Denboraldi berrira begira

Imanol Garcia Landa 2020ko mai. 25a, 20:00

Datorren denboraldia prestatzeko lanetan hasi da Bigarren B mailako Laskorain taldea; klub bereko Gipuzkoako Ligako taldeak hirugarren amaitu du bere lehen denboraldian.

Laskorain areto futboleko bi talde nagusiek bukatutzat eman dute denboraldia. Bigarren B mailan lehiatzen den gizonezkoen taldeak maila mantentzea zuen helburu, eta gustura daude bete ahal izan dutelako. Emakumezkoen taldeak bere lehen denboraldia izan du, eta hirugarren egin dute sailkapenean.

Gizonezkoen taldeko kapitaina den Beñat Balerdi gustura azaldu da denboraldian lortutakoarekin: «Ligako lehen itzulia hartu dute kontuan, modu horretara talde guztiek behin behintzat elkarren aurka jokatuta zeudelako. Une horretan bederatzigarren postuan geunden eta, beraz, mailan mantentzea lortu dugu». Balerdik garbi du Laskorainek indartsu hasi behar duela liga, lehenbailehen puntuak eskuratzeko: «Ez gara goian ibiltzeko taldeetako bat, eta, beraz, denboraldia pixka bat indartsu hastea komeni zaigu, eta kasu honetan ondo atera zaigu». Espero baino puntu gehiago lortu zituzten ligaren hasieran, eta horri eskerrak sailkapeneko postu on batean bukatu zuten lehen itzulia.

Bigarren urtea izan da Laskorainentzat Bigarren B mailan. «Eskarmentu pixka bat bagenuen, eta denboraldi honetarako zerri aurre egin behar genion bagenekien», esan du Balerdik. Denboraldia indartsu hastearen taktika horrekin puntuak pilatu zituzten, baina gero, bigarren itzuliaren hasieran ez zituzten oso emaitza onak lortu. «Partida zailenak orduan genituen, sailkapeneko goiko taldeen aurka. Baina orokorrean, ikusita jokatu ditugun partidak eta egin dugun denboraldia, gure taldearen ezaugarriekin eta jende gaztearekin, nahiko borobila izan dela esango nuke».

Etenaldiaren hasieran, ligarekin oraindik zer gertatuko zen jakin gabe, entrenatzaileak eta prestatzaile fisikoak bidalitako ariketak egiten aritu ziren, sasoia mantentzeko helburuz. Behin erabakia hartu denetik, jokalari bakoitza bere aldetik ari da ariketa fisikoa egiten. Talde giroa ere mantendu ahal izan dute: «Talde bat osatzeko garaian garrantzitsua da bat eginda egotea, eta bideo dei batzuk egin ditugu, behintzat elkar ikusi eta elkarrekin ariketa batzuk egiteko, elkar pixka bat zirikatu eta barre pixka bat egiteko. Jolas batzuk ere egin ditugu konfinamendua errazago eraman ahal izateko».

Aurrera begira ere jarri dira, hurrengo denboraldian pentsatzen hasi baitira. Izan ere, baja batzuk izango dituzte, bi atezain eta bi jokalari, eta horien ordezkoak topatu beharrean daude. Balerdik dioenez, «ez da erraza maila honetan jolastu nahi duen jendea bilatzea. Nahiko konpromiso eskatzen du, bidaia luzeak askotan, eta ez da erraza jendea bilatzea eremu honetan». Bestalde, klub xumea dela gaineratu du: «Ezin dugu asko eskaini, baina saiatuko gara beste urtebetez talde lehiakor bat osatzen».

Egun planifikazioa egitea oso zaila dela gaineratu du Balerdik, ez baitakite entrenatzen noiz hasi ahal izango duten, ezta liga bera ere noiz eta nola hasiko den. Abuztuan denboraldi-aurrea hasi ohi dute, eta irailaren erdi aldean denboraldia hasten da. «Egoera berri honekin dirudienez planteatzen ari dira multzoak beste modu batera egitea, eta agian 20 taldeetako multzoak osatuko dituzte. Orduan, ez dakigu lehenago hasi beharko dugun, edo data berdinetan hasita balioko duen. Baina, dena airean dagoenez, zain egon beharko dugu», zehaztu du Balerdik. Bitartean, jokalari bakoitza sasoia mantentzen saiatuko da.

ONENEAN, ETENALDIA

Egoerak hala eskatuta, liga bukatu dela azaldu du Ane Artutxa Laskorain taldeko jokalariak. Gipuzkoako Ligan lehiatzen dira eta hirugarren postua lortu dute sailkapenean. «Orokorrean balantze ona egiten dugu», esan du Artutxak. «Kontuan izan behar da lehenengo urtea dela Laskorain bezala. Talde bezala gehienak Lauburun aritzen ginen, eta aurten bi jokalari berri etorri dira. Entrenatzailea ere berria izan da taldearentzat, nahiz eta jokalari batzuekin harremana izan aurretik. Ezagutze prozesu hori kosta egin zitzaigun hasieran».

Urte hasiera honetan «martxa on bat» hartuta zutela eta etenaldia beraien unerik onenean iritsi zela dio Artutxak. «Emaitza hobeagoak lortzen ari ginen, jokoaren aldetik askoz hobeto ari ginen, eta denboraldia ondo bukatzeko gogoa geneukan». Giro aldetik «oso talde ona» dutela azaldu du, eta denboraldi honetan hasi diren bi taldekide berrientzako ez dela batera zaila izan egokitzea. «Agian joko aldetik izan da zailagoa, jokatzeko modura egokitzea. Orokorrean oso gustura aritu gara».

Konfinamenduan zehar ez dute talde bezala ezer berezirik egin entrenamenduei dagokionez. «Whatsapp bitartez komunikatzen jarraitu dugu, baina ikusten genuen denbora aurrera joan ahala bueltatzeko aukerarik ez zela egongo», esan du Artutxak.

Datorren denboraldiari begira oraindik ez dute hitz egin taldean. «Nik neuk ez dakit jarraituko dudan jokatzen, baina oraingoan izan duguna ez da nahi duzun bukaera mota», azaldu du Artutxak. «Ez dakigu datorren denboraldian jende nahikoa izango den taldea ateratzeko, eta horrela bukatzeak pena ematen dit».

Bestalde, liga berak ere jarraipena izateko aukera izango duen ikusi egin beharko dela gaineratu du: «Urtero uste dut ibiltzen garela ezjakintasun horrekin, liga osatzeko nahiko talde izango ote diren. Hori ere denborarekin ikusten joango garen zerbait izango da». Denboraldi honetan Gipuzkoako Ligan eskualdeko lau talde izan dira: Laskorain, Tolosala, Anoeta eta TEEP Orixe-Samaniego. «Ez dakit zer asmo izango duten talde horietan ere datorren denboraldirako», zehaztu du Artutxak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!