotzeko, omenaldiak egiteko edota ospakizunetarako lekua izango da».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!