Uganera doan bide zatia asfaltatu du udalak

Ataria 2020ko mai. 27a, 19:57

Ikaztegietako Udalak Tolosako Ugane auzora doan Ikaztegietako bide zatia asfaltatu eta pintatzeaz gain, abiadura moteltzeko koskak jarri ditu.

Ikaztegietako Udalak azken urteetan herriko bide zati bat egokitu du asfaltoa berrituz, eta pasa den astean amaitu zituzten Ugane auzora doan bideko Ikaztegietako zatiko lanak.

Gipuzkoako 2131 errepidearen eta Tolosako Ugane auzora doan bidearen Ikaztegietako zatia berritu du. 835 metro inguru luzeran eta 3.900 metro karratu inguruko azalera egokitu dutela adierazi dute udaletik. Zoladura gastatua zuen, eta arriskutsu zegoen herri bide zatia dela egokitu dutena azaldu dute.

Iazko, hau da, 2019ko aurrekontuko diru laguntzako lanak dira egin direnak. Atzeratutako lanak izan dira, eta koronabirusak gehiago luzatu ditu. Martxoko lehen egunetan asfaltatu bazuten ere, koronobirusa tarteko, pintaketa lanak pasa den astean amaitu zituzten.

Proiektu osoaren kostua 57.600 euro ingurukoa izan da. Asfaltatze lan hauek diru laguntzak tarteko egiten dituzte, eta kasu honetan, Ikaztegietako Udalak 35.000 euroko diru laguntza jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapenerako, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako departamentutik. Proiektu osoaren %60 da diru laguntzarekin ordainduko duena.

Asfaltatzeaz gain, pintaketa lanak egin ditu udalak, eta seinaleak eta abiadura moteltzeko bi koska ere jarri ditu errepidean.

Bukatzeko esan, Ikaztegietako zatiaren eta Tolosakoaren artean zati bat geratzen zela bukatu gabe, eta Tolosako Udalak bere gain hartu duela zati hori asfaltatzeko lana.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!