4.400 erosketa-bonu baino gehiago saldu dituzte dagoeneko

Ataria 2020ko maiatzaren 27a

Ostiralean amaitzen da erosteko aukera, eta azken txanpan ere herriko saltokiak laguntzeko deia luzatzen du udalak.

COVID-19aren pandemiak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiteko, Suspertu Tolosa kanpaina jarri zuen abian udalak. Herritarrek, erosketa-bonuak erosiz, herriko merkataritza eta zerbitzuen sektoreari laguntzeko aukera dute. Hasieran, 147 saltokitarako 7.000 bonu baino gehiago jarri ziren salgai.

Lehen olatua «bereziki azpimarragarria» izan zela diote. Lehen bi egunetan 1.900 bonutik gora saldu ziren. Ondorengo astebetean, berriz, bikoiztu egin zen zifra. Dagoeneko, gainera, zenbait saltokitarako ez dago bonurik. Zentzu horretan, herritarren erantzuna eskertu nahi izan du udalak, «beste behin ere konpromisoa erakusteagatik».

Udalak emandako azken datuen arabera, 4.416 bonu saldu dira, 1.700 herritarrek baino gehiagok erosi dute horietakoren bat, eta erosketa bakoitzari udalak egindako diru-ekarpena gehituta, 150.000 euroko bat-bateko inpaktu ekonomikoa sortu du. «Erantzuna paregabea izaten ari da, eta aurreikuspenak gainditzen ari dira», diote udaletik.

Ostirala izango da bonuak eskuratzeko azken eguna. Bonuak agortzear dauden honetan, herritarrei aukera aprobetxatzeko deia egiten diete.

TUTORIALAK, SALTOKIENTZAT

Bestalde, Gipuzkoako Merkatarien Federazioak, Singular Dendak proiektuaren baitan, online plataformen ezagutzan sakontzeko oinarrizko prestakuntza digitala eskaini nahi die, besteak beste, Tolosako merkatariei. Horregatik, sare sozialen oinarrizko ezagutzei buruzko sei bideo tutorial prestatu ditu. Produktuak eta zerbitzuak merkaturatzeko zein salmentak errazteko sare sozialek duten ahalmena eta eskaintzen dituzten aukerei buruzko bideoak dira, eta pandemiak sektorera ekarri dituen ondorioak arintzen laguntzea da horien helburua.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!