Koronabirusa

«Etsipenez bizitzen ari gara hau guztia sektorean»

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko mai. 29a, 15:08

Udal askok bertan behera utzi dituzte haurren aisiari begira antolatzen diren udalekuak; sektorea ez dela kontuan hartu erabakiak hartzeko adierazi dute Urtxintxatik, eta egiteko aukerak badaudela uste dute. Maite Asensio Iparragirrek, Urtxintxako koordinatzaileak egoera azaldu du.

Udal askok hartu duten erabakiarekin etsita agertu da Maite Asensio (Tolosa, 1980) Urtxintxako koordinatzailea. Haurren aisialdiak duen garrantziaz jabetzea nahiko luke gizartea, eta «udalek egitekotan oraintxe hartu beharko lukete erabakia», dio, udalekuak antolatzeak bere lana eskatzen baitu. Aurtengoak gainera ez dira ohikoen modukoak izango.

Zein da zuen egoera eta zertan ari zarete Urtxintxan?

Urteko lanaren %40a udan izaten dugu. Koronabirusaren ondorioz etxean gaudenez urteko gauzak geldirik, eta udara antolatzeko ahaleginak egiten gabiltza, baina badirudi aukera gutxi izango dugula udan zerbait egiteko.

Legedi aldetik dituzue oztopoak?

Legedi aldetik baino gehiago, beldur kontua dela uste dut. Inork ez dakigu oraindik udan zein egoeratan egongo garen. Jakin dugu Eusko Jaurlaritzak Eudelekin egin duela bilera bat, eta bertan esan denagatik udaleku irekiak bertan behera uzteko aholkatu zaie udalei. Aldi berean badakigu, Eusko Jaurlaritza eta aldundiak beste aisialdiko eskaintza bat egiteko prestaketa lanetan ari direla, edo hori esaten dute; baina oraindik ez dakigu zer izango den beste eskaintza hori. Egoera hori ikusita, eskualdean gertatu den moduan Euskal Herri mailan ere gertatzen ari dena da udaletxeak bertan behera uzten ari direla udan izaten dituzten udaleku ireki horiek.

Gomendio horiei jarraituz eskualdeko udal askok atzera egin du. Zer esango zeniekete Urtxintxatik?

Etsipen handiz bizitzen ari gara hau guztia sektorean. Aisialdia edo hezkuntza ez formala da guk egiten duguna, eta ez da kontuan hartu sektorea erabakiak hartzeko. Baina, iruditzen zaigu guk egiten dugun lana aurten inoiz baino garrantzitsuagoa izango dela. Azken finean, ez formala izatearekin badugu serioa ez izatearen fama edo, baina errealitatean bestelakoa da. Lanean aritzen garen asko profesionalak gara eta badakigu zer egiten dugun. Orduan, guk uste dugu aukerak badaudela. Badakigu Katalunian egitea erabaki dutela. Generalitatea egitearen alde atera da, eta garrantzitsua iruditzen zaie haurrek eta nerabeek, beste haur eta nerabe batzuekin egoteko aukera izatea.

Haurrei eragin die birusak?

Guztioi eragin digu koronabirusaren kontuak; haurrei ere bai. Haurrak dira orain arte lagunekin elkartu ezin izan direnak, etxean ia 23 orduz daudenak. Osasun krisi honetan kaltetu handienak haurrak direla esango nuke; bai neurri aldetik, eta baita entzun diren mezuengatik ere. Gehien kutsatzen dutenak direla entzun dugu behin eta berriz, eta ez da hori. Sintomarik ez dutenak dira, eta kontuz ibili behar da, baina ez dute besteek baino gehiago kutsatzen. Neurri batean epaituak izan dira. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu uda honetan, beraiei, hau dena ondo kontatzea. Modu hezitzaile batean lana egin behar da beraiekin, eta gaia ere beraiekin landu behar da eta ez gara hori egiten ari. Udan beraiekin lantzeko aukera izango bagenu, eta beraiek hilabete hauetan barruan gorde dutena ateratzeko aukera izango bagenu, on asko egingo lieke haurrei eta nerabeei. Ikusten denez, ordea, geroz eta aukera gutxiago edukiko dugu horretarako.

Inoiz baino behar handiagoa dutela diozu. Zergatik?

Etxean denbora asko daramate. Bai hezkuntza formalean eta baita ez formalean ere, balioak eta beste gauza asko lantzen dira. Formalean, akademikoaz gain balioak ere lantzen dira eta martxoaren 13tik akademikoari erantzun zaio, baina besteari ez. Haurrak etxean daude, lagunekin ezin dute jolastu, rol edo paper berdina jokatzen ari dira. Familian duten rol hori bakarrik dute. Ez dute beste rol batzuk lantzeko aukerarik. Oso mugatuta gelditu dira. Psikologikoki ere uste dugu honek asko eragingo diela.

Aisialdian lan egiten den moduagatik, haurrek hezitzaileekin harreman handia lortzen dute. Hezkuntza ez formalean, hezitzaile batek hilabete batean haur batekin lortzen duena, askotan beste eremu batean ezin da lortu. Oso gertuko ereduak izaten dira hezitzaileak, eta beraientzat erreferente handiak izaten dira. Konfiantza handia sortzen da, eta harreman berezia da. Iruditzen zaigu abagune polita izan litekeela haurrekin gai hau lantzeko. Aukera hori galduko dugu, eta pena ematen digu.

Haurrek elkarren artean egoteko beharra izaten dute?

Bai, haur batek haur bat behar du ondoan. Hori naturala da haurrarentzat. Momentuz hori ezin dute eduki. Guretzat haurrak jolasa du tresna natural bat, eta jolasa beraientzat beste haurrekin da. Bizitzan beharrezkoa duten gauza naturala da.

Denbora-pasa baino zerbait gehiago da zuena, ezta?

Gure lana ezinbestekoa izaten da haurren garapenerako; guk proposatzen ditugun ekimenak ezinbestekoak dira. Ez da haur baten garapenerako beharrezkoa aisialdi antolatuan parte hartzea, baina aisialdi antolatuan antolatzen diren ekimenak oso bereziak dira, eta oso onak dira garapenerako. Horrez gain, lantzen ditugun balioengatik eta baita ditugun helburuengatik ere. Bakoitzak bereak, baina guk helburu nagusien artean hizkuntza daukagu. Dauzkagu haur pila bat, etxean, hilabete hauetan hizkuntza transmisioa edukitzeko aukerarik ez dutenak. Hizkuntzarengandik urrundu direnak. Aisialdiak hizkuntza modu natural batean erakusten die; eskolatik kanpo eta ondo pasatzearekin lotzen dute. Lan asko egin daiteke aisialdian. Nik benetan sinisten dut aisialdi hezitzailean, eta garapenean duen eraginean. Unibertsitateko ikasketetan ere orain inoiz baino garrantzia handiago ematen zaio jolasari, baina kontraesanean erortzen gara, eta jendarteak ez du balio garrantzitsutzat hartzen.

Jolasaren bidez doaz baloreak.

Jolasaren bidez ikasten dugu askotan jendartean kokatzen. Jolas batek arauak ditu, eta horrek arauak errespetatzen erakusten digu. Jolasak erakutsi dezake elkarlana egiten, lagunak laguntzen... eta bizitzen ditugun momentu horiek hain konfiantzazkoak izaten dira, balore pila bat landu ditzakegula. Aukera izugarria ematen du.

Aisialdi taldeen adierazpen bateratua irakurtzeko, egin klik hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!