Bertakoa jatearen garrantziaz, bideo laburren bidez

Tolosaldeko Ataria 2020ko mai. 28a, 18:00

Pandemiaren eraginez gertuko ekoizleen elikagaien kontsumoak inoiz baino indar gehiago hartu duen honetan, «ekimen xume bat» abiarazi nahi izan du Tolomendik.

Tolomendi landa garapenerako agentziak, Jan Tolosaldea ekimenaren barruan, proposamen bat luzatu nahi izan die eskualdeko herritarrei. Bertakoa kontsumitzearen garrantziaz ohartarazteko, gehienez minutu erdiko iraupena izango duten bideoak grabatzeko deia egin du. «Ekimen xumea da, baina balio dezala orain arteko jokamolde batzuk aldatzen laguntzeko», esan dute Tolomenditik.

Ekimenak «jendartea sentsibilizatzen» laguntzea nahi dute, eta horregatik grabatutako bideoak #jantolosaldea traola erabilita eta Tolomendi aipatuta sare sozialetan zabaltzea eskatu dute. Sare sozialik ez dutenek tolomendi@tolomendi.eus helbidera bidali ditzakete lanak, eta Tolomendik berak zabalduko ditu.

JAN TOLOSALDEAREN BALOREAK

Izan ere, pandemiak «gure elikadura eta kontsumo praktiketan ere eragin zuzena izan du», esan dute. «Inoiz baino indar handiagoa hartu du gure inguruneko ekoizleek ekoiztutako elikagaien kontsumoak, gertuko kontsumo praktikak, herritar, eragile zein entitate ezberdinen arteko saretzeak», gehitu dute.

Horiek dira hain justu, Tolomendik duela urte batzuk abiarazi zuen Jan Tolosaldearen helburuak, eta hain zuzen, orain, COVID-19ak sortutako egoera dela eta, inoiz baino ageriago geratu da bertakoa kontsumitzearen garrantzia. «Herri-ondasunen balioa, ekoizteko, kontsumitzeko eta antolatzeko ekimen ezberdinak, aktibatu dira eskualdean osasun krisi honetan». Hala, eskualdeko ekoizleen elikagaiak eskuratzeko eta hornikuntza bermatzeko ekimenak, komertzio txikian kontsumitzeko herritarrengan sortu duen praktikarekin batera, bertakoaren aldeko hautua eta kontzientzia hartzea bateratu, eta indartu dira. Eta horren guztiaren isla, gehienez minutu erdiko bideoen bidez adierazteko deia luzatu du Tolomendik.

TOKIKOA, IRAUNKORRA ETA OSASUNGARRIA

Egungo egoera honek eskualdeko tokiko elikagaietan oinarritutako elikadura sistemak, bertako ekonomia, ingurumena eta gizartearen garapenean duen inpaktu positiboaz ohartu gaituela dio agentziak eta horixe dela Jan Tolosaldea. «Tokikoa, iraunkorra eta osasungarria egitasmoaren balio eta helburuak bistaratu eta indartu ere egin dira». «Honexegatik, eskualdean abian jarri diren ekimenak balorean jarri eta bistaratu nahiko genituzke herritarrekin batera».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!