Koronabirusa

«Galdutakoa dagoeneko ez dugu berreskuratuko»

Jon Miranda Labaien 2020ko mai. 30a, 11:00

Isastegi baserrian sagardoa presente egon da aspaldiko belaunaldietan, auzoko eta etxeko kontsumorako. Abeltzaintzatik eta nekazaritzatik sagardogintzarako urratsa eman zuten 1983an eta ordutik hona horrela jarduten dute. Sagardotegiaren martxa darama Joseba Lasak (Tolosa, 1992), Mikel anaiarekin batera. Aldaba Txikitik Euskal Herriko txoko askotara iristen dira. Europan sarea eratu dute eta hamar urte dira, adibidez, AEBn ere sagardoa saltzen dutela.

Zenbat pertsonek egiten dute lan Isastegi sagardotegian?

Zazpi aritzen gara. Aitak oraindik ere ez du erabat erretiroa hartu eta anaia eta biokin batera, osabak, lehengusuak... Dinamika familiarra daramagu.

Sagardotegi denboraldia bete-betean zenean ixteak zein eragin izan du Isastegin?

Eragin handia. Martxoa erditik aurrera, Aste Santu buelta arte lan asko izaten da, astegunetan eta asteburuetan ere bai. Eguraldiak lagundu egiten du eta jendea gehiago ateratzen da kalera. Sagardotegia itxi behar izateak min handia egin digu, gainerako sektoreetan bezala.

Zuek txotx denboraldia noiz ixten duzue?

Normalean, apirileko azkeneko larunbatean edo, maiatzeko lehenengoan ematen dugu bukatutzat

Zuen jardunean zenbateko pisua du txotx denboraldiak?

Sagardo litrotan ez hainbeste. Kontsumoa gehiago daukagu bideratuta, ostalaritzara, merkataritza zentro handietara eta esportaziora. Gure sagardoa saltzen zuten saltoki asko irekita mantendu dira eta kanpora ateratzen dugun sagardoarekin segitu ahal izan dugu, hortaz, arnasa hartzeko gai izan gara. Sagardotegi eredu ezberdinak daude eta batzuentzat oinarria handiagoa da jatetxea. Besteontzako gutxiago suposatzen du denboraldiko zerbitzu horrek. Guk galdutakoa ez dugu berreskuratu baina beste merkaturatze horiek ere baditugunez, ez da hainbesterako galera izan.

Genero askorekin geratu zarete sagardotegian?

Itxiera oso bat-batekoa izan zen. Aurreko egunetan bakailaoa eta txuleta zintak eskatzen aritu ginen. Gure hornitzaileek stock hori kentzen jakin dute eta eskerrak horri. Ezagunen artean banatutakoarekin eta guk etxean bertan jan dugunarekin moldatu gara.

Eta sagardo asko galdu al da alperrik?

Ez uste. Gaur egun mantentze sistemak oso garatuta daude. Sagardo bat urte batetik bestera ondo mantendu liteke. Aurtengo sagardo litroren bat geratu liteke datorren urterako, baliteke hori gertatzea, baina alde horretatik ez dago arazorik. Sagardoari hotza sartuz gero ez da alferrik galtzen. Ez du irabazten, baina ezta galdu ere.

Ostalaritza gainerako establezimenduak itxita egoteak eragin handia izan du zuen etxean?

Bai, guretzako sektore inportantea da hori, sagardo asko kontsumitzen delako taberna eta jatetxe horietan. Horrek huts egin digunean saiatu gara beste bide batzuk bilatzen. Etxez etxeko zerbitzua indartu dugu eta online salmenta areagotzen saiatu gara. Horietan ahalegina eginagatik ere, galerak hor daude, hilabete hauetan erabat itxita egon direlako ostalaritza establezimenduak.

Etorkizuna ikusten diozue 'online' salmentari?

Eskualde inguruko jende gehiago sumatu dugu horretan. Ohiko saltokiak itxita, webgunera jo dute sagardo bila. Lehen, beste herrialdeetatik edo kanpotik egindako eskaerak ziren gehienak. Gertuko eskaera gehiago jaso dugunez, gu geu moldatu gara banaketa egiteko. Lan karga jaitsi arren langile kopurua mantendu dugunez, zeregin horietan aritu gara.

Eta kanpoan mantendu al da sagardo eskaera?

Jaitsi dira eskaerak, baina ez horrenbeste. Herrialde bakoitzaren egoeraren araberakoa izan da. Kontsumoa jaitsi egin da, adibidez, AEBn, baina Japonian mantendu egin dituzte eskaerak. Ez da arazo tekniko edo burokratikorik izan sagardoa kanpora ateratzeko.

Baimena duzue sagardotegiek zabaltzeko, bigarren fasetik aurrera. Irekiko dituzue ateak?

Sagardogintza sektorean azken asteotan aritu gara protokoloak lantzen. Baldintzak irakurri ditugu eta guk azkenean ez irekitzea erabaki dugu. Oraingoz daukagun lan karga mantentzea erabaki dugu. Guri zikloak mantentzea gustatzen zaigu. Urtea normal joan izan balitz garai honetarako itxita beharko luke sagardotegiak. Ez dakigu, gainera, nola erantzungo lukeen jendeak irekiz gero. Galdera marka hori daukagu hurrengo urteari begira. Ez dakigu zer pasako den. Etorri dadila etorri beharrekoa eta hurrengo urteko urtarrilerako normal jardutea espero dugu.

Jendearen erantzunak zeresana izango al du?

Bai. Baikor gaude. Jendea jatetxeetara joango da eta sagardo kontsumoa bere onera etorriko da. Udako salmentak ikusiko dugu zer ematen duen. Ostalaritzak pixkanaka ateak zabalduko ditu eta berriro hasiko gara haiekin lanean. Udan ondo lan eginez gero, espero dugu irailean berriz sagardoa egitea eta hurrengo urtarrilean berriro normal hastea. Ahal den bezala mantendu dadila sagardo kontsumoa eta garai hobeen zain geratuko gara gu.

Erlazionatuak

Loratuko da sagardogintza

Jon Miranda Labaien 2020 mai 30 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!