Ekainaren 2tik aurrera bisitatu ahal izango da Topic zentroa

Tolosaldeko Ataria 2020ko mai. 29a, 05:58

Txotxongiloen etxera gerturatzeko hitzordua hartu beharko da eta segurtasun arauak errespetatu; besteak beste, Taiwanetik ekarritako txotxongiloak ikusi ahalko dira.

Tolosako txotxongiloen etxeak, Topic-ek, datorren asteartean, ekainak 2, irekiko duela iragarri du. Konfinamendua dela eta, azken asteetan itxita egon da, nahiz eta sare sozialen eta webgunearen bidez, haur eta gazteei zuzendutako ekintzak egin dituen, eta aldizkako erakusketa birtualki bisitatzeko aukera eskaini duen.

Datorren astetik aurrera, ordea, herritarrak bertatik bertara ezagutu ahal izango dute Topic eta bertan dauden txotxongiloak ikusi. Lanegunetan 15:30etik 19:00etara bisitatu ahal izango da eta asteburu zein jaiegunetan 10:30etik 14:00etara, eta 15:30etik 19:00etara.

Bisita egiteko neurri batzuk hartu behar direla esan du, hala ere, Topic-ek; pertsonen arteko segurtasun tartea utzi beharko da, ezingo dira txotxongiloak edo bestelako elementuak ukitu, eta maskara erabili beharko da. Era berean, ezingo da igogailua erabili, guztiz beharrezkoa ez bada behintzat. Bisitak ordubetekoak izango dira eta museoko gida batekin egingo dira. Hitzordua aurrez egin beharko da 943 65 04 14 telefono zenbakira deituta edo cit@cittolosa.com helbidera idatzita.

Asteartetik aurrera hortaz, besteak beste, Taiwango txotxongiloen erakusketa berria ezagutzeko aukera egongo da. Uhartetik kanpo dagoen handiena da eta era guztietako 180 txotxongiloz osatua dago. Txotxongilo bilduma zabal horretan Taiyuango (Taipei) Txotxongiloen Antzokiko Asiako Museoko jatorrizko piezak ikusi ahal dira ere.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!