Ardura osoa duten udalbatzako kideen soldata igoera, etenda

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko eka. 2a, 06:00

2019ko likidazioaren berri eman zen azken osoko bilkuran; eta hainbat kreditu gehigarri eta kreditu aldaketa onartu ziren, krisi ekonomikoari aurre egiteko.

Tolosako Udalak Ohiko Osoko Bilkura egin zuen ostegunean telematikoki. Larrialdi egoera ezarri zenetik, lehena izan zen. Herritarrek batzarra jarraitzeko aukera izan zuten, eta interesa zutenek, galdera-erreguen txandan parte hartu ahal zuen, mezua bidaliz. COVID-19aren pandemiak gogor astindu ditu hainbat sektore, baita udal jarduna eta herritarren egunerokoa ere.

Gauzak horrela, udaleko kideen soldata igoera izan zen gaietako bat. Udal langileen eta ardura osoa duten udalbatzako kideen ordainsarien igoera (%2koa) onartzea ala ez adostu behar zuten (guztira, 218.000 euro). Bai Udal gobernuak, baita oposizioak ere proposamen bana aurkeztu zuten. Soldata igoera udal langileentzako soilik izatea eskatu zuten EH Bildutik. «Udalbatzako kideen soldata igoera ez egitea proposatzen dugu, horrela, diru hori COVID-19aren ondorioz egoera zaurgarrian geratu diren beharrei erantzuteko erabiltzeko aukera izango genukeelako». Oposizioaren proposamenari, baina, ezezko botoa eman zioten udal gobernuko kideek.

Udal gobernuaren proposamenaren txanda izan zen ondoren. «Udalbatzako kideen soldata igoera etetea proposatzen dugu, eta EUDEL-i hausnarketarako bide bat ireki dezan eskatzen diogu, EAEko gainerako udalerrietan ere aplikatu daitekeen neurri modura. Proposamenak emaitzarik ez balu, udalbatzak ez du soldataren urteko igoera aplikatuko, eta diru hori COVID-19aren pandemiaren eraginez sortutako krisi ekonomikoari aurre egiteko bideratuko da», adierazi zuen Olatz Peon alkateak. Azkenean, udal gobernuko zinegotzien aldeko botoekin eta oposizioaren abstentzioarekin izan zen onartua.

13 MILIOI EUROKO GERAKINA

Aurreko urtearen balantze ekonomikoa egiteko tartea ere izan zen. Abenduaren 30a bitarteko likidazioaren datuen berri eman zuen Begoña Tolosa zinegotziak. 27 milioi eurorekin hasi zuten ekitaldi ekonomikoa, eta 34 milioi euro ingururekin amaitu. Diru-sarrerak nola gauzatu diren eta eskubide onartuak noraino burutu diren aztertuz gero, datuak oso altuak direla eta herritarrak alor horietan «oso zintzoak» direla adierazi zuen. Ondorioz, urtea 1.122.000 euroko emaitza positiboarekin amaitu dela adierazi zuen.

Gauzak horrela, 13 milioi euroko gerakina du udalak. Udal gobernuak inbertsio publikoa mantentzearen aldeko apustua egin du jarduera ekonomikoa sustatzeko neurri modura, eta datorren urteko egoera are eta konplexuagoa izan daitekeelakoan, aurtengo proiektuak mantendu ditu, betiere, pertsonak bere ongizatea, eta hiri ekonomiaren suspertzea helburu dituztenak. «Urtea txukun atera da eta pozik egoteko moduan gara».

Larrialdi egoeran udalak hainbat zerbitzu areagotu behar izan ditu herritarren beharrei erantzuteko. «Udal jardueran eragina izan du eta hainbat zerbitzu areagotu behar izan dira. Gastu horiek 405.000 eurotara igo dira», adierazi zuen Tolosak.

OPOSIZIOA, «KEZKATUTA»

Osoko Bilkuran beste zenbait kreditu gehigarri eta kreditu aldaketa ere azaldu eta onartu ziren, guztira ia 5.400.000 euroko aurrekontuarekin. Ahal den neurrian, udalaren ohiko jarduna mantentzea eta hartutako konpromisoak berrestea izan da udal gobernuaren apustua, aurreikusitako proiektuak mantenduz eta proiektu berriak gehituz.

Udal gobernuak egin duen lana ona izan dela adierazi zuen Peonek. «Zuhurtziaz jokatu dugu, gure eskumenetik abiatuta, eta denbora oso laburrean, gainera. Aurten aurreikusitako proiektuak eta lanak mantendu ditugu. Aurreikuspenak egin behar dira, baina kontuan izanda diru-sarrerak nabarmen jaitsiko direla, eta 2021eko egoera ere oso konplexua izango dela».

Edukiekin «ados» azaldu zen Aitana Amondarain EH Bilduko zinegotzia, baina aldi berean, «kezkatuta» ere bai, gaia kudeatzeko moduengatik. «Zifra nahiko potoloa da, edukiz betea, eta diagnosi sakona behar duena. Hainbesteko aldaketek, duela hilabete batzuk onartutako aurrekontuen egiazkotasuna ez-baian jartzen dute. Orain udalak badu erronka garrantzitsu bat: aurrekontuak egokitzea. Horretarako, ahal dugun neurrian ekarpenak egiteko gure prestutasuna adierazi nahi dugu».

FORU FUNTSA, %52KOA

Udalak Finantzatzeko Foru Funtsari buruzko bi mozio ere aurkeztu ziren, bata, oposizioak aurkeztutakoa, eta bestea, udal gobernuarena; azken honek egin zuen aurrera. Gipuzkoan elkarrizketarako mahai instituzional bat sor dadila eskatzen du udal gobernuak. «Ahalik eta azkarren erabakiak hartu behar izan dira, modu inprobisatuan. Beharrezkoa da informazioa partekatzea, aurreikuspenak aztertzea eta herri bakoitzaren egoera ezagutzea», adierazi zuen Villanuevak.

Bestalde, Aldundiak eta udalek parte hartzen duten Gipuzkoako Finantzen Kontseilua elkartu zenerako erabakia hartuta zegoela salatu zuten EH Bildutik. «Erakundeen arteko diru banaketan, aldaketarik egon behar bada, erakunde guztien artean eztabaidatua eta adostua izan beharko luke», esan zuen Ander Figerido zinegotziak.

Neurri horren aurrean, Gipuzkoako 65 alkatek Aldundiari desadostasuna azaldu ziotela nabarmendu zuen Figeridok. «Aldundiak babesik gabe utzi ditu udalak, bigarren mailako erakunde bezala tratatuz. Kontuan izan behar da, herri askorentzat finantzazio-iturri nagusia dela. Tolosan, adibidez, %52a, ia 3 milioi euro. Herritarrengan pentsatu behar dugu, benetan erdigunean jarriz».

Peonek, azkenik, EAEn, erakundeen arteko finantzaketa «partekatua» dela erantzun zion, «onerako eta txarrerako. Ez dago murrizketarik, eta jasotzen den dirua erakunde horien artean banatzen da. Gutxiago jasoz gero, gutxiago banatzen da».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!