Koronabirusa

Jendea

Erabiltzailearen aurpegia Arantxa Iturbe 2020ko eka. 5a, 05:59

Erakargarri izatetik balizko arrisku izatera pasatu denetik beste espezie bat balitz bezala hitz egiten hasi da jendea jendeaz.

«Jendeak burua galdu duela ematen du. Ikusi al duzue ze jendetza hondartzan? Eta hondartzan bakarrik balitz! Beldurtzekoa zen ze jendetza zegoen terrazan eserita eta beste hainbeste zain. Jendea ez al da konturatu maskararik ez janzteak ze ondorio izan ditzakeen? Erabat erlaxatu da jendea. Jendedia zetorren kalean behera iluntzean. Nondik azaldu da jendeketa hau guztia orain bat-batean korrika? Distantziarik batere zaindu gabe. Hor zihoazen denak mendian gora erromerian ezer gertatuko ez balitz bezala. Ez baitu pentsatzen jendeak!».

Hortxe dago gakoa: jendeak ez du pentsatzen. Jendea, pentsatzen duen norbanakoz osatutako masa amorfo bat da. Ez du kontzientziarik, ez ardurarik, ez betebeharrik, ez eskubiderik jendeak. Eta zaila da erabakitzea jendea noiz bihurtzen den jendetza edo jendedi. Bizitzea egokitu zaigun pelikula honetan, ziztu batean pasatzen gara bi lagun izatetik jendetza izatera. (Klaustrofobia daukagunoi halaxe gertatzen zitzaigun orain baino lehen ere edozein tabernatan; eta igogailuan zer esanik ez! Hiru lagun jendetza da igogailurik handienean ere). 

Ba, jende, sentitzen dut, baina honek ez badu espeziea errotik aldatzen (eta ez dauka itxura handirik), denok gara jende

Garrantzitsuena ez da zenbat. Kontua da jendea beste batzuk direla gehienetan. Hondartza ertzean dagoenak madarikatzen du etorritako jendetza, korri egiteko asmoz irten denak salatzen du bat-batean kirola egiten hasitako jendedia edo kafea bukatzen ari dena amorrarazten du terraza berean hainbeste jende agertzeak. Lehengoan entzun nion morroi bati trenean ezin izan zuela segurtasun distantziarik gorde, jendea gehiegi inguratzen zitzaiolako. Berari. Alegia, besteak ziren jende kontzientziagabea eta bera, trenera igo eta zintzo, otzan, esaneko, solidario eta arduratsu, distantzia gorde ezin izan zuen herritarra.

Ba, jende, sentitzen dut, baina honek ez badu espeziea errotik aldatzen (eta ez dauka itxura handirik), denok gara jende. Eta orain ez askora arte, herri ezezagunera iritsi eta bi tabernen artean jende gehien zeukanarengana hurbiltzen ginen (ezin ukatu azkar usteko izaki ergel xamarrak garela espezie bezala), bi aldiz pentsatu gabe batek besteak baino bezero gehiago edukitzearen arrazoia zein ote zen. Eta denda batean jende asko ikusteak konfiantza ematen zigun. Gure inkontzienteak jendetza seinale ontzat hartu izan du. Jendeak jendea nahi du. Behar du. Espezie bereko sentitzeko, seguru asko. Beraz, jende, ahaztu baino lehen hasi errepikatzen jendea gu garela. Gu, zu barne.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!