Herria itxuraldatuz, behar berrietara egokitzen

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko mai. 28a, 10:13

Alarma egoerak geldiarazitako lanei ekin die berriro Tolosan. Hainbat guneetan asfaltatze lanak egiten ari dira; horrez gain, bidegorriko zoladura konpondu da.

COVID-19aren pandemiak eragindako osasun larrialdiak aurreikuspen askotan izan zuen eragina. Horrela, herri lanak edo obrak gelditu egin behar izan ziren zenbait astez, egoerak hobera egin artean, behintzat. Hilabete inguruko isilunearen ondoren, bueltan dira berriro makina eta tresna hotsak.

Dena prest zegoen, alarma egoera ezarri aurretik, Tolosako hainbat tokitan asfaltatze-lanei ekiteko. Baina, lan horiek ere geldiarazi egin behar izan ziren. Duela gutxi, lanak egoera berrira egokitzeari ekin zioten, eta orain, euririk gabeko egunak aprobetxatzen ari da udala, duela zenbait aste hasitako lanei jarraipena emateko.

Azken asteetan, Larramendi kalean hobekuntza lanak egiten aritu dira. Duela bi aste hasi ziren Arriaran gasolindegi ondoko biribilgunetik Arramele zubirainoko asfaltoa hobetzeko lanekin. Pasa den astean eguraldi txarra egin zuenez, aste honetan berrekin die asfaltatze lanei, Larramendi kaleko 3. zenbakiaren parean dagoen zerbitzu bidean, eta dagoeneko amaitu dituzte.

Larramendikoa, ordea, ez da izango eraberrituko duten herriko gune bakarra. Gaur beste bi gune asfaltatuko dituzte. Batetik, Ferialeku ondoko aparkalekuan ariko dira; bestetik, Monteskue bidean (Argaya baserriko bihurgunean eta Martin Txiki eta Makala baserrien artean).

Fresatzen eta asfaltatze lanak egingo dituzte, eta eguraldiak baldintzatuko du lanen luzapena. Izan ere, ostiralean ere ariko dira, eta euririk egiten ez badu, astelehenean bide-marrak margotuko dituzte.

SAN FRANTZISKO 41

Martxoaren 9an ekin zien San Frantzisko kaleko 41. zenbakiaren inguruan egin beharreko lanei. Espaloiaren kota igo, zoladura berritu, lorategien alboak eta zintarriak hobetu, hustubide berriak jarri eta euri urak biltzeko sarea berritu behar ziren, oinezkoentzako eremu osoaren irisgarritasuna eta bertako etxebizitza eta saltokietarako sarbidea hobetzeko helburuarekin.

Bestetik, eraginkortasun energetikoaren bidean aurrera egiteko, lLED argiak ere jartzen ari dira argiteria publikoan. Lanek, guztira, 115.413,47 euroko (+BEZ-a) kostua izango zutela aurreikusten zuen udalak. Hala ere, obrak etetea erabaki zuen, Espainiako Gobernuak larrialdi egoera ezarri eta berehala. Dekretuak indarra galtzerako, baina, lanei berriro ekitea aurreikusten zuten, eta apirila amaieran hasi ziren. Honezkero ia amaituta daude.

BIDEGORRIA ETA ETXEBIZITZAK

Azken aste hauetan, bidegorrien zoladura ere konpondu du udalak, herriko hainbat guneetan. Hain zuzen, bizikletaz ibiltzeko ezarritako bideak hobetu dira San Frantzisko pasealekuan, Araba etorbidean eta Arramele eta Sam zubietan.

Era berean, udaletik gogorarazi dute etxebizitzetako obra partikularrak debekatuta daudela oraindik, langileen eta bizilagunen arteko harremana saihesteko eta pertsonen segurtasuna eta osasuna bermatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!