Ur Kontsortzioak ez ohiko neurriak onartu ditu

Ataria 2020ko maiatzaren 26a

Helburua da herritarren zailtasun ekonomikoak arintzea, bereziki egoera ahulean dauden familienak, autonomoenak eta enpresenak.

Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren Batzorde Exekutiboak, COVID-19aren osasun larrialdiak eragin dituen ondorio ekonomikoei aurre egiteko ezohiko neurriak hartzea erabaki du aho batez.

Iñigo Elosegi Gipuzkoako Ur Kontsortzioko Zuzendari Gerenteak esan duenez, neurrien helburua da «egoera ahulenean dauden kolektiboak eta osasun-krisiak gehien erasandako negozioak babestea, bereziki zailtasun ekonomikoak dituzten familiak, langile autonomoak eta enpresak».

Herritar guztiei zuzendutako neurriak dira onartu dituztenak eta ordaintzeko moduak erraztu eta ur-hornidura bermatzea lortu nahi dute. Horiek horrela, ur-mozketarik ez dela egingo ziurtatu nahi dute.

Hori lortu ahal izateko, fakturen ordainketa egiteko borondatezko epea abenduaren 31 arte luzatu dute. Eta errekargurik eta interesik gabeko zatikako ordainketa egiteko erraztasunak emango dituzte.

Era berean, alarma egoerak irauten duen bitartean, ez dute ur mozketarik egingo ordainketa ezagatik.

Itxita egon diren komertzio eta ostalaritza negozioei begirako neurria ere hitzartu dute. Alarma egoeraren ondorioz itxita egon diren komertzio eta ostalaritza negozioentzat, bigarren hiruhilekoari dagokion fakturaren tarte finkoa %100 hobetsita egongo da, eta beraz, ez dute ordaindu beharko.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!