Zumardia berriro martxan

Ataria 2020ko mai. 27a, 07:00

Zumardia elkartea udari begira jarri da, eta piragua eta mendi bizikleta ikastaroak jarri ditu martxan; mendi zeharkaldi sorta eta mendia eta ingelesa batzen dituen ekimena ere prestatzen ari da.

Natura, hezkuntza eta kirola gaztetxoei zuzendutako jardueren bitartez uztartzea du helburu Zumardia elkarteak, eta osasun krisiak jarduera etenda izan badu, berriro ere ekitera doazela iragarri dute.

Hala, «uda honetarako gazte eta helduentzat erakargarria izango den eskaintza» prestatzen ari direla azaldu dute Zumardia elkartetik. Hori bai, «beharrezkoak diren osasun neurriak hartuta eta talde txikiagoak osatuz» egingo dute.

Ekainaren 15ean hasiko dira udako piragua ikastaroarekin. Astebeteko ikastaro trinkoak izango dira, astelehenetik ostiralera, egunero ordu eta erdi eginez. Natura eta inguruarekiko jarrera positibo eta arduratsua bereganatzea, taldekideen arteko harremana sustatzea, elkarrekiko errespetua, talde lana eta solidaritate baloreak transmititzea, piraguarekiko oinarrizko ezagutza eta gaitasunak garatzea, oinarrizko palada motak ezagutzea eta segurtasuna eta komunikazioaren oinarriak ezagutzea dira ikastaro honen helburuak. Gaztetxoek 42 euro (38 euro bazkideentzat) eta helduek 45 euro (40 euro bazkideentzat) ordaindu beharko dute.

Udako Mendi Bizikleta ikastaroa, berriz, ekainaren 22an hasiko da. Astebeteko ikastaro trinkoak izango dira, astelehenetik ostiralera, eta egunero ordu eta erdi. Gazteenen artean zabaldu nahi dute mendi bizikleta, eta horrekin batera, aktibitate fisikoaz eta ingurumenaz gozatzea eta Tolosako BTT bideak ezagutzea ere nahi dute antolatzaileek. Izena eman eta informazio gehiago jasotzeko zumardia.eus webgunera jo daiteke.

Bi ikastaro horiekin batera, mendi zeharkaldi sorta bat ere zabalduko dute datorren astean, eta mendia ingelesarekin lotutako jarduera ere eskainiko dute. Animatzeko eta naturaz gozatzeko deia egin dute Zumardiatik.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!