Bitxoak derrigortu gaitu itxialdira, inpentsan, sekula imajinatuko ez genuen moduan. Jende artetik adreilu artera. Argitara aurrena. Baina azkar etorri zaigu kabitu ezina eta berehala nagusitu da nora edo harako gogoa. Argitik ilunera bada ere.
Aukeren artean, katakonben antzera edo, auzo guneetako aparkaleku komunitarioak izan dira ihesbide. Lur azpikoak. Auzokide batzuk ikusi ditugu itxialdian garajeetako korridore ilunetan. Buru makur. Gordeka. Aireberritzeko kirol ohiturarik gabe ezin etsi eta kontzentrazio handieneko lekuan karbono dioxidoa arnastearekin konformidadean. Agindutakoa kontrakoa dela jakitun; debekua hausteak jende zintzoari, gehienei, ematen dien lotsaz eta erreparoz. Norbere pausoen hotsak eta kontzientzia txarrarenak segika.
Ez dira zulo iluneko hots bakarrak izan. Oraindik amaitu ez den krisialdiak, mugimendu askatasun faltatik bezainbeste izan du urrutiko zein gertuko politikoen kalakatik. Informaziotik gehiegi gabe (badakizue, gu ez kezkatzearren), ugari propagandatik. Eta bertara kondenatu du, katakonben ilunera esan nahi dut, sailburu txit goren batek baino gehiagok bere euskara ortopedikoa, agerpen publikoetan auzo lotsaizun. Lurpeko ibiltari kontzientzia txarrekoen antzik batere ez, konplexu arrastorik gabeko jardun tramitezkoan.
Ez nuke nahi aurrekoa hain gordin adieraztea kontsiderazio faltaz hartzea; euskara ikasten ari direnenekiko, esan nahi dut. Ulergarria egiten zaigu eta estimuan daukagu egiten duten ahalegina. Esaterako, egindako erosketak kobratzen maiz xamar egokitzen zaidan emakume gazteak harrituta nauka. Ondo urrutitik etorritakoa izaki, gurea nola ikasi duen ikusita. Imajinatzen dut ahaleginaren tamaina; iritsi, lana aurkitu, etxea bilatu, familia osatu.... eta bitartean, euskara ikasten hasi. Ondo ikasi ere. Eta xamur erabili. Badira holako batzuk gure inguruan.
Eta imajinatzen dut, beren lekuan jarrita, erakundeetako goi karguetara iristeko egin beharreko bidea. Ahaleginaren tamaina. Eta imajinatu gabe, ikusten dut prestakuntza zail horretan, herriaren zerbitzurako trebatze horretan, euskararenari zer proportzio txikia eskaini izan dioten batzuen batzuk. Zerbitzuak, euskarazkoak, mereziko ez balu bezala. Euskara adornurako nahi, baina distira faltaz, traba bihurtuta.
Katakonben ilunera kondenatu du sailburu txit goren batek baino gehiagok bere euskara ortopedikoa, agerpen publikoetan auzo lotsaizun
Galdutako udaberri zati hau ez dugu berreskuratuko. Geratzen zaiguna balia dezagun lur azpitik burua atera eta arnasa hartzen hasteko. Kanpoko aire garbia behar dugu; Tolosako kalean euskararen erabileraren inguruan egindako azken azterketak utzi dizkigun datuak bezala; brisa fresko hori; bere bultzadaz, katakonbetatik ateratzeko.