Koronabirusa

Zuri

Ez zenuke sinistu ere egingo hau guztia gertatu denik. Ipuinetan ere agertzen ez den fantasiazko unibertso paralelo batek harrapatu gaitu etxean, atera ezin. Zein erraza ematen duen eta zeinen zaila egin zaigun. Egon beharraren eta egonezinaren arteko talka. Ze hor dago gaitza, hor dago itxialdia, eta hor zaude zu ere.

Txinako kontuak beti ikusi izan ditugu urruti. Eta Txinak urruti egoten segitzen du, baina ikusiko duzu, eta ikasiko duzu, orain urruti dagoena, oso gertu ere egon litekeela. Eta gertu dagoena, urruti; zurekin pasatzen zaigun bezala. Beldurrak hartu gintuen aurrena, ezjakintasunak, urduri jarri ginen, eta batez ere kezkatu. Kezkatu, bereziki, ondokoengatik. Ondokoagatik. Ze horixe dauka maitatzeak, ezta? Zeure buruaz baino, lehendabizi, besteaz arduratzen zarela gehiago. Eta hor zaude zu ere. Baina zer egin? Lasai egoteko esan? Arriskurik ez dagoela errepikatu, arriskuak bizitza egunez egun errepikatzen dizunean? Zaila da. Baina, aizu, ni saiatu naiz. Ruperren batzuk kantatu dizkizut, barrea eragiten saiatu naiz, eta horrela nik ere barre pixka bat egin dut. Ez baitago umorea eta denbora bezalakorik min oro sendatzeko.

Jaso plazentan besarkadarik plazenteroena zure zain  dagoen  aitatxoren  partetik

Hau guztia pasako da, etorriko zara zu ere, eta ziurrenik minak ekarriko zaitu gainera. Ari gara horretarako ere prestatzen; baina umorerik behintzat faltako ez zaigunez, lasai gaude. Edo egon nahi dugu. Inbidia ematen didazu, zu baitzaude lasaien. Nahiz eta tokatuko zaizkizun zuri ere atzerritik datozen birus ikaragarriek ekarritako pandemia erraldoiak. Lazkao Txikik ere esan zuen, «Rockanrona, inglesa ta hoi dana, drogea dek». Hori bai, bitartean, zure alde topa eta arnasketak egiten segiko dugu. Ze, oraindik ez dizugu aurpegirik ikusi, baina ikusiko bazenu hau idaztean nik daukadan tonto aurpegia… ez da koronabirusa. Felizidadea da. Dena amaitu eta San Joan sua pizterakoan (ze, piztuko dugu), elkartuko gara, eta elkarrekin, kantatuko dugu Ruperren bat. Bitartean, jaso plazentan besarkadarik plazenteroena zure zain dagoen aitatxoren partetik. Muxu bat, seme.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!