Koronabirusa

Pixkanaka normaltasuna berreskuratzen

Josu Artutxa 2020ko mai. 23a, 11:58

Astelehenetik aurrera joan ahal izango da UDATEra, hitzordua aurrez hartuta; Udaltzaingoko ateak ere irekiko dira, herritarren aurrez aurreko arreta berreskuratzeko. Hiribusak ere ohiko ordutegia berreskuratuko du etzi.

Langileen itzulerarako Prebentzio Plana eratu du Tolosako Udalak, udal jardunean normaltasuna berreskuratzen joateko, betiere segurtasun eta osasun neurri guztiak hartuta. Gauzak horrela, astelehenetik aurrera ateak irekiko ditu Herritarren Arreta Bulegoak (UDATE), herritarrak modu seguruan eta egoerak eskatutako prebentzio neurri guztiekin artatzeko. Manparak ezarri dira bertan eta udaletxeko sarrera guztietan gel hidroalkoholikoak ezarriko dira, sartu aurretik herritarrek eskuak garbitu ditzaten. Gainera, etxetik eraman beharko dira maskara eta erabili beharreko axota.

Herritarren Arreta Zerbitzuan aurretiazko hitzorduarekin artatuko dira herritarrak, eta astelehenetik aurrera eskatu ahal izango da hitzordua. Horretarako, udate@tolosa.eus helbidera idatzi edota 943 65 44 66 telefono zenbakira deitu beharko dute tolosarrek.

Udaltzaingoko ateak ere astelehenean irekiko dira herritarrei aurrez aurreko arreta eskaintzeko. Datozen egunetan, gainerako udal zerbitzuek ere arreta presentziala berreskuratuko dute, aurretiazko hitzorduarekin. Edozein kasutan, udaleko sail guztiekin modu telematikoan harremanetan jartzeko aukera izaten jarraituko dute herritarrek, orain arte bezala.

WhatsApp zerbitzua mantenduz

Larrialdi egoeran, alkatearekin zuzenean harremanetan jartzeko WhatsApp zerbitzua (688 768 458 telefono zenbakian) abiarazi zuen udalak. Herritarren artean izandako harrera ona ikusita, kanala mantentzea eta indartzea erabaki du udal gobernuak, "zalantzak argitzeko eraginkorra bezain baliagarria izan delako".

Aurrerantzean, baina, Gobernantza Sailaren esku utziko du zerbitzua, "gobernantza eredu irekiago eta gardenago baten aldeko apustua eginez". Astelehenetik ostiralera, saileko ordutegian bidali ahal dira mezuak. Mezuei "ahalik eta azkarren" erantzungo zaiela adierazi du Olatz Peon alkateak; "orain arte bezala".

Komunikazioak "pisu handia" hartu duela dio Peonek. "Bide berriak jorratzearen aldeko aldeko apustua egin dugu". Komunitate izaera sendotu asmoz, Tolosatzen Eskola Irekiaren proiektua jarri du martxan udalak, eta laster  ‘Guztion artean, Tolosatzen’ partaidetza prozesua abiaraziko da, "egoera berri honetan, herritarren eta udalaren arteko elkar-ekintza eta politika publiko-komunitarioak sustatzeko".

Hiribusa, ohiko ordutegian

Astelehenean TAO zerbitzua berriz ere martxan jartzearekin batera, Hiribusak ere bere ohiko ordutegia berreskuratuko du. Beraz, ordu erdiro eskainiko da autobus zerbitzua, astelehenetik ostiralera 7:20eatik 21:00ak arte, eta larunbatetan 8:30eatik 21:00ak arte. 
Nahi duenak, hemen kontsulta dezake ordutegia: Hiribusaren ordutegia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!