«Normaltasun berrira» begira, pandemiak etendakoa ahazteko

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko mai. 27a, 19:58

Bi hilabetez geldirik egon diren zenbait zerbitzu martxan jarri ditu Tolosako Udalak. Oraindik ere alkateari mezuak idazteko aukera dute herritarrek.

Pixkana udal jardunean normaltasuna berreskuratzen joan nahi du Tolosako Udalak, betiere hartu beharreko segurtasun eta osasun neurri guztiekin. Horretarako, langileen itzulerarako Prebentzio Plana eratu du. Astelehenaz geroztik zabalik dago Herritarren Arreta Bulegoa. Herritarrak modu seguruan eta egoerak eskatutako prebentzio neurri guztiekin artatzeko, manparak ezarri dira bertan; bestetik, sartu aurretik eskuak garbitu behar dira, eta maskara nahiz erabili beharreko axota etxetik eraman behar dira.

Herritarren Arreta Zerbitzuan aurretiazko hitzorduarekin artatuko dira herritarrak; astelehenetik aurrera eskatu ahal izango da. Horretarako, 943 65 44 66 telefono zenbakira deitu edota udate@tolosa.eus helbidera idatzi beharko dute herritarrek.

Udaltzaingoko ateak ere astelehenean ireki ziren, herritarrei aurrez aurreko arreta eskaintzeko. Datozen egun eta asteetan, gainerako udal zerbitzuek ere arreta presentziala berreskuratuko dute, aurretiazko hitzorduarekin. Hala ere, udaleko sail guztiekin modu telematikoan harremanetan jartzeko aukera dute oraindik herritarrek.

WHATSAPP-A MANTENTZEN DA

Larrialdi egoeran, alkatearekin zuzenean harremanetan jartzeko WhatsApp zerbitzua (688 768 458 telefono zenbakian) abiarazi zuen udalak. «Herritarren artean izandako harrera ona ikusita, kanala mantentzea eta indartzea erabaki dugu, orain arteko zalantzak argitzeko eraginkorra eta baliagarria izan delako», diote.

Aurrerantzean, baina, Gobernantza Sailaren esku utziko du zerbitzua, «gobernantza eredu irekiago eta gardenago baten alde». Astegunetan, saileko ordutegian bidali ahal dira mezuak. Horiei «ahalik eta azkarren» erantzungo zaiela adierazi du Olatz Peon alkateak.

Komunikazioak «pisu handia» hartu duela dio Peonek. «Bide berriak jorratzearen aldeko apustua egin dugu». Komunitate izaera sendotu asmoz, Tolosatzen Eskola Irekiaren proiektua jarri du martxan udalak, eta laster Guztion artean, Tolosatzen partaidetza prozesua abiaraziko da, «egoera berri honetan, herritarren eta udalaren arteko elkar-ekintza eta politika publiko-komunitarioak sustatzeko».

TAO ZERBITZUA, BUELTAN

Konfinamendua arintzeko prozesuan urratsak eman eta saltokiak eta tabernetako terrazak ireki diren neurrian, TAO zerbitzua ere martxan jarri zen berriz, astelehenean. Herritarrei zuzendutako TAO-aren bulegoa ere zabalik dago, segurtasun eta prebentzio neurri guztiekin.

TAO makinak maiz garbituko dira; hala ere, ordainketak egiteko Arinpark aplikazioa erabiltzea gomendatzen du udalak. Orain arte Mugipark aplikazioa erabiltzen zen, baina aldatu egin du TAO zerbitzua eskaintzen duen enpresak, herritarrei erraztasun gehiago emate aldera.

HIRIBUSA OHIKO ORDUTEGIAN

Hiribusak, berriz, bere ohiko ordutegia berreskuratuko du. Lehen bezala, Musika Eskolako geltokian hasiko du ibilbidea eta, astelehenetik ostiralera, 07:20an aterako da lehen autobusa. Azkena, berriz, 21:00ak aldera. Larunbatetan, 8:30etatik aurrera eskainiko da autobus zerbitzua; www.tolosa.eus webgunean kontsultatu daiteke ordutegia.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!