Koronabirusa

Buruak baietz, bihotzak ezetz

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko mai. 29a, 17:01

Udalekuak egiteko zalantza handia dute Tolosako aisialdi taldeek, «oso zaila delako eskatutako neurriak betetzea». Hala ere, haur eta nerabeei ahalik eta aukera zabalena eskaintzeko lanean ari dira udalarekin. «Beldurra handia da, baina haurren ilusioa zapuztea izugarria litzake», diote.

Eskola garaia amaituta, aldi berean ikasi, trebatu eta jolasteko aukera eskaintzen duten oporretako aukera ederra dira udalekuak. Ekainaren amaieratik iraila bitarte, hainbat udalekuren lekuko izaten dira Euskal Herriko txoko ezagun nahiz ezkutu asko. Aste batekoak, 10-15 egunekoak edota hilabete osokoak, era guztietakoak izan ohi dira, testuinguru desberdinetan kokatutakoak. Batzuetan, gai nagusi bat izaten da; beste batzuetan, berriz, egun bakoitzean ospakizun bat.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek, ordea, duela bi aste erabaki zuten aurten ez dagoela «baldintzarik» udalekuak egiteko, COVID-19 gaitzetik babesteko protokoloekin «bateraezinak» direlako. Adierazi zutenez, osasun larrialdiari aurre egiteko hartutako neurriekin ezingo lituzkete egoki bete «bizikidetza eta sozializazio helburuak». Bertan behera utzi dute, beraz, 7 eta 13 urte artekoentzako Udalekuak 2020 programa.

Batzuk erabakia hartuta, besteak zain

Tolosari dagokionez, badira udaleku itxiak eskaintzen dituzten zenbait aisialdi talde. Horien antolaketan, baina, eragina izan dute pandemiagatik ezarritako neurriek. Atsedena taldeak, esaterako, Usurbilgo talde batekin elkarlanean antolatzen ditu, baina, duela aste batzuk hartu zuten erabakia. «Aurten ez dira ospatuko», baieztatzen du Igone Gutierrez begiraleak.

Erabaki ofiziala hartu duen beste talde bat Kirikiño aisialdi taldea da. Berez, INJUVE-ren (Espainiako Gazteria Institutuaren) protokoloaren zain zeuden. «Udalekuak egiten badira, zein baldintzetan egin beharko liratekeen azaltzen duen txostena da», zioen pasa den astean Iban Asenjo taldeko begiraleak.

Aukerak aztertuko zituztela zioen, eta ondoren adostu. «Erabakia oraindik hartu ez badugu, buruagatik da, egin behar direla esaten digulako. Bihotzak, ordea, apur bat itxaroteko dio, aurrerago ikusiko dela posible den edo ez». Haurrez gain, ordea, gurasoek ere izaten dute pisua azken erabakian. «Familien interesak ere kontuan izan behar ditugu». Aste honetan, baina, udalekuak ez ospatzea erabaki dute, eta gurasoei ere esan diete. «Gogoeta fasean sartu gara orain».

Oraindik azken erabakirik hartu gabe, baina antzeko egoeran daude Laskorain ikastolan ere. Bertako zuzendaritzako kideek, guraso elkartearekin eta Kazkabarra aisialdi taldeko kideekin elkarlanean antolatzen dituzte ludoteka zerbitzua eta udalekuak. «Azken horietarako ez da deialdirik egin oraingoz, eta zintzilik daude», dio Anaje Urkola Laskorain Ikastolako ekintza osagarrietako koordinatzaileak.

Behin aldundien erabakia ikusita, Urkola jakitun da oso zaila izango dela udalekuak aurrera eramatea. «Zein ekintza berreskuratu daitekeen pentsatzen ari gara, segurtasun distantzia eta neurriak beteko direla bermatzen dutenak. Horrez gain, badira kontuan izan beharreko zenbait kontu ere: gurasoen kontziliazioa, familien egoerak edota umeen behar emozionalak».

Hiru aisialdi taldeetako ordezkariek diotenez, haurrengan, begiraleengan nahiz familiengan atsekabe handia eragingo luke eskaintza guztiak bertan behera uzteak, denek aisialdiaz gozatzeko eskubidea izan behar dutelako. «Une honetan, haurrei proposatzen zaien aisialdirako aukera ez da batere egokia, kaletik noraezean dabiltzalako. Hortaz, astebetez herritik kanpora joatea sekulako aukera litzake», dio Asenjok.

Tolosako gune berdeak, aukeran

Opor garaia gerturatu ahala, haurren udako aisialdi aukeraren inguruko kezka areagotzen ari da gurasoen eta hezkuntza eragileen artean. Aisialdi taldeak, baina, ez dira eskuak gurutzatuta geratu, eta hasiak dira aukera berriak pentsatzen, Tolosako Udaleko Gazteria sailarekin elkarlanean lan koordinatu bat eginez. Tolosako espazio edo gune berdeak umeei eskaini ahal izatea pentsatzen ari direla dio Nerea Cereceda udaleko Gazteria teknikariak. «Lasai egon daitezela gurasoak, uda honetan, haur eta nerabeek izango dute eta zertaz gozatu, aukera bat merezi dutelako».

Udalekuei uko egin beharrean, aukerak badaudela ikusi nahi dute, beti segurtasun eta osasun irizpide guztiak zainduz. Adibidez, auzolandegiak antolatuko ditu udalak. Beste talde batzuk ere hasi dira udara antolatzen. Usabal kiroldegiak bertan behera utzi du kirol eskaintza; bestalde, Zumardia elkarteak piragua eta mendi bizikleta ikastaroak antolatu ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!